GLOTOFOBIA, ZER DA HORI?

Azken asteotan hedabide frantsesetan sarritan entzun den hitza da glotofobia. Philippe Blanchet Bretañako Rennes 2 unibertsitateko soziolinguistak asmatutako neologismoa da, gloto (hizkuntza) eta fobia (gorrotoa edo arbuioa) terminoak elkartuz. Xenofobia edo homofobia bezala honek ere gizartean ematen den diskriminazioa, gorrotoa edo mespretxua ematen ditu aditzera.

Diskriminazio linguistikoa edo glotofobia Estatu frantsesean asmatutako hitza izatea ez da kasualitatea, izan ere Blanchetek berak azaltzen duen bezala, bere inguruko estatuekin konparatuta bereziki glotofoboak dira frantsesak. Beste gai anitzetan bezala, hizkuntzari loturikoak ere zentralizatuta daude bertan, eta erreferente den Parisetik kanpokoak mespretxua sortzen du batzuetan, edo zuzenean alde batera utzia da.

Glotofobia aktualitate bilakatu duena Asanblea Nazionalean bozkatu den lege proposamena izan da. Zehazki, Pariseko estandarretan sartzen ez den azentua izateagatik diskriminatzea zigortu nahi duen proposamena. Orain Senatuaren onartua izan behar da, baina Parlamentuan ia aho betez aitzina atera zela jakinik, Goi ganbaran ere horrela izanen dela aurreikus daiteke.

Lege proposamen bat sorrarazi duen jokamolde hain hedatu eta onartuak horrelako babesa izatearen arrazoia bikoitza dela pentsa daiteke, alde batetik (beharbada) frantses gizartean horrekiko sortzen ari den sentsibilizazioa eta errefusa. Bestalde, aktualitateak eragina izatea ere posible da, Emmanuel Macronek ekainean hautatu zuen Lehen ministroak azentua baitauka, eta ez nolanahikoa estatuaren hegoaldekoa (katalana zehazki), mespretxu gehien sortzen duenetarikoa. Jean Castex izendatua izan zelarik sare sozialetan eta zenbait hedabide paristarrengandik, bere azentuarengatik oharrak, trufak eta irainak pairatu zituen. Hori salatzeko, Asanblea Nazionalean gehiengoa duen Macronen taldeak, bere alderdikideari sostengua emateko alde bozkatu izana ere izan daiteke.

Azentua Estatu frantsesean hain gaizki ikusia izatearen arrazoia historikoa da, Ipar Euskal Herrian etengabeko borroka sorrarazi duen euskararen eskubideen ukapenaren oinarri politiko berean datza. Gure hizkuntza bezala, Estatuan dauden beste hizkuntza gutxituek bizi duten errepresioa eta aitorpen ezaren eratorpena da. Estatua bateratu nahian “Frantsesa Errepublikaren hizkuntza” dela dioen Konstituzioaren herrian agerikoa da bertako hizkuntza minoritarioekiko glotofobia.

Urte hasieran argitara eman zen inkesta batek gizartearen %16ak lana bilatzean azentuarengatik diskriminatuta izan dela dio, hau da 10 milioik pairatutako gaitza dela kalkulatzen da. Hizkuntza gutxituekiko diskriminazioa horrelako datutan agerrarazten duenik ez dago, baina euskaldunok badakigu zer den gure hizkuntzagatik “fobia” hori pairatzea. Euskal Herriko toki batzuetan, nabariagoa da beste batzuetan baino, eta horretan bereziki garrantzitsua da hizkuntzaren ofizialtasuna, horren gabeziak aurkakotasun hori ageriago adieraztea ahalbidetzen baitu, eta gizarteak horrekiko duen pertzepzioa ere aldatzen duelako. Hori dela eta, Nafarroa Garaiaren hegoaldean eta Iparraldean gehiagotan pairatzen dugu “euskarafobia” hori.