HOMELESS HOME

“Animazioa teknika bat da; era guztietako gaiak jorratzen dituzten filmak egin ditzakegu, ez soilik haurrentzat”

Ivan Miñambres ‘Homeless Home‘ film laburraren ekoizlea Annecy jaialdian parte hartzeari buruz mintzatu da. Bere ibilbide profesionalaren balantzea egin eta sektorearen egungo egoeraren inguruan gogoeta egin du.

ZINEUSKADI: Zer esan nahi du Annecykoa bezalako jaialdi batean hautatua izateak?

Ivan Miñambres: Animaziozko edukiak ekoizten dituen edonorentzat Annecy da nazioarteko hitzordu nagusia, bai jaialdiagatik bai merkatuagatik (MIFA).

Normalean esaten den bezala, “animazioaren Cannes jaialdia” da, industriaren fokua han jarrita baitago. Esan dezakegu bertan ez bazaude oso zaila dela zure edukiekin atentzioa ematea.

UniKon zortea izan dugu, gure ekoizpen ia guztiak lehiaketa ofizialean hautatuak izan baitira, eta beti lagundu izan digute harreman-sarea sendotzen, banaketa ondo egin ahal izateko, etorkizuneko ekoizpenetarako partnerrak aurkitzeko, edukiak saltzeko…

Halaber, ikusle gisa, gozamena da hainbeste eduki eta hain desberdinak ikustea;inspiratzen laguntzen dizu. Hori bai, neka-neka eginda amaitzen duzu. Zain gaude aurtengo online bertsioak nola funtzionatuko duen ikusteko.

Z: Lan berri hau Alberto Vazquezekin egiten duzun beste lankidetza bat da, baita Frantziarekin egindako koprodukzio berria ere. Nola sortu zen proiektua?

IM: Duela 10 urte hasi zen Albertorekin dugun harremana, ‘Birdboy’ film laburrean parte hartu genuenean, eta etengabe harremanetan gaude. Bere unibertso pertsonala asko gustatzen zaigu, bere narrazio-moduarekin identifikatuta sentitzen gara, eta, batez ere, elkar ulertu eta errespetatzen dugu.Hori funtsezkoa da epe luzeko zuzendaritza-ekoizpen motako harremana izateko.

Kasu honetan, Albertok garatutako istorioa zen ‘HomelessHome’, eta aldaketa nabarmena egin nahi zuen bere ikuspegi estetiko eta narratiboan. Hasieratik asko gustatu zitzaigun gaia eta eszenaratzea, baina une hartan ’UnicornWars’, gure hurrengo film luzea, martxan jartzen ari ginen, eta ez zen bideragarria bi proiektuak denbora tarte berean gauzatzea.

Gure sektorea oso ezegonkorra denez,batzuetan proiektuak bat-batean azkartu edo gelditu behar izaten ditugu. ‘Homeless Home’ filmaren kasuan, aurreratu egin behar izan genuen eta ‘UnicornWars’, berriz, atzeratu, taldea geldirik gera ez zedin. Harrera ikusgarria izan zen; oso azkar finantzatu genuen proiektua Frantziarekin batera, berme handienarekin egiteko, eta zazpi hilabetetan burutu ahal izan genuen. Horrela,Annecyn aurkeztu ahal izango dugu nazioartean ezagutzera emateko, eta Estatuan ere ikusgai izango da Animario jaialdian.

Z: Zenbateraino da zaila helduentzako animazio-proiektuak abian jartzea? Zein izan zen ekoizpen-fase konplexuena?

IM: Ez dago ekoizpen errazik;bakoitzak bere konplexutasuna du. Egitura eta bolumenaren arabera, film luzeek beti esfortzu handiagoa dakarte. Aurrekontu handiak dira, eta zaila da horiek finantzatzea. Puzzlea egin behar dugu, epeak, beharrak eta lurraldeak koadratuz proiektua bideragarri bihurtzeko.

Gainera, munduko beste lurralde askotan ez bezala, animazio independenteko edukiak kontsumitzeko kulturarik ez dago gure inguruan. Animaziozko film bat ikusterakoan jakintzat jotzen dugu haurrei zuzenduta egon behar duela. Eta ez du zertan horrela izan, animazioa teknika bat besterik ez baita. Zergatik ezin dugu, animazioa erabiliz,giza harremanez, gatazka armatuaz edo etorkizunari diogun beldurrazhitz egin?

