GABONAK, FEMENINO PLURALA

Urbi et orbi

2021eko azken kapitulura iritsita, gaztain usain, argi nabar eta birus suntsiezinaren presentziarekin itxiko dugu aurtengo liburu gorabeheratsua. Herritarren energia-txirotasun taupakaria kaleetako argi koloretsuek dirdira alaien mozorroarekin ezkutatzen dute etxeetako kandelen gar dardartia. Galeriarentzat, bestela baitakoan jokatzen ondo hezita gaude.

Tanta labainkorrek bustitako leihotik begira ari naizela, etxe aurreko errotondako zuhaitz bakartiaren inguruan mamu itxurako dantzari batzuk hauteman ditut, arbolaren gurtzarako akelarre moduko bat, edo auskalo.

Sorgin lausotu horietako bat taldetik aldendu, ezkutuko etengailu sekretuari eman, eta zuhaitzaren alboan argizko oreinak eta soka dantzariak pizteaz bat, akelarre hartako partaideak gizonak direla jabetu naiz, udaletxeko langile arruntak, eta ez behinolako emakume mistiko eta errituz jantzitakoak.

Horiek horrela, nire ameskeriak utzi, eta errealitateak berehala astintzean, zalantza batek zeharo harrapatu nau: langile horien edo euren homologoen etxeetan ere beraiek arduratuko ote diren pinua eta jaiotza ipintzeaz, hain zuzen. Ameskeriekin jarraitu nahian, baiezkoa pentsatzea erabaki dut.

Halarik ere, amonarenetik hasi, gurasoenetik pasa, eta neurera iritsita, betidanik, emakumea arduratu izan da etxea gabon girotzen. Amona, ama eta neroni izan gara, bakoitzak berean, Konstituzio zubian ganbaratik (zeukanak, noski) koloretako bola sorta, zinta distirakorrak, plastikozko zuhaitza eta kiribildutako argi katea jaitsi, eta etxea apaintzeko arduradun bakarrak.

Gizonaren papera, kasu horietan, eta zilegi zenean, jaiotzarako goroldio bila mendira joatea izan ohi zen, ez ordea, ondoren zegokion lekuan txukun eta apain kokatzea. Urtero errepikatzen zen usadioa izaten zen, eta jarraitzen du, umeei ilusioa egiten dien aitzakiaz, emakumeok gabonei etxean sartzen uztearen betebeharra.

Egun, zorionez, ba omen dira halakoetan laguntzen duten gizonak ere, sarriki ekimena emakumearena izan arren. Zenbait enpresa gris eta itxura goibeleko sarreretan lekuz kanpoko pinu erraldoia, kasu, nahiz eta nagusiak agindu, gehienetan emakumeren batek edo batzuk tentetu eta atontzen dute, bezeroa, umeen moduan, hura ikustean, hunkitu eta samurtuko delakoan.

Gaur egungo haurrek, bestalde, Olentzeroren bisitaz gain, Mari Domingirena ere igurikitzen dute. Egia esan, umeen mundura gerturatu arte, ez nuen emakume hura ezagutzen. Itxuraz, Olentzeroren ondoko pertsonaia hura Donostian agertu omen zen 1990eko hamarkadan. Wikipediari jarraiki, gizonezkoaren alboko emakumezkoaren abestia Resurrección Maria Azkue elizgizon eta euskal hizkuntzalariak jaso zuen lehen aldiz XX. mende hasieran.

90a baino lehen jaiotakoontzat, Gabon-egunean ikastolara Olentzero bakarrik etortzen zen, ezkontidea zuenik ere aitatu gabe. Emaztea, kidea, laguna edo laguntzailea garai batean aipatu gabe uzteak orduko gizarteko pentsamoldearen molde falta erakusten du, gaur egungo edozertarako merchandainsinak asmakizun ekonomikoa eta behar politikoa dela erakusten duen modu bertsuan.

Viejas canciones donostiarras liburuan parez pare agertzen omen dira eguberritako bi pertsonaien abestien hitzak. Gizonarenean Olentzero buru handikoa, txerria, erretzailea, mozkorra eta tripa handikoa bezala deskribatzen duen heinean, emakumeari gona zaharra ateratzeko eskatzen zaio Belena joan nahi baldin badu, irrintzi, algara eta pozez gainezka, gainera.

Deskribapen fisikoak emakumearenean histu edo desagertu egiten dira, kasu batean bestean baino onartuago dagoelako, agian. Gizon zahar, arduragabe eta gizena atso potol eta axolagabea baino lehenago hobesten dugula ere adierazten du, horrela hezi gaituztelako, beharbada, argi koloreaniztun eta pandero hots gogoraerrazek. Gizona, utzikeriazko itxura eta jarrera izan arren, entedimentuz jantzia da; emakumeari, aldiz, irudi falikoa buruan, irribartsu hiriarentzat, pozik munduarentzat agertu behar duela eskatzen zaio; hala abesten du, behintzat, Gabon-kanta ez hain zaharrak, ez hain gabonetakoak.

Hiru errege magoak noiz etorriko ote dira bakoitza bere emakumezko konpainiarekin? Parekatzen hasita, errege-erroska eta jaiotza irudien salmentak hirukoiztu egingo lituzke, horixe baita, umeen ilusioaren falaziapean, helburu nagusietako bat. Ikusteko dago, halere, balizko hiru emakume horiei zer itxura eta paper egozten zaizkien.