MANEX ETA ODOLA

Azaroaren erdialdeko goiz hotz batean, Manex herriko eskolara zihoan txintxo-txintxo. Behin herrira sartuta, bigarren etxearen parera iristean, horma ondoan, odol putzu dezente bat ikusi zuen, baina odol berria ematen bazuen ere, baserritar txikiak ez zion aparteko garrantzirik eman, izan ere, zen garaia izanda, pentsatu zuen norbaitek txerria hilko zuela edo antzeko zerbait.

Kontua da, egun hartan eskolara berandu samar zihoala, eta, besterik gabe, aurrera jarraitzea erabaki zuen. Eskolako beheko aldera ailegatu zenerako, gainerako haurrak ikasgela barruan zeuden, eta handik entzun ahal izan zuen herriko neska-mutiko bakoitza nola ari zen ozenki irakurtzen entziklopediatik, norbera bere ikasgaia edota testua; hark oilategi hutsa ematen zuen.

Geroxeago, eskola barruan, ikasmahaiko kide zuen Albertok zera esan zion:

–Ba al dakik zer gertatu den gaur goizean herrian?

–Herrian? Gaur goizean? Ez zekiat, ba. Txerriren bat hil dutela edo? –erantzun zion Manexek odolarena gogoratuta.

–Ez, Nievesek bere buruaz beste egin dik! –lagunak.

–Bere buruaz beste egin duela? Eta hori zer da? –Manexek, harri eta zur eginik; sekula santan ez zuen halako hitzik entzun.

–Ba, bere burua hil duela, ganbarako leiho txiki batetik jauzi eginda! –azaldu zion Albertok.

–Non? Hor, Martenean? –bordariak pixka bat ulertzen hasita.

–Bai, hortxe bertan! –baserritarraren ikaskideak.

Orduan, Manexek kontatu zion, nola pasatzerakoan ikusi zuen odol putzu handi bat lurrean eta pentsatu zuen hildako animaliaren batena izanen ote zen. Eguerdia pasatuta, goizeko eskolatik ateratakoan eta baserrira bazkaltzera zihoanean, hantxe ikusi zituen odol putzuaren arrastoak, baina, oraingoan, gainetik zerrautsa botata, tragedia pixka bat arintzeko. Horrek esan nahi du, goizean, Manex igaro zenean, ezbeharra gertatu berria zela.

Mutikoak ganbarako leihotxoa oroitu, eta, bestela bezala, ardura eta beldur handiz harantz begiratu zuen, eta, izan ere, leiho txiki bat hantxe zegoen, odol aztarnen pare-parean. Bidean gehiegi gelditu gabe, aurrera egin eta handik ordu erdira-edo baserrira iritsi zen bazkaltzeko prest. Hala eta guztiz ere, etxera ailegatu zenean, buruan zalantza eta galdera asko zebilzkion, eta horrexegatik honako itaun hau egin zuen:

–Ama, ama!, zuk ba al dakizu Nieves Martenekoak bere burua hil duela?

–Bai, bai, zoritxarrez, bazekiat, bai! Ze galera handia, Manex! –amak, tristeziaz beteta–. Negargarria, benetan!

–Eta zergatik egin ote du hori, ama? –semeak, jakin-minez.

–Uf!, auskalo! Hori oso zail duk jakiten, maitea, berak bakarrik jakinen dik zergatik egin ote duen; besteok ez diagu erraz jakitea! –adierazi zion, nola edo hala, amak.

–Bai, baina, ze arazo ote zuen, ba, emakume horrek bere burua ganbaratik botatzeko? –berriro ere mutikoak, zerbait gehiago jakin nahian–. Azken batean, Nieves senarrarekin bizi zen, bakarrik, eta ez zuten seme-alabarik; beraz, ze arrazoi izan ahal zuen egin duena egiteko? Nik ez dut ulertzen.

–Ai, semetxo!, hik oraindik ez dakik ongi, baina, zorigaitzez, arrazoi asko eta asko egon ahal izan dituk, Nievesek egin duena egiteko, esate baterako: tratu txarrak, indarkeria matxista, depresioa, buruko gaixotasunen bat, gaitz sendaezinen bat, oinaze fisiko larria, arazo psikologikoak…! Auskalo!, joan eta bila ezak! Hainbat eta hainbat izan ahal dituk zergatikoak –amaren azalpenak, Manex baretzeko.

Ufa!, ba, oraindik ez dut ongi ulertzen, ama! –semeak, kexati.

–Lasai!, hi oraindik txikia haiz, baina egunen batean, gehiago handitzen haizenean, orduan dena ulertuko duk!; ez izan presa handiegirik! –esan zion amak, eramanpen handiz.

Manex isilik gelditu zen, pentsakizunetan; amak zera gehitu zion:

–Dena den, holako kasuetan, gauza bat oso argi eta garbi zegok, Manex, alegia, beren buruaz beste egiten duten pertsonek, esan nahi dik, une horretan bederen, ez dutela bizitzen jarraitu nahi, ezin dutela segitu; egoera latz horretan ez ditek jasaten bizitza, eta horrexegatik nahiago izaten ditek mundu honetatik joan eta bakea beste nonbait bilatu –amaitu zuen amak, semearen hobe beharrez, bere ahalegina egin eta gero.

Argi dagoena da, norbaitek bere buruaz beste egitea aspaldiko kontua dela; ez da gaur egun asmatutako zerbait, baina bai, gero eta gehiago aurre egin beharrekoa.