ALEX TXIKONEK ETA BERE TALDEAK ALTUERA IRABAZI DUTE BERRIRO ETA 1. KANPAMENTUAN DAUDE ATSEDENA HARTZEN

Phelipe_Eizaguirre1
  • Hotza, elurra eta haizea duten arren, taldeak berriro saiatzea erabaki du

Alex Txikon buru den taldeak berriro ere ekitea erabaki du eta, lan gogorra egin ondoren, 1. kanpamentura iristea lortu dute. Aukera txiki bat dute eta aprobetxatzea erabaki dute. Iragarpena ez da guztiz ona, biharko elurra (eguerdian batez ere), hotza eta haizea aurreikusten direlako, baina badirudi ostirala (otsailak 19) aproposa izan daitekeela gailurra lortzeko saiakera bat egiteko. Horretarako, bihar ahal duten guztia igo beharko dute eta etzi lana bukatu. Misio zaila, baina ez ezinezkoa.

Taldea parte meteorologikoen zain egon da igandean oinarrizko kanpamentura iritsi zenetik, gorako bidea 7.000 metro baino goragoraino ekipatzea lortu ostean. Iragarpenek ezegonkortasuna erakusten zuten otsailaren 17rako eta 18rako, baina 19rako leiho txiki bat irekiko dela dirudi, eguraldi onarekin eta haize gutxirekin. Eta azken alderdi hori funtsezkoa da gailurra egiten saiatzeko. Gainera, hilaren 20tik aurrera, ingurura depresio bat iristea eta egun batzuk irautea aurreikusten da, eta horrek ia ezinezko egiten du saiatzeko beste aukera bat egotea.

Gauzak horrela, eta arrisku guztiak aintzat hartu ostean, Alex Txikonek, Simone Morok, Iñaki Alvarezek eta Namja, Gelum eta Cheppal sherpek motxilak bizkarrean hartu dituzte eta goizean goiz hasi dira igotzen. Hori bai, italiarrak buelta eman eta oinarrizko kanpamentura itzultzea erabaki du, eguraldiaren bilakaeraren zain. Une honetan, Moro izan ezik, taldea 1. kanpamentuan dago eta bihar ahalik eta altuera gehiena irabaztea gura dute.