ZABALIK DA ZINEGOAK JAIALDIAREN IZEN-EMATEA

Zineman, arte eszenikoetan eta, oro har, kulturan sexu-aniztasunak ematen digun guztia erakusteko, partekatzeko, aurrez aurre jartzeko, zabaltzeko, eztabaidatzeko edo gozatzeko erakusleihoa izango da Bilboko Zinegoak Zinema eta Arte Eszenikoen jaialdia datorren urtean ere. 2021ko martxoan ospatuko da 18. edizioa, eta izen ematea zabaldu dute jada.

Sexualitatea ikuspegi askotatik ulertzeko beharra azpimarratu, sexualitatea osatzen duten geruza guztiak ahaztu barik. Sexu-orientazioaz hitz egin nahi dute eta genero-identitatearekin lotu. Identitate horiek adierazteko ditugun modu ezberdinen edertasuna gehitu nahi diote, eta generoa ulertzeko orduan azaleratzen diren modu desberdinekin osatzea, ematen zaigun ikuspegi binariotik haratago.

Zinegoak jaialdiko arduradunek argi dute: sexu-aniztasunak inor kanpoan utziko ez duen errealitatea izan behar du. Bestela, gure nortasunaren parte diren ezaugarri horiek lau haizetara naturaltasunez erakusten dutenek, arriskua izango dute bazterkeria, estigmatizazioa edo ikusezintasuna pairatzeko.

Bada, aniztasunari ikusgarritasun zabal eta anitzago bat ematen jarraitzeko asmoz ekin diote edizio berria prestatzearen lanari. Hala, Zinegoak 2021n parte hartu ahalko dute LGTBIQ+ komunitatearen sexu-, genero- edo familia-aniztasun gaiak jorratzen eta ezagutarazten dituzten filmek, baldin eta ekoizpen prozesua 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera bukatu duten, eta emaitza finala Zinegoaken parte hartu aurretik Euskal Herriko areto komertzialetan estreinatu ez badute.

Aurre-hautaketan parte hartu ahal izateko, 2020ko azaroaren 13a baino lehenago eman behar da izena, online bidez atondu duten formularioaren bidez. Antolakuntza 2021eko urtarrilaren 10a baino lehenago harremanetan jarriko da jaialdian parte hartzeko hautatuak izan diren hautagaiekin, eta zerrenda ofiziala 2021ko otsailean argitaratuko da.

Hautatutako lanak 3 sailetan banatuko dira, iraupenaren eta motaren arabera: FIK fikzioko film luzeak (45 minututik gorakoak), DOK film luze dokumentalak (45 minututik gorakoak) eta KRAK fikziozko edo dokumentalezko film luzeak (narratiba berriak edo proposamen estetiko berriak, 45 minutuko baino gehiagoko iraupenarekin). Horrez gain, film laburren kategoria ere egongo da (fikziokoak edo dokumentalak, 45 minutukoak edo laburragoak).

https://www.zinea.eus/2020/07/09/zabalik-da-zinegoak-jaialdiaren-izen-ematea/