LEKAROZEN ERAIKI DITUZTE NAFARROAKO LEHEN PLATO PROFESIONALAK

By Erredakzioa

Martxan dirá Melitón Estudioak. Urte amaieran aurkeztu dituzte Lekarozen, Nafarroako ikus-entzunezko jarduna indartzeko proiektu estrategiko gisa.

Estudioetako arduradunek azaldu dutenez, loraldia bizi du sektoreak Nafarroan. Erakundeen babesa nabarmen hazi da, lokalizazio bikainak eskaintzen ditu lurraldeak, eta, gainera, hazkunde horren erakusle argia diren egitasmo andana sortu dituzte azken urtean: NIFF, Punto de Vista eta Opera Prima jaialdiak, besteak beste.

Horrek guztiak, errodajeak gauzatzeko propio atondutako espazio baten beharra azaleratu du, ekoizpena zentralizatuko zuen azken gakoa. Hala, telebista, zinema eta publizitate iragarkien grabaketa lanak egiteko, Nafarroan eraiki diren lehenengo plato profesionalak izango dira Lekarozko Enpresa Kanpusean zabaldu dituztenak. Ekarriko dituen onuren artean, sortzaileek kostuak txikitu ahal izango dituzte, ez dutelako errodajeetarako urrun joan edo kanpo langilerik ekarri beharko.

Sustatzaileen arabera, ikus-entzunezkoen sorkuntzarako espazio aproposa ez ezik, sektorearen bizirautea bermatzeko lan egingo duen eragilea ere izango da Melitón. Erakunde desberdinekin elkarlanean, proiekzioak, lantegiak, mintegi desberdinak eta topaketak antolatuko dituzte, eta horrez gain, Nafarroako Unibertsitateak eta Nafarroako Gobernuak sinatutako akordio batek formakuntzarako ahalmena aitortuko dio.

Punta-puntako azpiegituraz hornitu dute. Plato erraldoi bi izango ditu, 709 meta 100 m2-koak; kamerinoak, batzar-gelak, bulegoak, makilajerako gelak… eta erabilera anitzerako beste hainbat espazio ere ez dira faltako. Passive House standar europarra izan dute oinarri espazioaren diseinuan, energia kontsumoa gutxitu eta ingurunea errespetatze aldera.

 

https://www.zinea.eus/2020/01/02/lekarozen-eraiki-dituzte-nafarroako-lehen-plato-profesionalak/