NORENA DA ZIENTZIA? ZIENTZIA ZERTARAKO? NORK AGINDU BEHAR DU ZIENTZIAGINTZAN?

Andoni Ibarra

Miguel Sánchez-Mazas Katedra

EHU

  1. Sarrera

Pintura baten antzera, musika partitura lez, futbol partida moduan, edota emaitzetan alderdi politiko batek lortzen dituen emaitzen azterketan…, zientzia era askotan begiratu eta ikuspuntu askotatik ikusita izan daiteke. Haren produktuei so eginez, zientzia teoria zientifiko multzo zabalaren esparrua dela uler daiteke, gure mundu fisiko edo soziala den bezala (edo pentsatzen dugun den bezala) kontzeptuez eta legeez “deskribatzen” digutena. Baina, margo baten aurrean lez, berau ulertzeko ez da nahikoa haren aurrean bakarrik arreta jartzeaz, ez eta hark erakusten digun hizkuntzaz edo estilo artistikoaz galdetzeaz. Margoaren ulerkuntzak ezin du horien azterketa analitikoan geratu eta margoaren bizitzarekiko esanahiaz galdetzen du. Horren antzera, esparru oso ezberdina dirudien arren, futbolaren praktikaren esangura ez da jokaldi batzuen edo partidaren kontakizunean agortzen. Nahitaezkoa dugu kirol arloan –zein kiroletik at- zein den klubaren politika ezagutu nahi badugu taldearen dinamikan eta bere kirol egoeran ematen ari diren hainbat alde –kirol emaitzetatik hasita- ulertu. Alderdi politiko baten hauteskunde emaitzak ere ez ditugu ulertzen soilik haren diskurtso politikoari edo gizartean identifika daitezkeen hainbat arazoen aurrean formulatzen dituen sektorezko proposamenengatik. Haren emaitzen esanahia ulertzeko emaitzok alderdiaren izaerarekin lotzen saiatuko gara, alderdiaren antolakuntza markoarekin, barne erabakimen moldeekin, gizartearen arazoei erantzunak eman eta kudeatzeko tresna izateko duen sinesgarritasunarekin, etab.

Alabaina, aipatu esparru horietan –eta beste hainbatetan- ez bezala, badirudi zientziaren esparruak ez duela bere errealitate konplexuagoan kokatu behar bere esanahia. Zientziaren zentzua identifikatzeko nahikoa dugula haren emaitza epistemiko gauzatuenekin lotzea, alegia: teoria berriak, emaitza berriak, aurkikuntza berriak,… Zientziaren komunikazioak, oro har, horietaz dihardu, horien zuzeneko edo zeharkako gizartearentzako garrantzia adieraziz, dela ingurumenaren onuretan, ekonomikoetan edo sozialetan. Eta onurok gure gizartearen egungo eta etorkizuneko ongizateari laguntzen diote etengabe, era aurrerakor eta metakorrean. Hori guztia ontzat ematen denez, ez dugu zientziaren esparruaren ulerkuntza sakon eta konplexuagorik behar, esparru hori zelan antolatuta dagoen galdetzea, adibidez: zer ikertu eta zer ez erabakitzeko mekanismoaz, zer finantzatu eta zer ez, nork finantzatzen duen ikerketa, zein printzipio eta irizpideen arabera, zelan zabaltzen diren emaitzak,… Ez da beharrezkoa, beraz, zientzia ezagutza ekoizpenerako arlo instituzionalizatutzat ulertzea, zeinetan esparruaren antolakuntza erek zuzenki determinatzen duten ekoitzitako ezagutza. Alabaina zientziaren antolakuntzaren ulerkuntza hori erabakigarria dugu berau zuzenki interpretatu, balioztatu eta ebaluatu nahi badugu.

