ALEX TXIKONEK ETA BERE TALDEAK OINARRIZKO KANPAMENTUAN JARRAITZEN DUTE HAIZE ZAKARRA ETA ELUR PIXKA BAT NAGUSI IZAN DIREN ZENBAIT EGUNEN ONDOREN

Phelipe Eizaguirre
  • Taldea oso motibatuta dago, baina badakite egunak aurrera doazela eta gero eta aukera gutxiago dituztela

  • Haize zakarra eta elurra konstante bat izaten ari dira duela astebete 7.050 metrotik jaitsi zirenetik, eta iragarpenen arabera, datozen egunetan ere berdin jarraituko du.

Haize bortitzak eta elurrak badirudi ez diotela ManasluEki espedizioari arnasa eman gura. Otsailaren 19an Alex Txikon eta bere taldea oinarrizko kanpamentura itzuli zirenetik, taldeak han jarraitzen du. Jakin badakite egunek aurrera egin ahala aukerak murriztu egiten direla, baina ez dute itxaropena galtzen.

Eguraldiaren parteek huts egin dezakete. Izan ere, azken aste hauetan behin baino gehiagotan okertu dira. Eta horri heltzen diote. “Hainbat egun daramatzagu oinarrizko kanpamentuan eta haizea eta elurra eten barik ari dira, baina aukerarik txikiena ikusten dugunean, aprobetxatu egingo dugu. Denbora aurrera doa, baina oraindik zerbait ona gerta daitekeela uste dugu. Ikusiko dugu”, dio Alex Txikonek.

Hori bai, taldeak oinarrizko kanpamentuan lanean jarraitzen du. Izan ere, beti dago zer eginik egoera onean izateko. Bitartean, zerura begira jarraitzen dute, eguraldiak su-etena noiz emango zain, martxan jartzeko. Oso gertu dute, baina, horretarako, ezinbestekoa da haizea eta elurra moteltzea.

Phelipe Eizaguirre