NIRE LAGUN ILUNA

Gaur arratsaldean, erosketak egin ondotik, ibilaldi labur bat egin dut Angeluko hondartzaren bazterreko bidean, Miarritzeko Polo ostatuan mintzalagunekin elkartu aurretik.

Giroa epela zen, 17 edo 18 gradu egiten zuelarik. Itsasoa aski baketsua zen eta haize arinak iparretik ufatzen zuen. Hala ere nire buruaren gainean zen zeru urdin polita baino mehatxuzkoagoak ziren hegoaldean, Hendaia, Hondarribia eta Jaizkibelen gainean hodei gris ilunak, kasik beltzak, lekuka argi tatxek markatuak. Danteren infernukoak deituko lituzke poetak.

Iparraldera, lasaitasun inpresioa ematen zidan paisaiak. Eguzkitan, olatu txikiak baizik ez ziren itsasbazterrean ikusten. Ohiko zamaontzi ainguratua ikusten zen urrunean. Begiak eskuin aldera itzuliz, kolore horizko ur sanoen buia agertzen zen eta segidan gorri-gorri eta mugitu gabe zegoen Aturriko ipar dikearen itsasargia. Eta gero hego dikearen itsasargia, eta hondartzak. Ibilbidean, adin denetariko ibiltari bakar batzuk eta noizbehinkako lasterkariak zeuden, oporrez kanpo astelehenean ohi den bezala. Hondartzan, familia batzuk, zakurrekin.

Mintzalagunetako batzuk ehorzketa batean zirela banekien eta urrats onean ibiltzen nintzelarik, Baionako irakur-klubaren biharamuneko gaia hausnartzen ari nintzen. Hilabete honetako gaia, Jon Cazenaven “Itsu-mandoka” liburutik hartutako sei testu labur zen. Izan ere, liburu osoa irakurria nuen eta pixka bat harrituta nengoen obraren iluntasunagatik.

Idazlea ez dut inoiz topatu. Armiarma webguneko argazkian, aurpegi atsegina badu, aski borobila. Betaurrekoek aire edo itxura intelektual pixka bat ematen diote, baina haren ile desantolatuak intelektual modernoaren aldea adieraziko luke.

Armiarmaren arabera nik baino sei urte gutxiago ditu. Ni baino gazteagoa delako, ezohiko gertakariak gertatu zitzaizkiola pentsatzen ari nintzen, hark horrelako harreman bat herioarekin entretenitzeko. Egia da heriotza noiz nahi gerta dakigukeela eta, sortuz aitzin edo gero, bizitzaren ondorio segur bakarra dela. Halere, zerbait jendeei kontatuko badiet, alaia izan dadila nahiago dut, tristura sortzeko arrazoi aski jadanik dugulako.

Segidan herioaren laguntza desiratzeko arrazoiak zerrendatzen hasi naiz, burmuineko ariketa gisa.

Beraz, hil eta gero:

* zergetarako etekinen aitortzerik ez,

* bi urteroko auto kontrol teknikorik ez,

* urtero kebidearen garbiketarik ez,

* udaro, mildiuagatik, lan askoz landatutako tomateen galtzerik ez,

* neguero marrantarik ez,

* dentistarenganako bisitarik ez,

* liztor ziztadarik ez,

* eguneroko junturetako tiratzerik ez,

* eritasunik ez,

* minik ez!

Zerrendaren erdian, Polo ostatura garaiz etortzeko, gibelera itzuli naiz. Eguzkia emeki beheratzen ari zelako, arratsalde erdian, orduan kukutzen zen Danteren hodeien ertzearen atzean. Horregatik, ur sanoen buia, eguzki izpi zuzenak galduz, ez zen gehiago ikusten. Giroa apur bat hozten ari zuen.

Mendebaldeko gizarteetan, heriotza hautua gaur egungo eztabaida gai bat da, eta jende batzuek, minak jasanezinak zaizkielako horrelako erabakia hartu nahi dutela ulertzen dut. Abantailen zerrenda batekin, ea aspaldiko lagun ilunari amore emateko prest nagoen jakin nahi nuke. Eguna jitean, ikusiko dugu!

Bitartean, egiteko aski dut, baratzean, olatuetan, mendietan, kantatzean, dantzan, mintzalagunen artean edo familiarekin, horrelako hausnarketetan hori baino denbora gehiago ez pasatzeko.

2018/03/05 – “Maiatz” aldizkarian argitaratuta (67. zenbakian)