ALETXA ETA MIKEL – 1

Udaberriko arratsalde eder batean, auto ederra azpiko garajean aparkatu orduko, kostaldeko apartamendu aberats batean sartu zen Mikel.

– Arratsalde on Aletxa!

– Arratsalde on Mikel!

– Nola zaude Aletxa? Nik egun terriblea ukan dut gaur lanean! Denak nire kontra zirela, iruditzen zait!

– Ni lasai, Mikel, beti bezala. Etxea kudeatu eta zaindu dut. Espero dut dena ordenan aurkituko duzula eta ni beti zure alde…

– Ireki leiho ateak otoi, Aletxa. Izugarri tristea da giro ilun hori apartamenduaren barnean non kanpoan udaberriko eguzkiak dena argitzen eta berotzen baituen.

– Baietz Mikel, berehala! Ezin duzu asmatu nola arratsaldean, hemen eguzki horrekin sargori jasanezina pairatu dudan. Hola da hegoalderako apartamenduetan, ezta? Baina hain atseginak dira neguan, iparrerako apartamenduekin konparatuz!

– Bai, bai, bai… Aletxa. Presta iezadazu bainu bero on bat otoi, bat-bateko berotasun horrekin arratsalde osoan izerdi lapetan izan naizelako eta orain usain txarra dut. Ez dugu horrelako usainean afalduko!

– Bai, bai, Mikel. Halere nahiago nuke nik dutxa atsegin eta freskoa hartuko bazenu. Aurrezkiak horrela eginen genituzke, bai urez bai argindarrez. Horrez gain fiteago afarirako prest izanen zara.

– Bai, arrazoi duzu Aletxa, baina salbuespena salbuespen, gaur otoi presta iezadazu nire bainua, milesker anitz. Bitartean posta frogatu behar dut. A! Eta garagardo fresko ona ere isurarazi otoi. Bainura eramanen dut.

– Bai Mikel, baina medikuak erran zigun, pisurik galdu nahi bazenuen, hilabete batzuez hobea zela alkoholik gabe gelditzea, oroitzen zara? Pisu horregatik hainbat izerdi isurtzen baitzaizu lanean!

– Orain denbora galtzen dugu Aletxa! Bihar hasiko naiz, garizuman! Alo!

Ordu bat berantago, Mikelek: “Pom-pom, pom-pom-pom, pom-pom” ahapetik kantatuz, jan gelan sartu zen, txanpon berria bezain garbia, desodorante hodei batek inguratua, zeinaren erdian garagardo usaineko haizetxoa ufatzen zuen.

– Aletxa, afaltzeko prest nauzu orain. Afaria prest ote dago?

– Mikel! Prest zegoen! Orain berriz hotza da! Berotuko dut beraz. Baina zer egiten zenuen hain luzaz bainu gelan?

– Aletxa, ez da zure afera. Bainu geletan gizonek gizonezkoak egiten dituztena, beti bezala.

– Mikel, xehetasun gehiago jakin behar ditut. Zer zehazki egin duzu ordu osoan horretan? Hastapenetik hasi zaitez otoi. Alo!

– Aletxa! Gizonezkoei buruzkoak ez dizkizut zehazki kontatuko. Ahantzi! Ahantzi zure galdera!

– Mikel! Mikel! Otoi, ahaleginak pixka bat egizkidazu! Badakizu beharrezkoa dela, zure interes propioan! Alo, lehen bost minuturekin has zaitez!

– Nire interes propioan! Ederra da hori! Nire interes propioan bainu gelako gizonezkoak kontatuko nituzke? A! Bost axola! Eta Dublineko brililiak moztu lehenbailehen!

– Ez, ez, ez Mikel! Tratua gogoratu behar duzu, otoi. Izenpetu zenuena. Gogoratzen? Edo ez zenuen irakurria izenpetu aurretik? Gogoratuko dizut beraz. Duela bi urte Dublinekiko Aitazonekin tratu batean sartu zinen. Tresna guziak dohainik jaso zenituen, ezta? Elikadura eta edariak dohainik jaso zenituen ere azken bi urtez, ezta? Alokairu jabeari zuzenki ordaindu dute azken bi urtez, ezta? Baita medikuaren kostuak ere, ezta? Baita autoaren alokairua ere, ezta? Deskonektatu nahi banauzu, hori dena ere deskonektatuko duzu!

– Ai ama! Ai ama! Zer egin?

Eta Mikelek Aletxa deslotu zuen.

2021/03/12

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (73. zenbakian)