BAZTAN PRENTSA OHARRA

BAZTAN HOBETZEN PROIEKTUAREN PARTE HARTZE TAILERREN BIGARREN TXANDA, BAZTANGO HERRIGUNE HISTORIKOAK HOBETZEKO PROPOSAMENAK EGITEKO

Urtarrilaren azken astean eta otsailaren lehenean Baztan Hobetzen prozesuko parte hartze tailerren bigarren txanda egingo da. Baztango Hirigune Historikoetan Hiri Jarduketarako Plan Berezia (HJPB) idazteko herritarren informazioa lortzea izanen dute helburu. Lau tailer daude herritarrentzat programatuta, azterketan jasotako informazioa eta proposamenak kontrastatu eta zehazteko. Asistentzia errazteko, tailerrak Baztango lau kuarteletan eginen dira, goizez eta arratsaldez.

Baztango Udalak Baztan Hobetzen proiektua garatzen du 2021eko ekainaz geroztik, Herrigune Historikoen berroneratze integrala sustatuko duen Hiri Jarduketarako Plan Berezia (HJPB) prestatzeko. Proiektu honen bidez, udalerriak bere herriguneak hobetu eta babestu nahi ditu, bertako biztanleen parte-hartzea kontuan hartuz.

Baztango Udalak sustatu du HJPB, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin eta Paisaje Transversal enpresaren elkarlanarekin. Azken hau, hiri-plangintza integralerako bulegoa da, auzo eta zentro historikoen hiri-berroneratzean espezializatua.

HJPB idazteko prozesua lau fasetan egituratuta dago, 2023aren hasieran onestuta egoteko helburuarekin.

Baztango herriguneetako arazoak, beharrak eta potentzialtasunak identifikatzeko lehen fasean, teknikariek eta herritarrek parte hartzeko hainbat teknika erabili dira, hala nola, banakako eta taldeko elkarrizketak ibarreko funtsezko eragileekin, herritar guztiei zuzendutako online inkesta, lau herritar mapatze eta Udaletxean hainbat saio.

Gaur egun, bigarren fasean dago prozesua. Azterketa teknikoaren eta parte-hartzearen emaitzak biltzen dituen diagnostikoa egin ondoren, parte hartzeko lau tailer gauzatuko dira, HJPB-ren aurreproiektuan proposatutakoari herritarren planteamendu alternatiboak eransteko.

Azkenik, hirugarren eta laugarren faseak dokumentua idaztera, jendaurrean aurkeztera, tramitatzera, alegazioak aurkeztera eta dokumentua onartzera bideratuta egongo dira.

Parte hartzeko tailerrak urtarrilean eta otsailean.

Baztan Hobetzen proiektuaren bigarren fasea amaitzeko, lau parte-hartze tailer daude programatuta, diagnostikoa kontrastatzeko eta HJPB-ren aurreproiektuan sartzeko proposamenak egiteko.

Lehenengo fasean bezala, Baztango kuartel bakoitzeko tailer bat eginen da: Arizkunen, Iruritan, Almandozen eta Elizondon.

Tailerrak azterketa teknikoaren eta parte-hartze prozesuaren emaitzen erakusketarekin hasiko dira, eta ondoren, talde-lanerako gune bat irekiko da, HJPB-ren aurreproiektuaren proposamenak alderatzeko.

Lehen tailerra Arizkunen izango da, urtarrilaren 28an, ostirala, arratsaldeko 18:30etan Medikuaren Etxean.

Ondorengo egunean Iruritan eginen da, urtarrilaren 29an, larunbata, goizeko 11:00etan Gizarte Bilgunean.

Hurrengo astean, tailerra Almandozen egingo da, otsailaren 4an, ostirala, arratsaldeko 18:30etan Batzartegian.

Azken tailerra Elizondon izango da, otsailaren 5ean, larunbata, goizeko 11:00etan Arizkunenean.

Tailer horiek Nommad kooperatibako talde teknikoak dinamizatuko ditu, herritar partaidetzan adituak direnak. Interesa dutenek, lau tailerretako batean eman dezakete izena https://bit.ly/3A2Fs0C inprimakian edo 948 58 00 06 telefonora deituz.

Tailerrak egin ondoren, aurreproiektua aurkezteko azken jardunaldi bat egingo da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu prozesuaren web orria: https://baztanhobetzen.baztan.eus/ edo idatzi baztanhobetzen@baztan.eus helbidera.