ALEX TXIKON ETA BERE TALDEA OINARRIZKO KANPAMENTURA ITZULI DIRA

  • Sergi Mingote alpinista kataluniarrak K2an izandako istripuak eta eguraldi txarrak taldearen planak baldintzatu dituzte girotzeko lehen errotazioan

  • Ostegunetik aurrera eguraldiak hobera egitea espero du taldeak, altuerako bigarren kanpamentua ahalik eta lasterren hornitzeko.

Azken egunak ez dira errazak izan #ManasluEki espedizioaren oinarrizko kanpamentuan. Albiste txarrena larunbatean heldu zen: Sergi Mingote alpinista katalanak istripua izan zuen K2ko lehen kanpamentutik oinarrizko kanpamentura jaisten ari zela. Une horretan Alex Txikon lehen kanpamentutik (5.800 metro itsas mailaren gainetik) bigarren kanpamenturantz (6.500 metrotan jartzea da asmoa) aurrera egin nahian zebilen, baina albisteak planak goitik behera aldatu zituen. Mingoteri zor dion errespetuarengatik, Txikonek lana berehala geldiaraztea, buelta ematea eta Manasluko oinarrizko kanpamentura jaistea erabaki zuen.

Simone Moro izan zen oinarrizko kanpamentutik albistea irratiz eman zidana. Esan zidan eskura zituen baliabide guztiak erabiliko zituela laguntzeko, baina egoera oso zaila zela. Izoztuta geratu nintzen. Denok lehen kanpamentura jaisteko agindu nuen, errespetuz. Egia da horretan dihardugunok eta mundu honetan 4 egun baino gehiago daramatzagunok badakigula arrisku handia dugula, baina inoiz ez zaude horrelako kolpeak jasotzeko prestatuta. K2ko oinarrizko kanpamentuan dagoen Tamara Lungerren edo Mingoteren familiaren larruan jarri eta oilo ipurdia jartzen zait… Une latz hauetan kontsolamendua aurkitzea espero dut”.

Albiste tristea, Nepalgo espedizioak K2an lortu zuenarekin batera etorri zen. “Sentsazio kontrajarriak izan ziren. Egun gazi-gozoa. Alde batetik, lagun eta adiskide bat mendian hil zen eta, bestetik, Nepalgo espedizio batek historikoa den zerbait lortu zuen: neguan K2ra igotzea. Asko poztu nintzen eurengatik. Oso albiste ona da Nepalentzat. Urteetan gure ametsak lortzen lagundu digute, eta aste honetan eurak izan dira euren historiaren protagonistak. Oso albiste garrantzitsua da euren herriarentzat. Zorionak!”

Bi albiste horiez gain, azken egunetan eguraldi txarra izan da nagusi. Depresio batek haizea, elurra eta tenperatura jaitsiera handia ekarri ditu. Hori dela eta, taldeak atseden egun batzuk hartu ditu Manasluko oinarrizko kanpamentuan egin beharrekoak aurreratzen saiatzeko. Izan ere, mendian beti dago zerbait egiteko. Iragarpenen arabera, ostegunetik, urtarrilaren 21etik, aurrera, eguraldiak hobera egingo du. Horrela, igotzeko bidea hornitzeko lanekin jarraitu ahal izango dute.

Orain arte, Alex Txikonek eta bere taldeak altuerako lehen kanpamentua hornitu dute, eta eskailerak eta 2.000 metro inguru soka (beste material batzuez gain) 6.200 metroko altueraraino igo dituzte. Helburua, 2. kanpamentua eguraldi txarra ekarri duen fronte honen aurretik ekipatzea zen, baina Mingoteren tragediak planak aldatu zituen. Lanak egun pare batez atzeratzeaz aparte, planak ez dira ia aldatu. Orain denbora gehiago dute atseden hartzeko eta girotzen jarraitzeko. Ostegunean edo ostiralean altuera irabazten jarraituko dute, eguraldiak horretarako aukera ematen badu.

Egun zailak izan dira, baina altuerara hobeto egokitzeko aprobetxatu ditugu. Egia esan, lehen egunetan asko bizkortu genuen pausoa. Eguraldi ona izan dugu eta aprobetxatu beharra zegoen. Himalaiako neguak oso gogorrak dira eta inoiz ez dakizu zorterik izango duzun ala ez. Asko aurreratu dugu, eta egun hauek ondo etorri zaizkigu atseden hartzeko eta indarrak berritzeko, aurrean duguna benetan gogorra eta zaila izango baita. Baina honetara etorri gara. Gogotsu eta prest gaude”, adierazi du Alex Txikonek.