Testu honetan egungo zientziaren antolakuntza ulertzeko zientziagintzaren hiru habe aztertuko ditugu: kontratu peko ikerkuntzaren dinamika, zientzialarien kontuak ematea, eta gizartearen arazoetara (sozialetara, ekonomikoetara, ingurumenekoetara,…) zuzenduta izatea. Lehen biek enpresa zientifikoaren antolakuntzaren NSF eredu amerikarra deituko duguna artikulatzen dute; hirugarrenari arreta handiago eman zaio Europan eta egun RRI deritzon ereduan azpimarratzen da.

  1. NSF eredua zientziaren antolakuntzan

Zientzia instituzionalizatuaren egungo antolakuntzaren moldeek iragan mendeko 40ko hamarkadan dute oinarria, Amerikako Estatu Batuetan. Izan ere, 1950ean National Science Foundation (NSF) erakundea sortzen da, gerra osteko eta Gerra Hotzaren garai gogorrenetan ikerkuntza zientifikoa finantzatzeko xedez.

NSF Fundazioak zientzia antolatzeko agertoki erabat desberdina ekarri zuen. Aurreko aldian, 30ko hamarkadan, adibidez, zientziagintzaren antolakuntza Tennessee Valley Authority edo Public Work Administration –biak ala biak 30eko hamarkadan sortuak- bezalako agentzien inguruan gauzatzen zen. Agentzia horiek behar eta xede jakin batzuei lotuta zeuden. Public Work Administration agentziak milaka zientzialari eta teknikari lanean zituen 1929ko “Depresio Handiko” krisialdiari aurre eginez, orekatze ekonomikoa lortzeko xede, lanpostu kualifikatuak sortuz. NSF Agentziaren sorreraren ondorengo hamarkadetan ere bai, eta harik eta zientziagintzaren antolakuntzarako NSF moldea gailendu zen arte (70eko hamarkadan), agentzia itzelak (teknikari eta zientzialarien kopuruari dagokionez zein haien jardunerako emandako aurrekontuei erreparatuz) sortzen dira sektore desberdinetako erronkei aurre egitearren: adibidez, 1970ean Environmental Protection Agency sortzen da AEBetan ingurugiroaren politika erregulatzaileek ingurumen-arazoei aurre egiteko inplementatutako ekintza eta egitasmoetan zientifikoki eta teknikoki laguntzeko.

NSF agentziaren antolakuntza moldeak ikerkuntza zientifikorako arkitektura desberdina ezarri zuen. Jakina, haren bultzadaz, lanpostuak sortuko dira, ekonomia garapenari lagunduko zaio, ingurumen-kudeaketaren alde garrantzizkoak ezagutu eta hobetuko dira, etab. Baina horiek ez dira NSF agentziak lehenetsitako helburuak. Helburuok, NSFko 1950eko lege fundatzailean irakurtzen dugun lez, dira “zientziaren aurrerapena bultzatzea; nazioaren osasun, oparotasun eta ongizatean laguntzea; defentsa nazionala ziurtatzea”.

Baina urte horretan sortu baino lehen, agentzia sortzeko lehen ekimena bost urte lehenago izan zen, 1945ean. Interesgarria dugu bost urte horien azterketa egitea, zeren 1950ean sortuko den Fundazioaren esanahia ez baita haren lehen bultzatzaileek gogoan izan zutena. Horiek, 1945ean, Bigarren Mundu Gerran zientzia esparruaren mobilizatze itzelari esker, aliatuek lortu zuten garaipenaren irakaspenak eta ondorioak hausnartzen ari ziren oraindik. 1950ean, ostera, Gerra Hotzaren inperatiboen garaian, gogoeta bestelakoa zen, eta galderak hauexek: zelan eman kontuak zientifikoki, bai, baina politikoki ere bai, zelan justifikatu eremu magnetikoen arlo esoterikoko ikerkuntza zientifikoak lagun zezakeela AEBetako herria hegemonikoa izaten sobiet esparruari gailenduz. Bost urteko testuinguru aldakor hori argigarria da ulertzeko NSFren aldaketaren garrantziaz zientziaren antolakuntzan eta kudeaketan.

