KONPOSTELARAKO NIRE BIDEA (eta 3)

Iaz, 2019ko uztailaren 7an, Donibane Garazitik abiatu nintzen Konpostelako Done Jakue bidea oinez egiteko asmoz. Nafarroa osoa, goitik behera, zeharkatu ondoren, uztailaren 14an, Euskal herria gibelean utzirik, Logroñora sartu nintzen. 15an Logroñotik abiatu nintzen Naiara aldera. Horra adiskide, hurrengo egunetan bidean ikusi eta ikasi nuena, nire kaieran idatzi nuen bezala.

Aste bat pasatua, bihar ene bederatzigarren eguna, zortzi oreneko bidaia Logroño – Naiara (espainolez Najera deitzen dutena). Batse hasi beharko dut irautekotan. Holakoetan ikasten da poliki ibiltzen, astiarekin, umiltasun piska batekin. Logroñotik atera eta Errioxako mahastien barna ibili naiz, alde guzietan lapinak badira baita ere uxo andana bat. Nik, ihizian ibiltzen nintzenean, ez nuen holakorik ikusten. Beti goiti segituz tontor batean aliatu naiz mahastiz inguratua. Hor ohartu naiz galdua nintzela, ez nituen gehiago gezi-seinale horiak nihun ikusten (Santiago bideetako seinaleak dira). Galdua! Holakotan gaizki sentitzen da, hari nintzen pentsatzen, nun naiz? Zer ari naiz hemen? Eta ainitz gauzak pasatzen dira buruan. Hau nahasketa, hau!, orduan bai dudak hasten dira sortzen, zergatik abiatu naiz holako abentura batean? Ze desafioa? Zertarako? Pausatu naiz harri koskor baten gainean, ingurua begiratuz eta belarria luzatuz, ezer ez, deus ez. Oi ni hemen bidean galdua, oi ni hemen… 15 minuturen buruan traktore baten harrabotsa entzuten dut, segitzen dut soinua eta orreri buruz noa lasterka.

Ikusten dut gizon bat bere traktore urdin ttipi baten gainean. Oihu egiten diot eta ikusten nau, segidan banoa bere aldera eta erraiten diot galdua naizela eta ia nundik zen Santiagoko bidea. Erantzun daut berriz itzuli behar nintzala edo proposatu daut bere Elason herritik pasatzea. Galdetzen daut ia nahi nuen traktorez joan bere herriraino, erran diot zergatik ez. Igotzen naiz traktore ttiki hortan, biziki hertsia bainan ez nintzen ez pleinituko, neretzat salbatore, laguntzaile haundi bat izan delako. Segitzen dugu bidean eta erraiten daut mahastizalea zela eta kooperatiba bat badutela muntatua zortzi herri ttipien artean. Biziki interesanta izan da Teodoro jauna, maite du egiten duena nahiz eta erretira hartua duen.

Bere kooperatibara aliatzen gira eta botoila bat arno eskaintzen daut. Erraiten diot ezin nuela edan eta hartzen banu ene zakuan berotuko zela eta gainera pisua gehiago emanen zautala ene bizkarrean, jakinez dena behar dutala. Ulertu du eta arno baso bat hartu dugu elgarrekin. Kontatu dauzkit geroz eta gehiago kontrolatuak zirela, kalitatea behar zutela atxiki Europako normarekin eta eremu kantitatea mugatuak zituztela. Orain hostoak mozten dituzte, mahats lerroak garbi izan ditzaten, ongi tratatu mahastiak eta gero irailean mahatsaren bilketak. Bihotz oneko gizona, agurtu besarkatu gira eta Santiagoko bidea berritz hartuz eskertu dut berriro eta erraiten daut kontent izan zela neri ezagutzea. Pentsa eta ni orduan! Agur bai Teodoro! Beharrik gurutzatu dutala mendixka gain hortan eta beharrik alde batetik galdu naizela holako gizon bat ezagutzeko. Berritz bidea onartu eta, zortzi oreneko martxa egin ta gero, Naiara herrira alaitu naiz. Uf ez da goizegi! Orain pausatuko naiz eta bihar ikusiko. Kasu gehiago egin beharko dut ez badut berritz galdu nahi bidean…

Logroño – Naiara, uztailaren 15a.

Gaur asteazkena, nahiko errezagoa izan da bidaia. Pentsamenak eman ditut ongi behar den bezala, burua lasaitu dut eta horregatik ere ongi pasa da gaurko etapa. Hori ere ikasten da. Goizeko zazpiak eta erditan hasi dut bidaia, bost orenez eman orotara. Mahastien barna ibili naiz.

Naiara – Santo Domingo de la Calzada, uztailaren 16a.

Lurra gorria da eta mahastien artean pasatu naiz gaur ere. Azofra herrian gelditu naiz hamabost minutu gosaltzeko eta segi Cirueña herriraino. Ez da deus herri hontan, golf bat sartzean eta etxe guziak hetsiak. Herria hilik dago. Hala ere, amerikar bikotea berriz ikusi dut, Luis eta bere alaba Rebecca. Berak erran daut bihar Madrilera joaten zirela eta handik Estatu Batuetara. Utzi ditut ene bidea segitzeko eta Rebeccak erran daut sarri aperitifa beharko ginukela elgarrekin hartu agurrak egin aintzin. Erantzun diot baietz. Santo Domingo de la Calzadara aliatu naiz, hau zen nere gaurko helburua.

