LURRAMA 2020

PRENTSAGIRIA

Lurrama elkartea heldu den azaroaren 13tik 15era iragan behar den saloinaren antolaketan lanean ari da.


Uda huntatik harremanetan gira Miarritzeko Herriko Etxea, Tourismo bulegoa eta Suprefeturarekin, behar diren neurri sanitarioak plantan ezartzeko.


Iraileko sartzean egoera aski ona izanki, baikorki aritu gira usaiako antolakuntza gauzatzeko, halere egokitzapen batzuekin jendearen joan jinak bideratzeko eta espazioak ahal bezain ongi erabiltzeko, animazio batzuk kenduz.


Irailaren 23an, gure departamendua « Alerta eremuan » sartu da, eta nahiz eta ezarriak diren hertsapenek ez gaituzten zuzenki hunkitzen, ohartzen gira egoera fite okertzen dela eta zentzuz jokatu behar dugula.


« Alerta gogortu eremuan » sartzen bagina (momentuz ez da hala, baina ondoko etapa izan daiteke), hertsapenek aldiz, gure antolaketa trabatuko lukete eta gertakariaren bideragarritasuna mehatxatuko lukete (1000 pertsonen muga ezarriz gero adibidez). Horregatik, eta probabilitate hau aintzinetik ikusiz, beste planteamendu bat aztertzen ari gira, Lurramaren bi funtsen inguruan zentratua : hitzaldiak eta gastronomia.


Egoeraren garapenaren arabera, erabakitzen ahalko dugu zein forma eman aurtengo Lurramari, bainan erne egoten gira eta gure eginahalak eginen ditugu 2020an Lurramaren 15. urtea ospatzeko. Mugatua izan ala ez, nahi dugu aurtengo edizioak gaurko erronkeri erantzun ditzan, eta laborantza herrikoia eta iraunkorrak biharko munduaren desafioeri aurre egiteko toki nagusia izan dezan.


Joan den primaderako Covid 19ren krisiaren kari, gure ekoizpen eta banaketaren sistemaren mugak nabarmendu dira, eta kontsumitzaileek tokiko laborantzaren hautua egin behar izan dute, ekoizleekin loturak sortuz, haien baratzea lantzen eta sukaldatzen denbora pasatu dute ere. Ez dugu pentsatzen laborantza industriala eta high tech jendeen beharreri erantzuteko gai izanen dela, baina gure kontsumoaren berlokalizatzea eta gure elikaduraren burujabetasuna direla segitu behar ditugun bideak.


Horregatik, « Biharko mundua gaurko hautua » tematikaren inguruan, gai horiek jorratzea erabaki dugu. Jendea laborantzaz kezkatzen da, eta ondorioz laborariek eztabaidan parte hartu behar dute eta entzunak izan behar dira.


Lurraman betidanik sortu dugun eztabaida gunea mantendu nahi dugu aurten eta beharrezkoa iduritzen zaigu. Krisi garaian laborariak hor ziren, azaroaren 13tik 15era berriz jendeekin hor izanen dira solastatzeko prest, eta aterabideak atxemateko gogoetak eramateko. Guri da orain, formula egokia atxematea, denen osasuna bermatuz.

LURRAMA – 20, rue des cordeliers – 64100 Baiona
06 89 29 19 85
lurrama@ehlgbai.org