NSF fundatzen duen legeak, 1950ean, hiru dimentsioen arteko oreka hauskorraren errealitatea irudikatzen du: batetik, politikoki identifikatutako arazoen aurrean erantzuteko gai den zientzia bultzateko planak; bestetik, Roosevelt Presidenteak sustatutako demokrazia herrikoian oinarritutako New Deal-aren onarpena, korporazio handiekiko zuhurtasuna eta erakunde publikoen eliteen kontrola ekiditeko ahalegina irukikatzen duena; eta azkenik, zientziaz eta demokraziaz azken gerratik ondoriozta zitezkeen irakaspen probetxugarriak.

Bost urte lehenago, 1945ean, AEBetako Presidente Theodor Rooseveltek Vannevar Bush-i agindu zion gerra osteko aldirako zientzia antolatzeko txosten bat, non xedeak behar zuen adieraztea zelan “bake” garai berrian zientziak lagun ziezaiokeen herria gerra garaian lagundu zion gisan. Bush ez zen nolanahiko pertsonaia. Gerra aurreko AEBetako ingeniari aparta eta ezagunetakoa, haren espezialitateak konputazio analogikoan eta ikerkuntza teknologikoaren antolakuntzan zeutzan. Gerra aurreko eta gerra aldiko zientzia eta teknologia esparruetako Bulego eta Batzorde garrantzizkoen buru eta zuzendari izan zen. Postu horretatik II Mundu Gerraren aldian AEBetako 6000 zientzialari eta teknikari bikainenez osatutako itzeleko makinaria eraiki zuen egundo antolatu den ikerkuntza eta garapenaren mesederako –gerraren zerbitzurako. Japonian jaurtiko ziren bi bonba atomikoen eraikuntzarako sortutako Manhattan Proiektua izan bazen ere makinaria horren ekimenik ezagunena, V. Bushen antolakuntzak ehunka berrikuntza ahalbidetu eta aurreratu zituen gerra armetan. Zertan zen antolakuntza hori? Bushek kudeatutako bulegoek arma horien garapenerako kontratu zuzenak luzatzen zizkien enpresei eta unibertsitateetako laborategiei. Horiei esker, hainbat institutu teknologikok euren ondorengo garapenerako oinarriak ipini zituzten, orduan jasotako dirua baliatuz. Adib., MIT (Massachusetts Institute of Technology) institutuaren frekuentzia handiko radarra eraikitzeko ahaleginearen konpentsazioa ekonomikoa 1,5 mila milioi dolarrekoa izan zen.

Ikerketa proposamen ezein ebaluazio prozedurarik gabe, proiektuak zuzenki esleitzen ziren Bushek zuzendutako ikerketa agentzietatik, haietan dirutza itzelak inbertituz. Eta kontratuak azkar esleituz gainera: gerra ahaleginak horrela eskatzen baitzuen. Leloa hauxe zirudien: ikerketa talde bat aurkitu eta lanean jarri lehenbailehen helburu militar jakin baterako. Ikerkuntzaren prozesu osoa araketa politikotik at geratzen zen. Trumanek, adibidez, zeina Roosevelt Presidentearen ondorengoa izan zen horren heriotzean 1945eko apirilean, ez zekien Manhattan Proiektuaz, eta ez zuen berau ezagutu New Mexicoko bonbaren entseiua baino egun batzuk lehenago arte. Gerra garaian, Bushen lidergoaren pean, zientzialari eta teknikari batzorde txiki batek, ikerketaren elitea ordezkatuz (University of California Berkeley, University of Harvard eta MIT), gobernatu zuen ikerkuntza.

New Mexicoko bonbaren entseiuaren hurrengo egunetan, Bushek Truman presidenteari eman zion Rooseveltek agindutakoa. Txostena ezaguna dugu egun –Science: The Endless Frontier– eta bertan zehazten zuen Bushek bake aldirako zientziaren antolakuntzarako proposamena. Txostenean artikulatzen zen amaiera irekia (“endless frontier”) zuen zientziaren irudia, zientzialari eta ikertzaile zibilek antolatuta eta kudeatuta. Txostenean inplizituki arbuiatzen da zehazki ikuskatutako, kontrol politikoari lotutako eta kontuak emate demokratikoaren beharragatik baldintzatutako ikerketa zientifikoa. Txostenean Bushek arrazoitzen zuen zientzialariek euren etorkizuna (zientziaren etorkizunarekin identifikatzen zena) kontrola zezaketeela eta, gainera, behar zutela kontrolatu.

