MANEX ETA AINGERUTXOA

Urte hartako abenduaren hasieran, ostiral goiz hotz batean, Manex herriko eskolara iritsi zenean, ohartu zen bi neskatila falta zirela. Hasiera batean, txikikeriaren bat gertatuko zitzaiela pentsatu eta uste izan zuen geroxeago agertuko zirela, baina, ez, geroxeago ere ez ziren eskolara joan. Orduan, baserritar txikiak, jakin-nahiari gehiago ezin eutsirik, eta, gainera, ikasgelan giro atezu bat sumatzen zuelarik, mahaikide zeukan Albertori honako hauxe galdetu zion berehala:

–Hi, Alberto!, hik ba al dakik gaur Arantxa eta Garbiñe zergatik ez diren etorri eskolara?

–Bai, bai, tamalez bazekiat; anaia txikitxoa hil zaiek! –bota zion ziplo Albertok.

–Ez esan! Ez duk egia izanen! Eta ze gertatu zaio, ba? –Manexek, ahoa bete hortz.

–Begira, ze gertatu zaion ez zekiat, baina niri behinik behin, halaxe kontatu zidatek, hil egin dela, alegia! –azaldu zion ikaskideak, kopetilun.

–Aizue!, Alberto eta Manex, isildu eta ikasi, mesdez! –kargu hartu zien maistrak, berriketarako gogorik gabe.

Biharamunean, larunbatarekin, izan ziren haurtxo errugabe haren hiletak, herriko elizan, arratsaldez; hilabete gutxi batzuk baino ez zituen. Ninia besterik ez zen, mutikoa. Zergatik halako jipoia familia hari? Auskalo! Herriko jende guztia atsekabetuta eta nahigabeturik gelditu zen; inork ez zuen espero halako antzeko deus ere, baina, gertatu, gertatu egin zen, bai, zalantzarik gabe. Nola buru egin ezbehar hari? Dirudienez, bat-bateko heriotza izan omen zen; Manexek ez zuen santa sekulan jakin zer gertatu zen benetan, zein izan zen heriotzaren zioa, baina gertakari hura betiko geldituko zitzaion grabatua garunean.

Baserritarrak herrira hurbiltzen ari ziren heinean, hil ezkilen kolpe lehor eta tristeak gero eta ozenago entzuten zituzten. Abenduko haize meheak arima eta bihotza zeharkatzen zizkien. Inguruko mendi guztiak, elur zuriaren maindire azpian. Eliza barruan, haurtxoaren kutxatxo zuria, erdian, denen begien bistan. Gurasoak eta hiru arreba, negar batean, kontsolamendurik gabe; arrebarik gazteena, ordea, laugarrena, oso txikia zen eta ez zen ongi jabetzen zer gertatzen zen han, nahiz eta oso aurpegi goibel negartiak ikusi. Manex, txunditurik eta hunkituta. Apeza behin eta berriz saiatu zen bere hitzik goxoenekin familiakoak kontsolatzen, baina ez zuen lortu; ez zegoen modurik, ezinezkoa zen.

Hileta elizkizunak bukatutakoan, hildako aingerutxoaren aitak kutxatxo zuria hartu –mendietako elurra bezain zuria–, eskuin besapean jarri eta beste besoa emaztearen sorbalda gainean bermatuta zeukala, hilerri aldera abiatu ziren denak, apezak eta meza laguntzaileak aurrean zihoazela. Familiakoak, berriro ere, negar malko batean urtzen, aieneka, pozbiderik gabe, hilerriraino zeuden 400 metro haietan. Herritarrengan tristezia, hunkidura, mina, enpatia, errukia eta oinazea; ezin ulertua. Ezkila dorreko hil kanpaiek berriro ere etengabeko ukaldi astun eta suntsigarriak, pertsonen buru eta entzumenen gainean, tonako mailukadak balira bezala: <Berriz min hau!, berriz min hau!>, Berri Txarrak musika taldeak kantatzen zuen modu berean.

Hilerrian, Nievesen gorpuaren ondoan lurperatu zuten, biak denboran oso elkarren jarraian joan zirenak, eta, atseden hartzeko ere, biak betiko elkarren aldamenean. Zer kontatuko ote dio Nievesek aingerutxo honi, bere joatearen arrazoiei buruz? Nork daki? Jakizu!

Aingerutxoaren kutxatxo zuria lurreko zuloan sartzerakoan, berriz ere ikusi eta entzun ziren gurasoen eta hiru arreba zaharrenen negar zotinak, hasperenak, desesperazioa, etsipen kontsola gaitza, zorabioak eta abar. Amaieran, hantxe gelditu ziren bi hilotzak, izoztuta, bakar-bakarrik, maitatu zituzten pertsonen gogoan.

Manexi betiko geldituko zitzaizkion iltzatuta irudi triste eta goibel haiek burmuinean; bere bizitzan ezagutu zituen lehendabiziko bi pertsonen heriotzak izan ziren eta haiek marka sakona utzi zioten barnean. Ez zuen ongi konprenitzen zergatik eta zertarako gertatzen zen heriotza, zer esan nahi zuen; baina ederki asko zekien, ukuiluko animaliak bezalaxe, hildako pertsona haiek ez zituela santa sekulan berriz ere ikusiko mundu honetan, eta, horrek guztiak kezka eta goibelaldia sorrarazten zizkion.

Manexek behin ere ez zuen ikasi hildako haurtxo haren izena, baina, handik aurrera, hura gogoratzen zuen bakoitzean, halaxe deitzen zion, <aingerutxoa>.

Harrezkero gure baserritarrak gauza bat behintzat erabat ongi ikasi zuen, alegia, bizitza guztian zehar heriotza oso presente dagoela, gurekin heldu da eskutik hartuta.