COVID TERRAZAK BERTAN BEHERA UTZI ETA ALDE ZAHARREKO MAHAIA DEITZEKO ESKATU DU AZ EKIMENAK

  • Masifikazio, zikinkeria, zarata eta espazio publikoaren erabateko merkantilizazio prozesuak markatu dute pandemiaren azken etapa Alde Zaharrean, auzokideen bizi kalitatea modu nabarmenean okertuz. Arazo honen inguruan jarduteko AZ Ekimenak udalari eskatu dio Alde Zaharreko mahaia deitu eta Covid terrazak berehala kendu ditzan, ostalaritzako neurri murritzaileak bertan behera geratu baitira. 

Ostalari txiki askorentzat pandemia garaian euren negozioak irekita mantentzea hil ala biziko kontua zenaren jakitun, Alde Zaharreko bizilagunek euren espazio publikoaren zati handi bat utzi dute hilabete askotan terrazak jartzeko. Udaletik uneoro ziurtatu dute horiek behin behinekoak zirela. Denbora tarte honetan terraza kopurua bikoiztu eta terrazarik gabeko plazak erdira jaitsi dira. Salbuespen egoera baten aurrean, auzokideek salbuespeneko neurriak onartu zituzten. Baina behin murrizketak bukatuta, egoerak bere horretara itzuli behar du, hori adostu baitzuten inplikatutako parte guztiek. 

Azken hilabeteotan, Alde Zaharreko bizilagunen elkarbizitza eta bizi baldintzak nabarmen okertu dira. Espazio publikoaren merkantilizazioa, zarata, zikinkeria, masifikazioa, kriminalizazioa eta gazteriarekiko jazarpenak bideratu beharreko errealitate bat marrazten dute. Horretarako, AZ Ekimenak udalari eskatu dio Alde Zaharreko mahaia deitu dezan, inplikatutako agente guztiak elkartzeko organoa baita. Horrela, elkarbizitzan eta pertsonak erdigunean jarriko dituen auzo eredu batera jo ahal izateko.

AZ Ekimena