EUSKAL INAUTEA IZURRITE GARAIAN

Aurten, negulo edo hibernazio luze eta behartuan gaude denok, Hala eta guztiz ere, errito zaharrak atxikitzen jakin izan dugu. Urtarrilaren erdi aldean Uztaritzeko kotilunak karrikaz karrika ibili ziren, hartza eta ama-lurra iratzarri nahian, aurpegian maska gorriak, eskuan su-lastargiak eta bizkarrean joareak dingili-dangala. Ordutik aste-hondar guztietan ateratzen ari dira, hainbat auzotan, eta jarraitzeko asmoa agertu dute.

Iturengo eta Zubietako joaldunak ere hor ibili ziren, iluntzean, jenderik gabeko karrikak eta plazak alaitzen eta urteroko errito zaharra aurten ere errepikatzen. Eta horrela gertatzen ari zaigu euskal geografia osoan, osasun neurriak eta debekuak gaindituz edo nolabait gainditzeko prest baitira euskaldunak. Xiberoan maskaradak prest, Garazin eta Amikuzen libertimenduak prest, Lapurdi osoan kaskarotak prest… Denak mirakulu baten aiduru.

Aurten ere, hartza iratzarriko zaigu eta udaberriaren etorrerarekin batera, ama-lurra berriz zaigu piztuko. Birus madarikatua noizbait desagertuko da gure artetik, eta karrikak, ostatuak, plazak, merkatuak, bestak… berriz ere nonahi, Euskal Herriko bazter guztietan piztuko zaizkigu. Goiz ala berant, berriz argituko du.

 

1.- Ihautea gure arbaso zaharren pentsamendu magikoan.-

Gure arbaso zaharrek, laborantzatik bizi  zirenez gero, gogoeta sakona egin zuten urteaz, urtaroez, egunaren eta gauaren txandatzeaz, biziaren gurpilaz, eguzkiak urtean zehar egiten duen ibilbideaz, ilargiaren aldiez, egutegiaz, emankortasunaz, jainko eta jainkosez…  Eta horrela urtaroen banatzaile diren solstizio eta ekinozioetan euren jai erritual handiak ezarri zituzten.

Jai horietan naturarekin biziki lotuak ziren dibinitateak gurtzen zituzten: In edo –Inko-, Egu, Eki, Ilargi… eta jai hauek horien ohorez burutzen zituzten. Eguzkiaren besta handia udako solstizioaren inguruan izaten zen, eguzki jaioberriaren besta neguko solstizioan eta In jainkoaren besta udaberriko ekinozioan. Horrela izaki, hainbat adituren ustez, inauteria azaltzeko dugu lehen hitza, Inote litzateke, eta In jainkoaren garaia esan nahiko luke (In-o- +  -te).

Baina oroitu behar dugu garai zaharretan inotea Europa osoan zabaldurik zegoela. Jai bat baldin bada sustraitua munduan hauxe da, inauteria (gaurko izena erabiliz) –Lapurdin ihauteria deitzen duguna–, munduko bazter guztietan zabaldurik baitago. Bere errorik sakonenak antzinako denboretan gordetzen ditu, eta garai zahar haien oihartzuna ekartzen digu urtero, sentimendu zahar eta totemikoez jantzirik. Horixe baita azken finean inauteria, gure arbaso zaharren sinismenetara urteroko itzulera.

Gure Euskal Herri zahar honetan inauteriak indar eta kolore handia hartzen ditu, eta garai bateko magiaren sua piztuta iraunarazten digu. Inauteria jai solstiziala da, neguko solstizioaren jaia, eta solstizioaren inguruko errito bezala ulertu beharra daukagu. Inautea Lurra neguko loalditik ateratzeko aldia da, erritoz betetako denboraldia. Aurten, izurritea dela eta, neguloa edo hibernazioa inoiz baino luzeagoa eta sakonagoa izanen delakoa nago, baina azkenean gaindituko dugu.

