BILAKA EUSKO SAREAN: “KULTURAREN ZIRKUITU LABURRETARAKO”

Xabi Etcheverry

Euskal kulturaren aktore saihestezina, Bilaka konpainia Eusko kidetu berria da. Euskal Herriko tokiko monetarekin duen atxikimendua eta lurraldearekiko duen engaiamendua ulertzeko, proiektuaren zuzendaritza artistikoan den Xabi Etcheverryrekin elkartu gira.

Euskal Moneta: Oroitarazten ahal diguzu zer den Bilaka, eta zein diren zuen jarduerak?

Xabi Etcheverry: Baionan den Cité des Arts-eko Oldeak estudioan plantatu giren artista, musikari eta dantzari taldea gira. Euskal kulturaren aktibazio garaikidean lan egiten dugu, horrek erran nahi du, ondare ez-material tradizionaletik abiatzen girela, eta honen mugimendua estetika berriagoetarantz luzatzen dugula, bai musiketan bai dantzetan. Hala, beste estetika batzuetaz baliatuz, gomitatutako koreografoek eto taldeko kideek koregrafiatutako ikusgarriak sortzen ditugu. Eta “erritual” bat ere badugu, jendeen arteko loturak sortzen dituzten eta euskal kulturaren praktika bizi baten lekuko diren hitzordu popularak eta dantzaldi tradizionalak antolatzen ditugu ere. Idazlan koregrafikoak desakralizatu behar dira jendeak Euskal Herriko eta beste lekuetako errepertorioen gainean dantza dezan.
Azkenik, sentsibilizazio lan handia egiten dugu, belaunaldi gazteek dantza eta musika tradizionalaren praktika gara dezaten.
Gure jardueren bidez, euskal kulturari merezi duen tradizio bizi eta garaikideko tokia emaiten saiatzen gira.

E.M.: Zer zentzu du zure kolektiboarentzat Euskal Herriko monetari kidetzeak?

Xabi E.: Kulturalki gure lurralderari hertsiki lotuak gira. Beraz, logikoa zen engaiamendu horretan segitzea, baina oraingoan alde ekonomikoan. Euskoak dituen baloreetan sinesten dugu: birkokatzea, euskararen praktika eta lurraldeko elkartasuna. Kultura “tokiko produktu” gisa ikus daiteke, eta, orduan, “kulturaren zirkuitu laburrak” direla pentsa daiteke. Horrek, Euskoari kultura sektorean sartzea ahalbidetuko lioke, eta ez eguneroko gastu praktikoetan baizik egon. Gainera, badakigu kultura eragile batzu jadanik Eusko kide direka (herriko etxeak, udal konpainiak). kultura mundukoak tokiko monetaren erabiltzeko prozesuan gurekin bat egitera bultzatu nahi genituzke: hedatzaileak,zerbitzu hornitzaileak, artistak, etab.
Horrez gain, gure taldeak bertako artistak biltzen ditu: kulturatik bizi diren eta tokiko ekonomian parte hartzen duten 5 dantzari profesional eta dozena bat musikari. Batzuk pertsonalki jadanik Eusko kide dira, eta hein batean tokiko monetan ordaindua izateko nahia adierazi dute, gero eta enpresa gehiagotan egiten den bezala.

E.M.: Egungo osasun testuinguruak eraginik izan du desmartxa horretan?

Xabi E.: Bai. Tokikoaren garrantzia eta gure lurraldearekiko dugun loturaren garrantziaz berriz ohartzeaz gain, egungo egoerak alternatibak atzemaitea eta berrasmatzera bultzatzen gaitu. Ikusgarri eta kontzertu gelak hetsiak dira, eta publikoarekiko harremana galtzen ari gira. Kultura birtualizatuko dela beldur gira: pantaila bidez baizik ez dela “biziko”. Gure sorkuntzen kaptazioak egitera eraman gaitu, baina ez da aterabide bakarra izan behar. Publikoarekin lotura atxikitzeko moduak aurkitu behar ditugu, osasun jarraibideak errespetatuz, jakina. Ikuskizun biziaren funtsa galtzen ari gira, eta horrekin batera emaiten dituen sentsazio eta emozio guztiak. Emozio zintzo eta egiazkoa sortzea inoiz baino beharrezkoagoa da garai zail honetan.
Eskola edo zahar etxeetara joaiten gira arte eta kultur hezkuntzako proiektuen eremaiteko. Eta espero dugu, orain Euskoa onartuz, kulturaren transmisio berriei buruz galdezkatuko diren kultura antolatzaileen sare berri bat aktibatuko dugula, izan ikastolak, izan beren euskoak berrerabili nahi dituzten enpresak, kultura pantailetatik kanpo biziarazteko.
Gainera, kultura “birkokatuz” ezeztatzeko arriskua murriztuko ginuke. Nazioarteko bira handietarako gastuak ikusten ditugunean, uste dugu kultura jarduerak mantentzeko, tokiko artistei dei egiteko momento egokia dela.

E.M.: Nola erabiliko duzue tokiko moneta?

Xabi E.: Gure ikusgarrietako kontratuak Euskoz ordaintzea proposatuko dugu, baita gure tailer desberdinetako parte hartzea ere bai. Bestalde, gure komunitateari, ez bada jadanik egina Eusko kidetzeko proposamena eginen diogu, % 3ko dohaintzaren bidez gure elkartea babestu ahal izaiteko [horrek, Bilakari Euskal Monetaren dohaintza jasotzeko aukera emango lioke, hau da, babesleek egindako erosketen % 3ko baliokoa – %3ko dohaintzari buruzko informazio gehiago]. Ohartzen gira jende asko identifikatzen eta ezagutzen dela Bilakaren idazkera artistikoan, eta kulturarentzat zaila den garai honetan, gure babestea laguntza keinu bikoitza litaike: gure kolektiboarentzat, eta tokiko moneta erabiliz lurraldearentzat.
Gero, lehen erran bezala, gure soldaten zati bat Euskoz ordaintzen ahalko da. Gure ikusgarrietako jantziak ere tokiko monetan ordaintzen ahalko ditugu (jostunak eskulangile sortzaile ttikiak baitira ardura), gure bulego gastuak eta kontsumigarriak, edo konpainiaren inguruko merchandisinga (tixerta, tote-bag edo beste) Pott serigrafiarekin pentsa ditzazkegun adibidez. Eta Euskoak onartzen dituzten edo onar lezazketen soinu, argi eta bideo egileak bilatuko ditugu, baita ere janlekuak. Guretzat garrantzitsua da kultura mundua birkokapenaren noranzkoan mugiaraztea, egiazko tokiko hornitzaileen sare baten eraikitzeko.

E.M.: Milesker Xabi. Hitz bat bururatzeko?

Xabi E.: Gauza bat besterik ez dugu itxoiten: ahal bezain fite berriz taula gainean agertzea eta jendearekin berriro konektatzea!

-> Hitzordua, apirilaren 30ean, Hendaiako Mendi Zolan, Saioak ikusgarrirako