AUZO-LOTSA 4 AGINTZA

Iruñean badago elkarte bat, izena duena, Nafarroako Pertsona Gutxitu Fisikoen Elkarte-Koordinakundea. Ez dakit zehazki noiz sortua den, baina kontua da, aspalditik ari dela martxan, eta, koordinakunde horretan, pertsona batek baino gehiagok parte hartu izan dugu, Nafarroa osoan zeuden eta dauden arkitektura oztopoak, kentzen saiatzeko.

Neronek aitortzen dut, sekula santan ez dudala aparteko bokazio berezirik izan, lantegi horietan aritzeko, baina, bizitzan zehar, gizartean sarritan ikusten nuen premiak, behin eta berriz eraman izan nau afera horietan, sarritan aritzera, alegia, oztopo arkitektonikoak borrokatzera.

Zehazki ez dut gogoratzen zein urtetan izan zen, segur aski, 2000 inguruan edo lehenago, baina kontua da, urte hartan udal hauteskundeak zeudela, noski, eta alderdi politiko handi baten, pertsona aski ezagun bat hantxe agertu zitzaigun, Koordinakundearen egoitzan, bere hauteskunde kanpaina egitera, eta, nagusiki, honako hauxe esan zigun, hau da, <Botoa ematen badidazue, hauxe eta hauxe eginen dut arkitektura oztopoak desagerrarazteko>. Baina, esateko moduarengatik, bazirudien, bozka berari ematen baldin bagenion, lan handia eginen zuela delako arkitektura oztopoak kentzeko alor horretan, baina, bestela, ez, eta nire iritziz, nahiko irudi txarra eman zuen, gure aurrean, behinik behin, bai baitzirudien xantaia egin nahi zigula, hots, botoa niri ematen badidazue, orduan, bai, orduan lan handia eginen dut alor horretan, baina, bestela, ez, edo antzeko zerbait esan nahi izan baligu bezala. Nik pentsatzen dut, barruan ez zela hura izanen bere asmoa, baina halako itxura eman zuen, bederen.

Oker ez banago, hautatua atera zen, hau da, Iruñeko Udaleko zinegotzi aukeratu zuten, baina, hala eta guztiz ere, uste dut, elbarriok ez genuela nabaritu egundoko alderik onerako, hirian kendu beharreko oztopo haien arloan. Zer eginen diogu, ba?