Baina Trumanek ez zuen elitismo zientifiko hori onartu eta 1947an AEBetako Kongresuan NSF agentzia eratzeko izan zitekeen lehen aurrekontuari betoa jarri zion, onartezina baitzeritzon zientzilari batzorde elitista baten eskuetan horrelako dirutza erabat uzteari. Eredu horren aurrean, Trumanek NSF zuzendaria hautatzeko presidentetzaren autoritatea aldarrikatu zuen, horrela agentzia beraren zuzendaritza pean jarriz. Bere alokuzioan, Trumanek zioen Bushek NSFrako proposatutako eredu zientifiko elitista “herriaren kontroletik dibortziatuta litzateke(ela), prozesu demokratikoetan sineste oso eskasa inplikatzen due(la) erakusteraino [‘implies a distinct lack of faith in democratic processes’]”. Trumanek ukatu egiten zuen zientzialariek zuzendutako enpresa zientifikoarentzako Bushen antolakuntza eredua.

Baina hala ere, bi dira gerra garaian Bushek zientziaren antolakuntzarako abian jarritako habeak NSFren diseinuan enpresa zientifikoaren irudi berrirako txertatuko direnak: (1) lehena da ikerketa antolatzea finantzatutako kontratu edo proiektuen inguruan artikulatuta, harreman berezia (eta berritzailea) sortuz agentzia finantziatzailearen eta kanpoko ikertzaileen artean. Bi ohar. Lehena, NSF agentziak, aurreko hamarkadetan agentzia publiko finantziatzaleek edo erakunde filantropikoek ez bezala, ez du laborategi propioekin lan egingo. Gerra garaian, Bushek finantziazioa kanpoko industriara eta unibertsitate laborategietara zuzendu zuen. Bigarrena, Agentzia finantziatzaileen (edo Bulegoen eta Batzordeen) eta ikertzaileen (enpresen I+G unitateen eta unibertsitateetako laborategi handien) arteko harremana gerra garaian ikertzaileen talde eta ekipamendu handiak erabiltzeko gaitasunak ematen zuen ikerketa garatzeko konfiantzan oinarritzen zen. Ez zen proiektu zehatzen beharrik. NSF berriaren diseinuan, ostera, agentziaren eta ikertzaileen arteko harremana ikerketa proiektu indibidualak oinarri hartuz ezartzen da. Proiektu horietan aldez aurretik finkatzen dira garatu beharreko proiektuaren helburuak eta lan eta eginkizunen plana, egungo ikerketa finantzatzeko erabiltzen den eredua hain zuzen.

(2) NSF eratzean Bushek hasitako bigarren habea instantzia politikoari eman beharreko kontuen onarpenean datza. 1945eko txostenean, Bushek ikerketaren autonomia aldarrikatzen zuen eta interferentzia edo esku-hartze sozial edo politikoa arbuiatu; ikerketaren jarduerari zegokion independentzia eta askatasun esentzialen alde agertzen zen, diru publikoez finantzatutako taldeek, hain zuzen, izan behar zutena helburuak, metodologia eta eginkizunak libroki finkatze aldera. Are gehiago, haren ustez, oinarrizko ikerketan finantzatutako proiektuek epealdi luzeak behar zuten, ikerketa aplikatuan ez bezala, zeinetan epeak murritzagoak izan zitezkeen. Baina eskarmentu handiko kudeatzaile errealista izanik, Bushek onartzen zuen AEBetako Kongresuari jasotako finantziazioaren inguruko alde administratibo eta fiskalen informazio antzerakoa eman behar zitzaiola. Ideia horretan oin hartuz, Trumanen proposamenak areagotuko du kontuak eman beharreko eskakizuna: banako ikertzailei zein NSF agentziarekin inplikatu eragile orori eskatuko zaie finantzatutako justifikazio txostenak, lehenik, NSFren aurrean eta, agentziaren bidez, AEBetako Kongresuan. Kontu emate ariketa horren bidez, gainera, behar eta premia politiko eta militarretan oinarritutako ikerketa justifikatzeko informazio mekanismoa ere gauzatzen zen.

