EDUKAZIOA ETA MODU ONAK

Zer ote den jendetasuna eta gizalegea!

Antzinatasun greko-erromatarreko Estrabonek helarazi dizkigu bazter hauetako ohituren deskribapen idatzi bat arkaiko samarra, berak lehenengoz. Ordutik hona usadioak asko aldatu dira, baina lekukotasuna hor dago. Geografoaren ustez, gogoan hartzekoak, eta harentzat ezberdinak.

Mende batzuk geroago, euskaldunek Compostelako bidean zihoazen pelegrinei eraso egiten zietela eskribitu du Aymeric Picaud-ek, hain zuzen, bideko gida modukoa osotu zuenean lurralde hauek zeharkatzen zuten erromesentzat. Kontuan izan behar da, hala ere, orduan Orreagako kofoin edo erlauntza moduko kolegiata jendetsuak Donejakueko bidea zaintzen zuela, han 3000 fraide baitziren Euskal Herriaren bihotzean, zehazki Jean Etxeparek Beribilezen aipatzen duen bezala, bidaia-kontakizuneko protagonistak hango Errolanen gorabeherak gogoratzean. Beraz, bide-lapurrak baziren, baina bidearen zaindariak ere bai paraje hauetan.

XX. mendearen erdialdera hurbilduta, Orixek Gernika aldizkarian sutsu defendatu du baserritarren gizalegea, aukerarik galdu gabe kristau-balioak goraipatzeko, espero zitekeen bezala. Hala ere, Orexako idazleak aldarri hori berritu beharrean ikusten du, Bilbon bizi dela kazetari lanetan.

Ramon Saizarbitoriak ere deitoratu du garai bateko gizalegea galtzen ari dela, aipagai dituela autoan zer leku behar zuen bakoitzak gaur baino zehaztuago zegoen sasoi hartan, gutxienez helduak kokatzeko moduari erreparatzen badiogu. Gazteago batzuoi bitxi samarra egiten zaigu, baina tira. Hala ere, autoan non kokatu jakiteak badu mamia; izan daiteke generoak ere zerikusia izatea horretan. Jakina da Donostiak frantsesen ohiturak jasotzeko duen zaletasuna, politesse delakoa barne, hipotesi bat plazaratzearren.

Beldur naiz, oraindik ere bertute txiki hau erreibindikatu beharrean gaudela hirietan bertan ere, ez bakarrik aldirietan, Orixek nahiko zuen bezala.