 

Joaldunak Iturenen

2.- Ihautea, neguburutik bedatsera doan denboraldi errituala.-

Gogoratu beharra daukagu zer-nolako garrantzia duten kulturan eta herri guztien errito eta sinesmenetan solstizioek eta ekinozioek, hauen inguruan gauzatu baitituzte ez bakarrik beren tradizioak, eta baita aunitzetan egutegia ere, baizik eta urte osoan izateko eta bizitzeko beharrezko filosofia edo jokaera ere.

Udako solstizioa oso uztarturik dago biziarekin, berotasunarekin, eguzkiarekin, eta Neguko solstizioa bere aurkakoa izanik, heriotzarekin, hotzarekin eta ilargiarekin ere. Manikeismo hutsa. Neguko solstizioa nahitaez pasatu beharreko denboraldi luze iluna da. Ekiren erresumara iristeko iragan beharreko Ilargiren menpeko egoera. Negua joaten da pasatzen eta emeki-emeki eguzkiaren indarra gero eta handiagoa egiten da. Udaberriaren etorrera da, udaberriko ekinozioaren etorrera.

Ilargi ahultzen joaten da eta Eki, berriz, indartzen. Ekik gero eta indar handiagoa du eta honek ama-lurraren esnatzea dakar, biziaren berrindartzea, etengabeko gurpil ibiltariaren alde baikorra. Eta hauxe da inauterian urtero errepikatzen zaiguna. Hau dela eta, euskal inauteria leku askotan urtarrilean hasten da eta martxoan-apirilean bukatzen. Erritual luzea da neguko solstizioa eta udaberriko ekinozioa lotzen dituena. Neguarekin etortzen diren indar eta espiritu gaiztoak edo ezkorrak izutu behar dira, udaberriarekin etorriko diren indar baikorrei segida zabala eman ahal izateko. Eta hauxe da herri guztietako inauterietan, modu batez edo besteaz, egiten dena. Oroit dezagun adibide moduan, Ituren eta Zubietako joaldunak euren joare handiez edota eskuan daramaten zaldi-ilezko erratz horiek astintzen lortu nahi dutena: lurra esnatu eta espiritu gaiztoak euren herrietatik uxatu.


Hartza Zalduendoko inauterian

3.- Euskal ihauteetako erroak eta pertsonaiak.-

Azter eta aldera ditzagun orain lehenengo atalean ikusitako euskal kosmogonia zaharraren  ezaugarriekin euskal inauterian azaltzen diren zenbait pertsonaia eta osagai:

a.- Inauteri guztietan azaltzen dira pertsonaia ugariak, baina aunitzetan, ez beti, azaltzen da pertsonaia bat inauteri osoaren ardatza izaten dena (Miel Otxin Lantzekoan, Markitos Zalduendokoan, Trapujale Lezokoan…) Osotasun baten sinestearekin loturik izan daitekeena.

b.- Manikeismoaren etengabeko presentzia. Alde ona eta alde txarra. Espiritu onak eta espiritu gaiztoak. Batekoak edo bestelakoak. Adierazgarriena Zuberoako maskarada dugu, bi aurkako muturretan banaturik: gorriak eta beltzak.

Eta hauxe dena errepikatzen da inauteri guztietan, bi aldeetako pertsonaiak azaltzen baitira. Zenbait tokitan pertsonaia ezkorrek indar handia hartzen dute: Altsasuko momotxorroak, Unanuko mamuxarroak, Lantzeko txantxoak, Lezoko zirikoak…

 

Kaskarotak Urruñako ihauterian


c.- Eternitatearen kontzeptua beti azaltzen da euskal inauterian. Hasi egiten da gero bukatzeko. Baina hasiera eta amaiera gurpil batean lotzen dira, etengabeko gurpil ibiltaria gogora ekarri nahian. Bukatzean beti pertsonaietako bat hil egiten dute, Miel Otxin fusilatu egiten dute, Trapujaleri lepoa mozten diote igitai batez, hirietako inauteri urbanoetan, Tolosan, Donostian… Sardinari su ematen diote. Baina heriotza honek berekin darama hurrengo urteko itzulera, su garbitzaileak ez du deusezten, berritzen baizik. Zuberoako maskaradetan gauza bera gertatzen da. Pitxu hiltzen dute denak bere gainean jarrita, itota eta zapalduta nolabait esateko, baina azkenean bedeziak (sendagilea zubereraz) berpiztu egingo du. Naturaren urteroko berpiztea sinbolizatzen du, neguko solstizioan lotan geratzen dena eta udaberriko ekinozioan berriro pizten zaiguna.

