EITB-K NON DU BURUA?

Horixe, bai jaun-andreok! EITBk non du burua? Are gehiago, ba al du bururik? Segur aski, bai, baina asko eta eta askotan ez da gehiegi nabaritzen. EITB euskara -kalitate onekoa, ulertzen da- bultatzeko sortu omen zuten, baina gero ikusten dugu, askoz ere gehiago inbertitzen dutela ETB2n, esate baterako, ETB1en baino. Ez hori bakarrik, baizik eta oso sarritan gainera, euskarazko telebistan, iragartzen dizkigute ETB2ko programak, euskaldunok beren erdarazko telebistako programa zoragarri erdaldun horiek ikus ditzagun, eta, era horretan, mendeetako tradizio baldar horrekin aurrera jarrai dezagun, alegia, gehiago espainiartzen (Iparraldean, frantsesten) eta, ondorioz, erdal hizkuntzak eta kulturak hobeki jakiten gureak baino; hau da, erdaldun peto-petoak bihur gaitezen, eta harrotasunez gainera. Ondorea, denok dakiguna da: ETB1ek %1eko audientzia (ziur asko, bere historia osoko txikiena), eta, ETB2k, ordea, %12-%14koa; erdiak baino gehiago gainera, euskaldunak. Argi dago, inbertitu gabe ez dago miraririk egiterik!

Baina goazen pixka batean, ETB1en erabiltzen duten euskararen kalitatea aztertzera. Konparaziora, azken bospasei aste hauetan aspertu arte entzun dugu albistegietan ditxosozko <aforo> hitza, beste perla askoren artean. Bueno, bada, ikus dezagun zer agertzen den Euskaltzaindiaren Hiztegian <aforo> hitza bilatuz gero: (Oharra: Euskaltzaindiak, aforo-k euskara idatzian izan duen erabilera kontuan harturik, hitz hori ez erabiltzea gomendatzen du; ik. edukiera; neurketa). Horra hor, bada, zer-nolako jaramon egin dion ETB1ek euskararen akademiari!

Eta antzeko beste kasu batzuk bakarrik aipatzeagatik, hona hemen, edozein egunetan entzun edota irakurri ahal diren beste gozokeria batzuk, telebista berean: faltan bota (falta nabaritu); kuarentena (berrogeialdi); maskarilla (maskara); plantara igo/eraman (solairu, estai); elkar zaindu gara (elkar zaindu dugu); Eklipse penunbrala (ilunantz); kontagiatu (kutsatu, erantsi); bakunatu (txertatu); sanitarioak (osasun langile, osasun-langile); dagokionean (dagokionez) eta abar, eta abar.

Norbaitek agian pentsa lezake nik gorroto diodala EITBri, eta esan beharrean nago, guztiz oker dagoela, are gehiago, nik ikusi eta entzuten ditudan hedabideak hauexek dira: ETB1, ETB3, Euskadi Irratia,
Euskadi Gaztea, EITB euskal kantak, BERRIA egunkaria, ARGIA aldizkaria, MAILOPE aldizkaria, Euskalerria Irratia, ADMINISTRAZIOko aldizkaria eta abar, eta bar. Besterik gabe, euskaraz bizitzen saiatzen naiz; ez dago beste misteriorik, eta, gertatzen dena, zera da, esate baterako, ETB2, Radio Euskadi, Radio Vitoria, DEIA, DIARIO VASCO, EITB musika eta abar, ez direla oso lagungarriak, zeharo euskaraz bizi ahal izateko.

Beharbada, eta, era berean, beste norbaitek esan lezake, ea EITBk nola jakinaraziko dizkien Euskaltzaindiaren informazio hauek denak, muduan zehar barreiaturik dauden bere erreportari guztiei. Erantzuna arrunt erraza da: barne buletin baten bidez, gaur egun dauden zientzia eta teknologiarekin, oso erraza izan liteke, benetako interesa baldin balego.

Bukatzeko, nik euskara bere osotasunean estimatzen dut, baina, jakina, zenbait lekutan euskara jasoa behar da, eta ez zabarkeriarik.