“EL ARGA” (1879-1881)

Izenburuaren azpian “Unión Vasconavarra” zeraman idatzirik. Hasieran astearte, ortzegun, larunbat eta igandeetan irakurtzen ahal bazen ere, bigarren urterako egunkari bilakatu eta 1880ko urriaren 29tik aitzinerat jai egunetan ez zuten plazaratzen. Luis Gartzia Santz inprimatzaileak sorturik, bera eta Migel Irigarai zuzendari lanetan aritu ziren. Arturo Kanpion eta Hermilio Oloritz idazleek frankotan lagundu zieten, argitalpenaren gibelean “Asociacion Euskara de Navarra” zela agerian utziz.

Honela idatzi zuen Migel Irigaraik: “Unión vasconavarra bajo el bello y sagrado lema de Fueros”. Eta Hego Euskal Herriko lau herrialdeen gainean honela zioen: “No forman en realidad más que un solo pueblo, unas mismas costumbres, una autonomía común, una misma lengua, verdadero y tal vez único signo de las nacionalidades lógicas, un mismo espíritu de libertad inextinguible”. Ildo bereari jarrikiz, eta 1881eko urtarrilaren 17an idatzi zutenez, “Hemos depuesto gustosamente los viejos ideales de la artimaña política española para consagrarnos esclusivamente, en alma y cuerpo, a la defensa de otros que los consideramos más nobles, más levantados, dignos del entusiasta apoyo de todos los hijos bien nacidos de este desventurado suelo; a la defensa de la integridad de las instituciones forales”. 1881eko uztailean gobernadore zibilak salatu zuen, baina absolbitu zuten. Egun arriskutsu horietan “Lau-Buru” sortzeko bilera eman zen, komunikabidea zentsuratuz gero bertze bat martxan jarri ahal izateko.