APHANIZEKO ZILOAN

Oihu azkarrak entzuten ziren,

Aphanizeko zilotik ateratzen,

neskatxa ederra ari baitzen,

etengabe negarrak botatzen.


Ile gorri luzeak zituen,

korapiloak kentzen ari zen,

ta urrezko orraziarekin,

ile adats ederrak luzatzen.


Orduan artzaina ikusi zuen,

bere zilo sakonera hurbiltzen,

begirada bat zion botatu,

eta laguntza aldarrikatu.

Ei! Artzaina! Lagundu nazazu!

Zin egin ta hitzeman idazu:

San Joaneko gau txol ilunean,

zilotik aterako bainauzu!”.


Ez zaitez ez batere kexatu,

gau hortan hemen izanen nauzu,

zu zinez nahi zaitut salbatu,

putzu honetatik ateratu!

San Joan gaua etorri denean,

artzainak du emaztea eraman,

pausatuz sorbaldaren gainean,

piztiak zituela aitzinean.


Hala ere ez da ez beldurtu,

beti aitzina du segitu.

Herensugea zaio agertu,

emaztea orduan du botatu.


Ene! mila urterentzat nauzu,

hemen utzita kondenatu,

ezin izango nauzu ahaztu,

zure baitan naizelako sartu.”


Orduz gerotik San Joan gauetan,

Aphanizeko erreka ziloan,

negar mingarriak dira aditzen,

haizeak dituelarik ufatzen.