d.- Animismoa eta naturalismoa  ere garbi islatzen dira, animalia eta izaki magikoen itxura hartzen duten pertsonaietan. Aipa ditzagun inauteri askotan azaltzen den hartz esanguratsua, (ez ahantzi zuberotarren ustez, hartza dela euskaldunon arbasorik zaharrena), Zaldiko nafarra edota Zamalzain zuberotarra, Bizkaia aldeko lamiak, azeriak, basurdeak, astoak… eta abar. Arrunt garrantzitsua da pertsonaia hauen inguruan gauzatzen diren erritualak: ferratzea, zikiratzea, odolez zikintzea, barrenak ateratzea… eta abar. Hauetako zenbait sexuaren inguruko errito iniziatikoetan ikus daitezke, Zamalzainen zikiratzean, esate baterako.

Badirudi, bestalde, ihauteria oso loturik dagoela lizunkeriekin eta haragi (txerrikia gehienetan) jatearekin. Ainitzen ustetan, inauteririk arkaikoena oso lotua dago elementu orgiastikoekin.

 

4.- Giristinoen moldaketa eta ikuskera berria.-

Esan dugu inauteria solstiziala dela, paganoa, arkaikoa, jentila Euskal Herrian, eta gure inauteriari dagokionez, aipatu ditugu garai bateko sinesmen zaharrekin lotzen dituen ezaugarriak edo bereizgarriak. Bai horrelakoxea da euskal inauteria eta begi bistan geratzen da, denon agerian. Baina paganismoa itzali zen aspaldi, euskal jentilak gorde ziren Kixmiren erlijioaren etorrerarekin eta ezartzearekin batera, eta hala eta guztiz ere, inauteriak gaurko egunetaraino iraun du. Nola daiteke izan?

Giristino erlijioak bestelako morala, bestelako ikuspegia ekarri zuen, baina Garizuma bat aurrera eramateko behar zuen atseden eta askatasunezko denboraldi labur bat aurretik, egoera estutasunez ito ez zedin. Hau dela eta, inauteria toleratu egin zuen, karnabala Garizumaren aurreko beharrezko denboraldi moduan. Hortik datorkio Gipuzkoako Arrasate herrian inauteriari ematen dioten izena, aratustea, haragia uztea alegia. Garizuman baraua eta abstinentzia aldarrikatzen zituzten, eta inauteria litzateke haragia uzteko denboraldiaren aurrekoa.

Baina toleratu egin bazuten ere, zehazki arautu behar izan zuten, denbora zehatz baten barruan sartuz. Hori dela eta, inauteria leku askotan Quincuagesimaren aurreko igandearen inguruko egunetan ospatzen dute. (Quincuagesima Berpizkunde Pazkoren aurretiko berrogeita hamargarren eguna dugu, Garizumaren aurreko igandea).  Hau da, aipatu igande horren aurreko ostegunetik hasita, ondorengo asteartera arte. Gero, Hausterre (Iparraldean Hautse deitua) etorriko da inauterian egindako bekatuak barkatzeko eta Garizuma arima bekataria arazteko. Ziklo bat bukatuko da besteari hasiera emateko. Eta hemen lotzen dira paganismoan aldarrikatzen zen etengabeko gurpilarekin, zikloak urtero errepikatu egingo baitira.

Inauteriak ekarri ditu gaurko egunetaraino jentilen mezu solstiziala, etengabeko gurpilaren oroimena eta  aurkakoen borroka sortzailearen oihartzuna, baina baita kristau erlijioaren mezu eta janzkera ugari ere. Eta azken honekin nahasirik iritsi zaigu XXI. mendeko gaurko egunetara. Izurriak inposaturiko negulo edo hibernazio luze eta sakona noizbait pasatuko delakoan idatzi dut artikulu hau. Hala bedi!!!

Lantzeko inauteria.