ALEX TXIKON ETA BERE TALDEA 1. KANPAMENTUAN EGON ZEN GAUA PASATZEN, GAUR 2. KANPAMENTURAINOKO EKIPATZE-LANAK HASI AHAL IZATEKO

  • Euskal alpinistak onartu duenez “hotz handia” egiten du, baina oso animatuta dago, eguraldi ona dutelako

  • Gaur, 2. kanpamenturako bidean igaro beharko duten “pitzadura itsusi eta korapilatsu” bati aurre egin ahal izateko materiala jasotzea espero dute

Alex Txikon eta bere taldea 1. kanpamentuan (5.800 metro gutxi gorabehera) egon ziren gaua pasatzen. Horrela eman zion atzo albistea oinarrizko kanpamentuari: “4 ordu behar izan ditugu honaino iristeko, eta esfortzu handia egin dugu, material asko igo behar genuelako. Oso kargatuta igo gara. Denda barruan nago Cheppalekin. Gainerakoak beste dendetan daude lo egiten. Jipoi handia izan da iritsi garen bezala dena muntatu behar izatea eta sekulako hotza egiten du. 20 gradu zero azpitik, baina ondo eta oso animatuta gaude. Eguraldiak laguntzen badigu, datozen egunetan gora egiten jarraitu ahal izango dugu”.

Baina lehenago oztopo handi bat gainditu beharko dute: 1. kanpamentua eta 6.500 metro inguruko altueran jarriko duten 2. kanpamentua bereizten dituen “pitzadura handi, itsusi eta korapilatsu” bat. “3 eskailera ditugu, baina gehiago beharko ditugu pitzadura pasatu ahal izateko”, esan du irratiz. Manasluko oinarrizko kanpamentutik bere aurrerapausoak arreta handiz jarraitzen dituzten espedizioko kide batzuk hurbilduko dira. Badirudi eguraldia, hori bai, alde dutela oraingoz. “Uste baino haize gutxiago dugu eta aurrera egin ahal izan dugu. Ea hurrengo orduetan denak berdin jarraitzen duen. Gaur gaua hemen igaroko dugu eta egunak argitu eta berehala berriro martxan jarriko gara 2. kanpamenturaino ekipatzen saiatzeko”.

Ez dira eskailerak izango behar duten gauza bakarra. “Eneko (bere adiskide eta espedizioko sukaldaria), mesedez, ea gas kartutxo batzuk hurbiltzen dizkiguzuen, handi horietakoak, eta bateriak gure irratietarako. Hori oso ondo legoke”, esan du Alexek komunikazioa eten eta lotara joan aurretik. Bihar ere jardunaldi gogorra izango dute, baina gogotsu ekingo diote. “Horretara etorri gara, ezta?”, galdetu die, barrez, oinarrizko kanpamentuko solaskideei.