  1. RRI eredua: zientzia gizartearekin

1950ean sortutako NSF deitu dugun eredua europar herrialdeetara zabaldu zen hurrengo urteetan, haren gisako agentziak eratuz eta ikerketa adierazi dugun ildotik antolatuz. 1970. urterako NSF eredua nagusi zen mendebaldeko herrialde aurreratuenetan. Baina europar herrialdeen politikek, batez ere Europa erdialde eta iparraldekoek, NSF eredua arazo ekonomiko, sozial eta ingurumenetakoei aurre egiteko orientabidean argiago bideratzen zuten. Hauxe dugu egungo ikerketaren antolakuntza eta gobernantza ulertzeko hirugarren habea: zientzia gizartean identifikatzen diren arazoen aurrean jartzea. Eta azken hiru edo lau hamarkadetan, habe hori, zientziaren eta gizartearen harremanarena, progresiboki estutuz eta indartuz joan da Europar Batasunaren enpresa zientifikoaren antolakuntza gobernatzen duten politiketan.

80ko eta 90eko hamarkadeetako politika neoliberalek (ekonomian, industrian,…), ondorio desregulatzaileak ekarri zituzten hainbat arlotan. Besteak beste zientzia, teknologia eta berrikuntzan non ondorio horiek bi ildotan lerroka daitezkeen:

(i) Batetik, politika desregulatzaile sistematikoak ondorio negatibo larriak ekarri zituen zientzia eta teknologia arloetan erregulazioak ahultzerakoan (gogora 90eko hamarkadaren “behi eroen” kasu paradigmatikoa). (ii) Bestetik, Europako ipar eta erdialdeko herrialdeetako hainbat sektorek aurre egin die Europar Batasunetik bultzatutako ikerketa lerroei, adibidez GMO garatzeko agrobioteknologiaren esparruko proiektuei. Transgenikoen garatze lerro horiekiko aurkakotasuna ez datza, askotan horrela justifikatzen bada ere, publiko horien garapen teknologiko horien ezagutzarik ezean edo defizitean, alderantziz baizik: publiko “alfabetatuak” izanik, haiek zientziaren “demokratizazioa” aldarrikatzen dute, publikoen parte hartzea zientziaren eta teknologiaren gobernantzan. (i) eta (ii) gertakarien ondorioz, Europar Batasuna ikerketa zientifikoaren enpresa gizarte eskaera eta erronketan arreta nabarmenago jarriz, zientziaren esparrua birrantolatzen ari da, eta lanketa horretan funtsezkoa da zientziaren eta gizartearen arteko harremana birpentsatzea.

Hala, azken hamarkadan Europar Batasunean indarrean dagoen jarduera zientifikoa antolatzen duen zientzia, teknologia eta berrikuntzaren politika (VIII Framework Programme, 2014-2020) RRI akronimoaren inguruan artikulatzen da. RRI ingelesezko “ikerketa eta berrikuntza arduratsuak” enkapsulatzen du (‘Responsible Research and Innovation’). RRI ikerketa zientifikoaren antolakuntzan txertatzeak (politikek ez dute soilik bikaintasuna bultzatu behar ikerketan, ikerketa bikain arduratsua baizik) eraldaketa dakar zientziaren gobernuaren inguruko hainbat arloetan: politika jakin bat arlo zientifikorako egituratzeaz gain, RRIk zientzia eta teknologiaren ebaluazio eta prospektiba tradizionalak kuestionatzen ditu, ikerketa zientifiko eta teknologikorako –eta honen garapenerako eta berrikuntzarako- molde berriak proposatzen ditu, eta, azkenik, gizartearen eta zientzia eta teknologiaren arteko harremanaren irudi berri bat eraikitzen du, gizartean zientzia zelan antolatzen denaren irudi berri bat alegia. Eta ildo horretan arestian deskribatu dugun NSF eredutik nabarmen aldentzen da RRIren zientziaren antolakuntzaren irudi berria.

