NUPEK ESTATUKO LAGUNTZA PLANAREN 2,5 MILIOI EURO LORTU DITU 24 IKERKETA-PROIEKTUTARAKO

Finantzaketa horri esker, 6 lagun kontratatuko ditu ikertzaileentzako prestakuntza jaso dezaten 4 urtez

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2.570.076 euro eskuratu ditu I+G+b-ko proiektuetarako laguntzen Estatuko Planetik (ikerketa, garapena eta berrikuntza) 24 ikerketa-proiektu egiteko. Lehiaketa bidez esleitzen dira dirulaguntza horiek. Horri esker, ikertzaileentzako doktoretza aurreko prestakuntzarako 6 kontratu ere eginen dira, eta onuradunak 4 urtez arituko dira proiektu horietakoren batean. Deialdi honetan ere, Estatuko Plan horretan proiektu eta dirulaguntza gehien lortu dituen entitatea da NUP.

NUPen 24 proiektuetatik, bederetzi 4 urtean egitekoak dira; gainerakoak, berriz, hiru urtean egitekoak. Gaiei dagokienez, honako arlo hauetakoak dira proiektuak: Bioteknologia; Tresna Diagnostikoak, Pronostikoak eta Terapeutikoak; Lurraren eta Uraren Zientziak; Nekazaritza eta Basogintza; Zuzenbidea; Ekonomia eta haren Aplikazioak; Enpresa eta Finantzak; Abeltzaintza eta Nekazaritza; Konputazioaren Zientziak eta Teknologia Informatikoa; Ingeniaritza Kimikoa; Hizkuntzalaritza eta Hizkuntzak; Energiarako eta Ingurumenerako Materialak; Zientzia Matematikoak; Soziologia eta Antropologia Soziala, eta Komunikazioen Teknologia.

Ikerketa Zientifikorako eta Teknikorako Estatuko 2020ko Planeko dirulaguntzen deialdian 2.863.662 € lortu ditu NUPek (2.576.332 € I+G+b-ko proiektuetarako); 2019an, aldiz, 1.701.619 € eskuratu zituen.

Patxi Arregui San Martín Ikerketako errektoreordeak esan duenez, “2021ean berdindu egin du NUPek I+G+b-ko proiektuetarako finantzaketa handiena lortu zueneko kopurua, aurreko urtekoa alegia. Dirulaguntzak lehiaketa bidez esleitzen ditu Ikerketako Estatuko Agentziak, eta ezinbestekoak izanen dira NUPek heldu diren urteetan ikerketa-lerro berriak zabaldu ditzan; hartara, ezagupen berriak sortuko ditu, eta giza kapitala prestakuntzaz hornitu”.

Eskualdeko eta Europako finantzaketa

Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 1.825.221 euroko finantzaketa lortu du “I+Gko proiektuak egiteko laguntzak” izeneko deialdian. Deialdi hori erdi bana finantzatzen dute Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasuneko Eskualde Garapeneko Europako Funtsak.

Guztira, I+Gko hemezortzi proiektu gauzatuko dira 2021etik 2023ra, dela enpresa batekin dela zenbaitekin elkarlanean. Lehiaketa bidezko deialdian, Unibertsitatearen beste hamaika proiekturi eman zitzaien oniritzia, baina dirulaguntzarik gabe gelditu ziren aurrekontu aski ez zegoelako. Aurreko deialdian, 995.000 € lortu zituen NUPek 12 proiektutarako.

Ekarpena lurraldearen garapenari

Gogoratu behar da Nafarroako Unibertsitate Publikoak berretsi egin duela CYD Fundazioaren unibertsitateen 2021eko rankingeko posizioa lurraldearen garapenari ekarpen handiena egiten dioten unibertsitateen artean. Zehazki, errendimendu handia lortu du lau adierazletik hirutan: eskualdeko ikerketa-funtsak, eskualdeko enpresetako praktikak eta eskualdeko enpresekin egindako argitalpenak. Beste lau unibertsitate hauek ere talde berean daude: Bartzelonako Autonomoa, Málagakoa, La Laguna eta Internacional de Catalunya.