BUZTANGORRIAK, JENDE EKOLOGISTA

Euskal Herrian bi motatako buztangorriak bizi omen dira, alegia, argiak eta ilunak. Azken urteotan, gure etxeari itsatsirik dagoen estalpean, urtero-urtero, buztangorri argiek beren habiak egiten dituzte. Horretan ere, erakusten dute ez direla makalak, izan ere, beren habiak egiteko beti aukeratzen dute habe horizontal bat, goian dagoena, hau da, etxeko horma eta estalpearen artean, barruko aldean; ondorioz, eguraldiaren gorabehera guztietatik ongi babestuta gelditzen dira, eta, baita piztia ororen arriskuetatik ere.

Aurten ere, aurreko urteetan bezalaxe, dagoeneko bi habia egin dituzte, bi bikotek, suposatzen dugu: lehenengoan, bost kume hazi zituzten, eta aspaldian hegaldatu ziren, gu bakarrik utzita, baina, handik egun gutxira, beste bikote bat -pentsatzekoa da- agertu eta prozesu berbera errepikatu zuten, hots, habia eraiki, arrautzak errun, txitatu, txitak jaio, janaria ekarri (harrak, intsektuak eta abar), hazi eta bat eta beste. Bigarren txitaldi horretan, gutxienez hiru buru ikusten ziren habia barruan, beraz, hiru txorikume gutxien-gutxienez aritu ziren hazten. Azken hauek ere aspalditxo joan ziren guregandik, beren bizimodua egitera.

Eta oraintxe heldu da, txori bitxi hauen benetako meritua kontatzeko unea, izan ere, beste hegazti batzuen kasuan, esate baterako, enarenean, habia dagoen lekua berehalaxe nabarmentzen da lurrera begiratuta, egiazki, habiaren parean egundoko zirin pila agertu ohi baita, eta, horrexegatik, hain zuzen ere, jende askok ez ditu enarak oso maiteak etxeko teilatu-egaletan, beren parean dagoen zorua zikin-zikin eginda jartzen dutelako. Buztangorri argiek ez, ordea, hauek habiara, kumeei jana eramatera joaten diren bakoitzean, zirinak urrutira eramateko aprobetxatzen dute. Eta nola egiten duten? Ba, oso modu bitxian: gurasoek, txorikumeei beren intsektuak edo harrak eramatera joaten diren aldiro, batez ere, umeak koskortuta daudenean, lehenik eta behin, mokadua mokora ematen diete, eta, jarraian, segundoren bat itxoiten dute, kumeren batek ipurdia atera eta bere zirina egiten duen arte. Une horretan bertan, aitak edo amak, txandaren arabaera, txitaren zirina uzkitik bertatik mokoan jaso eta urrutira eramaten du, hantxe, ongarri moduan uzteko.

Neronek, lehendabiziko aldiz ikusi nuenean, ezin nuen sinistu; aho bete hortz gelditu nintzen, eta, jarraian ulertu nuen zergatik zegoen gure etxe ondoko zola horren garbia. Miretsirik geratu nintzen, eta, pozak txoratzen, aldi berean, ikusita txori haien jakinduria eta txukuntasuna.

Harrigarria, benetan, buztangorri argien garbitasuna eta ekologismoa! Gora buztangorriak!