EZ DAKIT ARNASA HARTZEN

Ez da erraza lau pareta artean itxita zaudela arnasa hartzen jakitea. Ez da erraza oihurik ez kanporatzea, malkoak zuretzat gordetzea, amets gaiztoei uko egitea, esperantzak azken haize ufadarekin batera alde ez egitea.

Lau pareten artean azaleratzen dira bakoitzak barruan dituen monstru guztiak, ulergaitz egiten zaizkigun sentimendu guztiak. Eguna irribarrez hasi eta malkoz amaitzen duzu, erdibidean zer gertatu den jakin gabe ere.

Faltan botatzen duzu lau pareta horietatik kanpo geratu den hura, eta nahiz eta mezuz eta Skypez josi eguna, ohera sartzean inork ez dizu kentzen alboko zuloa. Lau paretez kanpo geratu denaren muxurik gabe itxi behar begiak.

Oihu guztiak kanporatu, malkoak lehortu eta ispilura begiratzean, sentimenduak ezin ulertuan, hasperen egin eta arnasa sakon hartu nahi izaten dut, baina birikek ez didate uzten askatasuna usaintzen. Malkoak masailetik behera doaz igerian eta nik ezin dut ezer egin haiek geldiarazteko.

Irribarrea guztiz ezabatu da eguzkia mendi atzean ezkutatzean.

Eta hala ere, sentimendu nahastu eta malko zentzugabeez gain, egunero arnasa hartu ahal izateagatik eskerrak eman beharrean gaude. Eskerrak eman beharrean, gau eta egun gu ta gutarrak zaintzeko lanean ari den pertsona bakoitzari. Eskerrak eman beharrean etxean gelditu den gizabanako bakoitzari.

Faltan botatzea gogorra da eta lau pareten artean arnasa hartu nahi izatea are gehiago batzuetan, baina haize freskoak jotzen gaituen egunean agian denak izango gara apur bat eskuzabalago, apur bat ulerkoiago. Faltan bota ditugun haien besoetan murgilduko gara eta irribarreak arnastuko ditugu, lehenengo aldiz lasai hasperen eginez.

Eta bitartean, lau pareten artean dauden gauza on guztiez gozatzen ikasi beharko dugu. Amonaren kontuak txikitan bezainbeste maitatzen. Aitaren eta amaren goxotasuna jasotzen (nahiz eta oihuen eragile gero hauek izan maiz). Anaiarekin txikitan sortutako jokoak bezain barregarriak diren beste batzuk sortu. Lagunekin pintxo-pote birtualak ospatu. Faltan botatzen dugun harekin amestu.

Eta uste baino lehenago, goizeko eguzkiak ekarriko digu berriro arnasteko ahalmena.