NUPEK LAGUNTZEN DEIALDI BAT ZABALDU DU

NUPeko dibulgazio-jardueretako bat, Ikertzaileen Gau Europarrean.

Unibertsitateko komunitatearentzat, zientzia dibulgazioko jarduerak egiteko.

Proiektuak aurkezteko azken eguna abenduaren 12a izanen da, eta irakasleek, ikasleek eta administrazioko eta zerbitzuetako langileek aurkezten ahal dituzte.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak zientzia dibulgazioko jarduerak egiteko laguntzen deialdi bat zabaldu du, unibertsitateko komunitateko kideek sustatutako jarduerak 2022an egiteko xedez. Laguntzen zenbateko osoa 30.000 eurokoa da, eta proiektuak abenduaren 12ko 14:30ak arte aurkezten ahalko dira.

Deialdiak hiru modalitate ezartzen ditu: ikerketaren dibulgazioa, bokazio zientifikoak eta kultura zientifikoa. Lehenengo modalitatean NUPeko ikerketa-proiektuen emaitzak dibulgatzeko helburua duten proiektuak sartzen dira, eta balioetsiko dira NBEren 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzeko Unibertsitateak egindako ekarpena ikusarazten duten proposamenak.

Bokazio zientifikoen kasuan, proiektuen helburua izanen da unibertsitate aurreko mailetako ikasleen artean bokazioak eta zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa sustatzea, ikerketa-metodoarekin eta -praktikarekin harreman zuzena izanez. Modalitate honen barnean sartzen dira, orobat, Batxilergoko ikasleei zuzendutako campus zientifikoak eta ikastetxeekin lankidetzan egindako jarduerak.

Kultura zientifikoaren modalitateko dibulgazio proiektuak edozein gai zientifiko eta teknologikori buruzkoak izaten ahal dira, zientzia gizarteari oro har hurbiltzeko, eta haren ulermena eta espiritu kritikoa areagotzeko.

Deialdian ezarritakoaren arabera, laguntza bat emanen da eskatzaile eta aldi bakoitzeko, eta jardueraren kofinantzaketa onartuko da; izan ere, deialdia bateragarria da jarduera egiteko lortzen ahal den beste zeinahi laguntzarekin.

Baldintzak

Laguntzen eskatzaileek honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte: datu pertsonalen fitxa, proposatutako proiektuaren fitxa, oroitidazki ekonomikoa, eta atxikita dauden ikastegiaren, fakultatearen edo ikerketa zentroaren bermea. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen, ikasleen edo beste talde batzuetako kideen proposamenen kasuan, jarduerak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasle eta ikertzaileen taldeko kide baten sostengu zientifikoa izan beharko du beti.

Bestalde, laguntzak eskuratzen dituztenek, proiektua egin eta ebaluatzeaz gain, betebehar hauek izanen dituzte: jardueraren difusioa egitea, proiektuaren kargura egindako gastuak justifikatzea eta, jarduera amaitutakoan, oroitidazki labur bat prestatzea.