ALEX TXIKONEK ETA BERE TALDEAK 6.600 METRORAINO IGOTZEA LORTU DUTE

Phelipe Eizagirre
  • Oso jardunaldi “gogorraren” ostean lortu dute maila horretaraino igotzea, baina “oso ondo eta pozik” daude egindako lanarekin

  • Bihar egun garrantzitsua izango da espedizioan; izan ere, ezarritako helburuak lortzen badituzte, eguraldia lagun badute eta euren buruak indarrez ikusten badituzte, gailurrari erasotzen saia daitezke

“Igotzeko hiru egun eskatu ziguna egun bakarrean egitea lortu dugu. Ondo gaude eta oso pozik egindako lanarekin”. Horrela laburbildu du Alex Txikonek gaurko “egun gogorra”, 6.600 metrotara igotzea lortu baitute. Oraindik 1.500 metroko desnibela dute gailurrera iristeko, baina bihar helburuaren bila joango dira. Badirudi eguraldia ona izan daitekeela eta arratsaldea baino lehen 4. kanpamentua muntatzen saiatuko dira. Lortzen badute, eguraldia ez bada aldatzen eta euren buruak indarrez ikusten badituzte, gailurrera gau horretan bertan iristen saia daitezke. Ez da erraza izango, oraindik metro asko baitaude gailurrera iristeko, eta elur asko dago pilatuta, baina saiatuko dira.

Oraindik 1.600 metroko desnibela daukagu, baina mendiaren baldintzak ez dira txarrak. Gaurko eguraldiaren partearen arabera, 20 zentimetroko elurra bota zezakeen, baina ez du elurrik egin. Izan ere, orain zerua nahiko argi dago. Dendak ditugu 5.700 metrora, 6.100 metrora eta 6.600 metrora, une honetan gauden lekuan. Biharko asmoa goizean oso goiz irtetea da, 4. kanpamentua hornitzea, atseden hartzea eta, gauean, indar nahikoarekin sentitzen bagara eta dena alde badugu, gailurrerantz irtetea. Ikusiko dugu zer egin dezakegun, egoera minutuz minutu aztertu behar dugulako. Haizea apur bat aldatzen bada, ezin izango dugu”, azaldu dio irratiz Eneko Garamendi adiskide eta espedizio kideari.

Bihar, beraz, egun garrantzitsua izan daiteke #ManasluEkiren erronkan. Goizean goiz irtengo dira, eta pixkanaka gora egiten saiatuko dira, azken kanpamentua jarri arte. Behin hori egiten dutenean, gora begiratuko dute eta, euren buruak indarrez ikusiz gero, abenduaren 31n Bilbotik Katmandura abiatu zirenean hasi zutena amaitzen saiatuko dira. Hori bai, larunbatean oinarrizko kanpamentuaren babesa bilatu beharko dute, depresio bat iritsi eta bertan geratuko delako.