PILATUTAKO ELURRAK MANTSOTU DU MANASLUKO IGOERA

Phelipe Eizagirre1(1)
  • Alex Txikonen taldea 6.500 metrora iritsi da eta bihar altuera irabazten jarraitzea aurreikusten dute, ibilbidea zein baldintzatan dagoen ikusi beharko duten arren

  • Iñaki Alvarezek kranpoi bat galdu du igoeran eta Simone Morok bereak uztea erabaki du, Iñakik taldearekin jarrai dezan. Hori dela eta, italiarrak oinarrizko kanpamentura jaitsi behar izan du, eta datozen orduetan erabakiko du zer egin

Badirudi elurrak Manasluko igoera zailtzeko asmoa duela. Taldeak aurrera egiteko zailtasunak ditu eta ahalegin handia egiten ari dira pixkanaka metroak irabazten joateko. Ez zuten igoerako bidean hainbeste elur aurkitzerik espero. Leku batzuetan, gerritik gora. Gainera, badirudi eguraldiaren partea aldatu egin dela. Bihar eta igande goizean eguraldia alde izango badute ere, igande eguerditik aurrera ekaitz batek hotz, elur eta haize gehiago ekarriko duela dirudi.

Atzo, elurrak erritmoa nabarmen moteltzen zuela ikusi zuen taldeak. Gaur igoerari berrekin diote, baina ez dute 6.500 metroak gainditzea lortu. 2. kanpamentura iritsi dira eta gaua han pasatzen ari dira. Egun batean 300 metroko desnibela baino ez dute irabazi.

Eneko Garamendi Alex Txikonen adiskide eta espedizioko sukaldariak dioenez, “asko ari dira sufritzen. Baldintzak aurreikusi baino askoz okerragoak dira eta aurrera egiteko zailtasun handiak aurkitzen ari dira. Elur asko dago. Bihar ikusiko dugu zer aurkitzen duten bidean. Arazoa da oraindik asko dutela igotzeko, eta denbora euren kontra dago; izan ere, astelehenera arte ireki zitzaien leihoa apurka-apurka murrizten ari dela dirudi. Baikorrak izan behar dugu, baina errealitatea den bezalakoa da. Gainera, datorren ekaitzak lau egun jarraian elurra botako du eta are zailagoa izango da”.

Hori guztia gutxi balitz, Iñaki Alvarezek bere kranpoietako bat galdu du igoeran, eta Simone Morok bereak ematea eta oinarrizko kanpamentura jaistea erabaki du. Zumarragakoa nekatuta zegoen eta oinarrizko kanpamentura bakarrik jaisten uztea arriskutsua zela pentsatu dute. Bere ordez italiarra jaitsi da. Hurrengo orduetan Simone Morok zer egin erabakiko du, baina eguraldi oneko leiho txikia eta elurra bere kontra daude. Galdutako metro asko berreskuratu behar ditu eta baliteke hori ezinezkoa izatea.