Ez diot ikusleei errua botatzen. Nekazaritzarekin alderatuz, hainbat hamarkadatan eremu berean patatak landatzen baditugu, lurra monolaborantza horretara ohituko da eta oso zaila izango da beste edozein produktu ereitea. Ekoizle eta erakusleok monolaborantzatik ihes egiteko betebeharra dugu,ikusleei aukera zabaleko edukiak eskaintze aldera.

Z: Ekainaren 15etik aurrera jaialdi birtual batean parte hartzeko esperientzia izango duzue…

IM: Bai, zain gaude dena nolakoa izango den ikusteko. Erregistroak, ponentziak, proiekzioak, networking saioak… Annecyk dituen zifrak izugarriak dira, eta jakin-min handia sortzen dit informazio eta elkarrekintza itzel horiek online mundura nola eramaten diren ikusteak.

Jaialdiko taldeak 60 urte daramatza lanean eta eredugarriak dira. Ziur nago bikain egingo dutela. Nork daki ate berriak irekiko ote dituzten edo paradigma berriak planteatu. Krisialdietan beti aukera berriak sortzen dira.

Z: Zer suposatzen du zure ibilbidean ‘Psiconautas, ahaztutako haurrak’ eta ‘Dekoratua’ bezalako arrakastak izateak?

IM: Ospeari edota proiektu berriak sortzeko erraztasunari dagokionez, ez nuke esango alfonbra gorria jarriko digutenik nahi duguna egiteko. Egia da lagungarria zaigula beste modu batera aintzat hartuko ez gintuzten lekuetara iristeko, baina oraindik ere asko kostatzen da animazio-proiektu independenteak eraikitzea.

Adibidez, urte berean bi Goya lortuta, AEBetan banaketa izanda, Frantziarekin koproduzituta, TVEren laguntza izanda, aretoetan banatuta, eta abar,ez ETBk ez Eusko Jaurlaritzak ez zioten laguntzarik eman ‘Unicorn Wars’ animaziozko film luzeari. Aurrerago filma babestu dezaten nahi eta espero dut, pena baita gure lurraldean sortu eta nazioarteko oihartzun handia duten proiektuak horrelako laguntzetatik kanpo geratzea.

Bestalde, gogobetetze pertsonal eta profesionalari dagokionez, izugarria da. Esperientzia ahaztezina da ekoizpen horietan parte hartu , haien atzean dagoen lantaldearekin kolaboratu eta nazioarteko ibilbideaz gozatu izana. Asko ikasi dut bidean.

Uste dut lan horiek existitu egin behar zirela, eta ikusleek zaindu eta ondo hartu izana harro sentiarazten gaitu.

Z: Ikus-entzunezkoen sektore osoaren paralisi testuinguruan, badirudi animazioak jarduerari eustea lortu duela. Hala ere, nola eragiten die egungo itxialdiak abian diren proiektuei, hala nola ‘Unicornwars’-i?

IM: Animazioaren munduan laborategiko arratoiak gara. Oso prozesu luzeak egiten ditugu, eta, taldean lan egin arren, normalean bakarka jarduten dugu.

Adibidez, filmatze-fasea urtebetekoa izan daiteke gutxi gorabehera, eta fikzioan, berriz, 1-3 hilabetekoa izaten da kasurik onenean.

Egungo egoerak lehiarako abantaila ematen digu. Azpiegitura tekniko on batekin, profesional bakoitzak edozein lekutatik ekoizten jarrai dezake, konfinamenduaren aurretik ere beste lurralde batzuekin koproduzitzerakoan egiten genuen bezala.

Hala, fikzioak filmaketa guztiak nahitaez geldiarazi behar izan dituen arren, guk, zorionez, aurrera egiten eta ekoizten jarrai dezakegu.

Uste dut telebistek eta erakundeek egoera hori irakurtzen jakin behar dutela, eta ez dutela animaziozko edukien babesa bertan behera utzi behar. Nazioartean garatzeko gaitasun handia duen sektorea da, eta gero eta laguntza eta pizgarri gehiago ditu. Krisian gaude, baina, aldi berean, aukera une bat da. Ez gara atzean geratu behar.

https://www.zineuskadi.eu/eu/elkarrisketak/TAG_urlTcon_es_VALUE/en-654/?utm_source=MEDIOAK&utm_campaign=b842a15be8-EMAIL_CAMPAIGN_2020_04_27_05_02_COPY_07&utm_medium=email&utm_term=0_62300eddfd-b842a15be8-152590473