CIVIVOX-ETAKO JARDUERAK

Garaikide zikloak 2022an musika, antzerkia eta argazkigintza dakartza otsailaren 2ra arte, Kondestable Civivoxean eta Nafarroako Antzerki Eskolan

Civivoxetako jarduerak doan izanen dira, eta Nafarroako Antzerki Eskolako ikuskizunetarako sarrerek, berriz, 8 euroko kostua izanen dute

Iruñeko Udalak Garaikide euskarazko adierazpen artistiko garaikideko erakusketaren beste edizio bat abiatu du; urtarrilaren 14an, ostiralarekin, hasiko da, otsailaren 2an amaitu. Programazioak antzerki-dokumentala eta performatiboa, argazki-erakusketa bat eta kontzertu bat barne hartuko ditu, besteak beste. Agertokiak, oraingo honetan, Kondestable Civivoxa eta Nafarroako Antzerki Eskola izanen dira, izan ere, azken hori entitate laguntzailea da Nafarroako Gobernuarekin batera. 

Kondestablen egiten diren jardueretarako sarrera librea eta doan izanen da, leku guztiak bete arte. Nafarroako Antzerki Eskolan eginen diren ikuskizunei dagokienez, sarrerak 8 euroan egonen dira salgai eta bi saiotarako bonoa 12 euroan. Sarrerak www.laescueladeteatro.com webgunean eta Nafarroako Antzerki Eskolako txarteldegian jarriko dira salgai, emanaldia hasi baino ordu eta erdi lehenago.

Zikloaren abiapuntua Elena Setien, Joseba Irazoki eta Xabier Erkizia musikarien eskutik izanen da, ‘Mirande’ diskoaren aurkezpen kontzertuarekin, Kondestable Civivoxean, urtarrilaren 14an, ostiralarekin, 19:00etan. Grande Daysek Xabier Erkizia eta Elena Setiénekin batera, Igartza Musika zikloaren barruan Beasainen eman zuten kontzertu batetik sortutako disko bat da.  Albuma Jon Mirande idazlearen –euskarazko poesia modernoaren bultzatzaileetako bat– poemek osatzen dute. Aurten, egilearen heriotzaren 50. urteurrena ekartzen da gogora.

Musikaren ostean, zikloak argazkigintzari ateak irekiko dizkio, ‘Autopsiak’ erakusketaren bidez, zeina urtarrilaren 18tik otsailaren 2ra arte ikusgai egonen baita Kondestable Civivoxean . Asier Gogortzaren erakusketak autopsiaren kontzeptuaren inguruko bost argazki-sail barne hartzen ditu, baina kontzeptua paisaiari ezarrita. Erakusketak jenderik gabeko herri hutsetara daramatza ikusleak, Berako bordetara, Portugalgo tren geltokietara…, bere garaian bizitzaz gainezka egon ziren paisaiak, denboraren poderioz abandonatuta eta hilzorian geratu direnak.  Otsailaren 25ean, 19:00etan, topaketa bat eta erakusketara bisita bat antolatu dira, Xabier Erkiziak gidatuta.

Zikloaren lehenengo antzezlana urtarrilaren 19an, asteazkenarekin, izanen da, Nafarroako Antzerki Eskolan, arratsaldeko zazpietan. Antzerki performatibo bat da, Maite Aizpuruak sortu eta antzeztua. ‘Erresistentzia arazo fisikoa da’ obrak gorputz-memoriaren txokoetan gelditzeko gonbit egiten digu, eta aukera ematen dio bakoitzari arakatzeko medikuek esandakoak, ibilera okerrak, desira ironikoak eta diziplina fisikoko ariketak gurutzatzen diren geraleku jakin hori.

Bestalde, urtarrilaren 23an (igandea), Kondestable Civivoxean eginen da ‘Tribiz, baserri galdue’ antzerki-dokumentala, 19:00etan, Jon Ander Urrestik sortua eta antzeztua. Jadanik erabiltzen ez den ondarearekin zer egin aztertzen da antzezlanean, diskurtsoaren ardatz hartuta Bizkaiko baserririk zaharrena, 700 urtetik gora dituena eta objektu arkeologiko bihurtua.

Zikloaren azken agertokian ‘Antigone edo ezetzaren beharra’ lana taularatuko da, Horman Posteren Kolektiboaren eskutik, Nafarroako Antzerki Eskolan, urtarrilaren 27an, 19:00etan. Egileek diotenez, Antigoneren bertsio librea  da, euskaratutako obra klasiko guztiz garaikidearena. Lan horretan mendeetan zehar konpondu gabeko gatazkak antzezten dira, begirada umoretsu zein tragikoaz. Obrak ikusleen saria jaso zuen Azpeitiko XXVIII. Antzerki Topaketetan.