Gaur pixka bat fiteago ibili naiz ustez ongi nintzela eta zangotan ezer sentitu gabe, belaunaren azpian xixtako bat sentitu dut, tibia inguruan. Kaminoak beti oroitarazten zaitu ez zirela zu nagusia baina bera dela bai manatzen duena. Lasaitu naiz eta segitu dut goxoan, bortxatu gabe… Atsaldeko seitan, plaza ttiki batean egon naiz aperitifa hartzeko nere amerikanoekin. Azkenean, elgarrekin afaldu dugu, agurrezko afari bat izan da, bihar sartzen baitira beraien herrian. Afaltzen ari ginenean, beste bideko lagun batzuk gehitu dira gure mahaienean. Bat Koreako Wunik, beste bi amerikano Mitxo eta bere anaia Walter, biziki azkarrak direnak errugbilarien moduan. Afaldu ta gero, guziak agurtu ditut eta besarkada luze baten ondotik joan naiz lo egitera. Nahiko momentu hunkigarria izan da. Bihar segida…

Santa Domingo de la Calzada – Belorado, uztailaren 17a.

Arratsaldeko bietan alaitu naiz Belorado herrira, hau bidaia tristea, ez da deus ikustekorik, N120 segitzen da paraleloki. Bistan da bidaia hasi dutala atzoko inflamazioarekin, betiko tibiaren istorioa, eta gaur biziki sufritu dut. Beharrik bidean Gijoneko katalan bat ezagutu dutala, Tseska, nerekin bidai parte bat egin duena. Hor sentitzen da elkartasun bat badela kamino hontan eta eman daut ibuprofen kaxeta bat eta oren baten buruan hobekiago sentitu naiz. Belorado herrira aliatu orduko, farmaziara joan naiz zangoa edo tibia erakusteko. Bertako emazteak inflamazioa nuela erran daut eta ibuprofen pakete bat saldu hiru kaxeta egunero hartzeko erranez. Haatik, ez dakit zenbat denboraz, pentsatzen dut mina joan arte izanen dela. Lasaitu naiz eta bihar ikusiko ia kaxetek efektua egiten dauzkiten; ongi behar dut errekuperatu. Herrian sartzean elizaren gainean zikoinak ikusten dira hemen ainitz herritan bezala.

Ttuku-ttuku segitzen dut, motibatua naiz eta bihar beste etapa bat San Juan de Ortegaraino, sei orenekoa, mendixka batzuekin. Goazen, bai aintzina!

Belorado – San Juan de Ortega, uztailaren 18a.

Gaur ongi esnatu naiz, freskotasun berri batekin. Euforia edo ibuprofen efektua? Ez dakit, Paul ene emaztearen aita zenak erraiten zuen bezala, dopatua, berak pilotarientzat hori erraiten zuen. Dena den, ongi sentitzen naiz badakit ez dutala sobera bortxatu behar bestela kaminoak oroitaraziko daut.

Oka mendixka igo dut eta kasko puntan harri koskor bat ikusi dut. Honen gainean idatzia da 1936an Francok fusilarazi zituen hainbeste gudari errepublikanoren izenak. Hauen omenez altxatua izan da. Preseski ez gira Burgosetik hain urrun. Hori pasa ta bidexka luze bat segitu dut oihanen erdian, luzea ,bai luzea, deus ikusterik gaur ere. Hiru orenen buruan San Jose de Ortega herrira aliatu naiz Herri ttipia eta polita. Dutxa eta

usaiako gauzak egin eta gero, ostatura joan naiz baso bat arno eta ogitarteko bat hartzera. Jan, sarriko afaria erreserbatu eta lo egitera pausatzeko pixka bat.

Afaldu dut lasaiki, nagusiarekin hitz eginez ohartu naiz egun berean sortua ginela bainan ez urte berean, ni baino hamar urte gutiago baitzituelako.

Afaria Puerto Ricoko Lurdesekin hartu dut. Emazte biziki interesanta, Kuba maite duena baita Euskal Herria ere. Aipatu daut bere herrian xutitzen ari zirela eta kasik iraultza ezkerreko mugimendu bakezale batekin. Herri osoa beraiekin dute eta atzo 500.000 jende bildu ziren manifestazio batean jakinez hiru milioi eta erdi biztanle direla Puerto Rico herrian eta erakutsi dauzkit filma batzuk hoieri buruz. Erran daut ere Atabex edo Atabey tribu indianakoa zela eta beraien haizearen jainkoa Jurakan deitzen zela, espainolek, latinoek, huracan aldatu dutena eta euskaldunok urakana erraiten duguna. Kantatu dugu Che Guevara eta El pueblo unido jamas sera vencido…

Bihar sartzen da bere herrira eta bukatzen du bere kaminoa Burgos herrian. Gure mahaiaren ondoan katalan bikote bat dugu eta horiek ere bihar bukatzen dute. Zer, ni naiz bakarrik segitzen duena? Ez badakit oraino ainitz badirela kamino hontan bainan zerbait egiten du holako ezagunak uzten ditutanean. Hasta siempre komandante! Angel aterpetxeko nagusia biziki sinpatikoa izan da eta gurekin egon da hitz egiten. Bukaeran botoila bat ur eskaini daut. Eskertu dut eta ondoren, joan naiz lo egitera. A ze jende onak ezagutu ditudan gaur! Bihotza oso pozik izanik joan naiz lo egitera.