RRIren funtsa zera honetan datza: ikerketaren antolakuntza ezin daiteke merkatuaren indarretan ez eta agentzia politikoaren eskuetan utzi, haren gida era parte-hartzailean identifikatzen den etorkizun desiragarria da, gizarte nahiek eta espektatibek zehazten dutena. Zientzia ez baita desberdintasun sozialean sakontze tresna, ez eta eragile sozialen behar, premia, itxaropen eta balioak gutxiesten dituen zera.

RRIk era berri bat proposatzen du zientziaren eta teknologiaren ikerketaren antolakuntza ulertzeko, non enpresa zientifikoaren antolatze prozesuan esplizituki eragile sozial guztien parte-hartze sistematiko eta goiztiarrera deitzen den. Eragile guztiak aipatzen denean, GUZTIAK zentzu zabalean ulertzen da, ez ohiko “helize hirukoitzaren” ereduan aurreikusten direnak, edo berriago den terminologian “stakeholderrak”, alegia eragile interesdunak gai jakin batean. Eta enpresa zientifikoa era parte-hartzailean ulertzean, ikerketaren alde etikoak, sozialak,… eta parte-hartze sozialari dagozkionak aintzat hartzen dira, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren erantzukizun sozialaz gain. RRIren bidez oinarritzen diren zientziaren politiken programek eta ekintzek gizartean (eta ingurumenean) identifikatutako arazo larriei erantzun behar diete, sozialki erabaki sendoagoak hartu asmoz gizartearen eragileen parte-hartzean gauzatzen diren prozesu deliberatibo inklusiboen bidez. Horrelako orientabide berritzaileak zientzia eta teknologiaren politikentzako erronka handiak plazaratzen ditu: RRI bideratutako orientabide orokor hori ekintza politiko praktikoetan itzuli, horretarako egungo egoeren hasierako baldintzak identifikatuz diagnostiko, ebaluazio eta gobernantzaren bidez.

Egungo zientzia eta teknologiaren europar politikak artikulatzen dituen RRIren ikusmolde horrek zientziaren antolakuntzarako diseinu berria eskaintzen du, gizartean errotuta eta zientziagintzan parte hartzen duten eragileen ikuspuntuak aintzat dituena. “Itzulpen” horren bideragarritasuna, ostera, bi baldintzek determinatzen dute guztiz: (i) europar zientzia eta teknologia esparruaren hainbat arlotan (ekonomian, industrian, hezkuntzan,…) eragiten ari den politika neoliberalen testuinguru nagusia, eta (ii) NSF ereduari lotutako zientziaren antolakuntzaren irudi nabarmenaren presentzia eremu zientifiko eta politikoan.

Horregatik guztiagatik, zientziaren antolakuntzaren ulerkuntzarako testuinguru berrian, zientzia eta ikerketaren inguruko honelako galderak ezinbestekoak dira:

Zelan gauza daitezke Euskal Herriko bezalako gizarte batean RRI kontzeptuan oinarritutako zientzia eta teknologiaren politikek inplikatzen duten parte-hartze eta deliberazio komunaren eskakizunak?

Zelako gobernantza egitura (berriak) dira beharrezkoak zientziaren antolaketa era sozialki arduratsuago baten praktikoki antolatu ahal izateko?

Zeintzuk dira zientziaren demokratizaziorako RRI bezalako kontzeptu batek planteatzen dituen aukerak? Baina, zeintzuk dira ere RRIren onarpenak esparru epistemologikoan txertatzen dituen legitimazio arazoak?