NUPEK ETA NAFARROAKO INDUSTRIA INGENIARITZAKO GRADUATUEN ETA INGENIARI TEKNIKOEN ELKARGOAK 4.0 INDUSTRIAREN KATEDRA BERRITU DUTE

Hitzarmena sinatzen. Ezkerretik eskuinera, Ramón Gonzalo errektorea eta Luis Maestu Martínez Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoko dekanoa.

Lankidetza horren bidez, ingeniaritzaren arloan ezagutza sortzen jarraituko dute bi erakundeek ikerketaren eta prestakuntzaren bidez

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) eta Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoak berritu egin dute 4.0 Industriaren Katedraren lankidetza-hitzarmena, katedra eratzeko 2017an sinatu zutena industria ingeniaritzaren arloetan ezagupenak sortzearren.

Erakundeen arteko lankidetzak lau urte hauetan egindako lanaren bidetik jarraituko du. Hasieratik bertatik, honako helburu hauek izan ditu Katedrak: ikerketa- eta doktoretza-tesiak eta gradu amaierako lanak egiten laguntzea, tituludun berriei lan merkaturako sarrera erraztea, prestakuntza jarraitua antolatzea profesionalentzat, praktikak erraztea ikasleentzat edo Elkargoarekin harremana duten Estatu Batuetako beste unibertsitate batzuekin ikasle trukeak egitea, bai eta unibertsitate zabalpeneko jarduerei, hala nola kultura, kirol eta gizarte jarduerei laguntzak ematea ere.

Duela gutxi izenpetu zuten lankidetzan aritzen segitzeko hitzarmena Ramón Gonzalo Unibertsitateko errektoreak eta Luis Maestu Martínez Nafarroako Industria Ingeniaritzako Graduatuen eta Ingeniari Teknikoen Elkargoko dekanoak.

Irakaskuntzaren eta enpresa munduaren integrazioa

Gorago adierazi bezala, jarduerak elkarrekin egiten jarraitzeko aukera eskainiko du hitzarmenak. Zehazki, Gradu Amaierako Lanetarako 4.0 Industriaren Katedrako Sarien deialdiak eginen dituzte, eta ikasle elkarteei laguntzak emanen dizkiete zenbait jardueratan, hala nola Motostudent desafioan. Horretaz gainera, hitzaldiak antolatuko dituzte aurrerantzean ere aukera profesionalei buruz, eta bekak emanen dizkiete ikasleei, hots, curriculumez kanpoko bekak hirugarren ikasmailakoei eta curriculum barrenekoak laugarrenekoei.

Bestalde, hitzarmenari esker, elkarlanean ari dira Auburneko, Kentuckyko eta Clemsoneko unibertsitateekin energia berriztagarrien, jasangarritasunaren eta enpresetako proiektuen kudeaketaren arloko prestakuntza-proiektuetan. Horri esker, NUPeko ikasleek Estatu Batuetako unibertsitate horietako ikasleekin integratzeko aukera dute.

Gaur sinatutako testuak ezartzen du, halaber, erakunde sinatzaileetako bakoitzaren bina ordezkarik osatutako batzorde mistoa arduratuko dela 4.0 Industriaren Katedrako lanen jarraipena egiteaz, eta urtean behin bilduko da gutxienez ere.