ITURRI SENDAGARRIA

Goiz guziz bezala, Mikela esnatzen da eta gosaria hartu aitzin, garbitzera doa. Ur pixka bat botatzen du bere aurpegira, ongi atzartzeko gisan, eta segidan hasten da pausatzen olio berezi bat, belar sendagarri batzuekin egina, bere gorputza osoan. Urteak eta urteak goizero pasatzen duela olio hori gorputz osoan eta pixka bat eritasuna ahultzen bazaio, ez da behin ere osoki joaten eta gora-beherak ezagutzen ditu. Erran behar da larruaren eritasuna duela gorputz osoan, tittak gorritsu batzuk, hedatuak dituela burutik behera. Eritasun hau sortuz geroztik badu eta bere lagunak trufatzen zaizkiote erranez aurpegia botoinez betea duela eta abar. Lotsatzen da eta aspertua da…

Gaur, haatik, gorputzean eta aurpegian hedatzeko duen krema horren ordez, asperturik, lasterka joan da herri bazterrean den etxera, Luixaren etxera, sorginaren etxera, eta galdegiten dio ea baduen zerbait sendatzeko moduan, ezin duela horrela segitu. Hemezortzi urte ditu eta ez du mutil lagunik. Badu bai, maitemina, gazte bat, bederen bere bihotzean, baina ez dio oraindik deus erran, deus aipatu. Sobera lotsatzen da eta gainera, beste herriko mutil gazteak bezala, ez dio kasurik egiten…

Ikusiz galdua eta desesperatua dela, Luixak erraten dio baduela sekretu bat eritasun honen sendatzeko baina ez dela inori zabaltzen ahal, inori erraten ahal, gordea atxiki behar dena. Bistan da, dio Mikelak, ez dut inori aipatuko. Zein da zure sekretua?

Luixa hasten da kontatzen bere sekretua:

Igo behar duzu Larrun gainera, gure mendi sakratura, Iturri Ederrak izeneko gunera, erreka bazter batean, hirukia egiten duten Larrun, Ziburu-mendi, eta Ateka-leun tontorren artean, eta horren erdian, puntu berezi horretan, badago harri xuri bat. Hor eguerditan, iduzki izpi batek jotzen du harria. Preseski, momentu horretan, harria altxatu behar duzu eta xilotik isurtzen den ura behar duzu edan eta gorputza osoan ezarri. Ur magikoa errekatik ateratzen da eta horrek sendatuko zaitu. Haatik, Larrun mendia eskertzeko, hitzeman behar duzu urtean behin igoko zirela mendira eskaintza bat egitera eta hori zahartu arte, ahalko duzun arte.

Hori entzun orduko, besarkatzen du Luixa eta bere etxera itzultzen da, oso pozik, inori deus erran gabe. Biharamunean, esnatzen da usaian bezala eta elizako ordulariak, hamarrak joko dituelarik, etxetik abiatuko da Larrun aldera. Tenorea etorria zaio eta abiatzen da, igotzen, begiratuz ezker eta eskuin nehor ez denik. Iturri Ederrak gunera aliatzen da eta hor hasten da harri xuri hori xerkatzen. Hirukia egiten hasten da bere buruan, ikusten du gutti-gorabehera, nun den hiruki horren zentroa eta hasten da harri xuria xerkatzen. Badu orain momentu bat harria xerkatzen ari dela, eta Mikela kexatzen hasia da. Atzemanen ote du harri xuri hori?

Dudak buruan hasten zaizkio sartzen. Azkenean, oihanen erdian, erreka bazter ttipi baten ondoan, harri xuria atzematen du. Ze poza, ze loria, ze alaitasuna harria ikustean!!! Hurbiltzen da eta bere inguruan begiratzen du nehor ez denik. Denbora pixka bat gelditzen zaio iduzkia gor-gorenean izateko. Azkenean, iduzkiak ez du gehiago bere itzala lurrean agerrarazten eta horrek erran du eguerdi bete- betean dela. Harria altxatzen du poliki-poliki eta ikusten du xilo ttiki bat, nundik ura ateratzen den. Iduzki izpiak jotzen du iturritxo ttiki hori eta urrezko kolore bat urari ematen dio. Berriz ere begiratzen du nehor ez denik bere inguruan eta biluzik delarik, ur sendagarria ematen du gorputz osoan eta aurpegian. Gero, xurrupa bat edaten du eta segidan harria bere tokian pausatzen du. Beztitzen da eta lasterka etxe aldera joaten da.

Biziki alegera etxean sartzen da, kantuz umore onean. Bere burasoak, ingurukoak harrituak dira nola neska alegera bilakatu den, hain beste urtez triste xamar ezagutu baitute. Inori deus erran gabe segitu du bere bizia, oroituz, Luixak errana ziola ura gorputzean pasatu eta gero, ondoko gauean, tatxak edo tittak desagertuko zirela…

Biharamunean esnatzen da eta laster doa ispiluren aitzinera bere aurpegia eta gorputzak ikustera. Hor ohartzen da titta guziak joanak direla bai aurpegian eta bai gorputza osoan. Ezin sinetsiz egoten da eta burasoen ikustera joaten da. Mikela ikusten dutenean, segidan ohartzen dira ez duela gehiago tatxarik eta galdegiten diote ea gorputzeko tittak ere joanak direnez. Mikelak buruarekin baiezko keinua egiten du eta irriño goxo batekin besarkatzen ditu…

Orduz geroztik, Mikela, urtero igotzen da Larrunera, eta tarteka lagun batzuekin ere, maiatzaren azken aitzineko igandearekin.

Urte batzuk pasa dira, Luixa zendu da, eta hil aitzin, Mikelari erran dio Larrungo sekretua pasatzen ahalko zuela norbaitek galdegiten bazion. Bistan da, Mikela bezala, eritasun berbera izan beharko lukeela eta sekretua errespetatu beharko lukeela ere…