SUTEA

Beratik igo da Ibardin aldera,

suge narrasti zikin bat bezala,

bere pozoia hedatuz, dena erre da,

Urruña, Azkaine hunkituak dira.

 

Oihanak, iratzeak sutan dira,

kea urrundik sumatzen da,

mendia gogorki sufritzen ari da,

Larrun maitea kolpatua da.

 

Mendia larrutua, suntsitua da,

basoak hautsez tapatu dira,

errautsa zeruraino airatu da,

loreak, fauna desagertuko dira.

 

Baso-goroldioa funditua da,

pottokak, betizuak jautsi dira,

iheska joan dira malda behera

zerua beltzez beztitu da.

 

Egun ilun triste hauek ahantziko dira,

izadia berpiztu eta indartuko da,

mendia berriro berdeztatuko da,

biziak heriotzari hartuko lekua.

 

Azkartuko, zutituko zira,

berriro elkartuko gira,

atzo ezagutu ginuen hondamena,

bihar ez dadila berritz gerta.

 

Oroit gaitezen bat egiten dugula

Amalurrekin, gu guztien ama!

Handitzen, loratzen gaituena!

Bizia, gizadia sortu duena!