918 GAU

ARANTZA SANTESTEBANEN 918 GAU FILMA PUNTO DE VISTA JAIALDIAN LEHIATUKO DA

DocsLisboa, Torino Film Festival eta Novos Cinemas-en sariak batzen dituen filma 2022an estreinatuko da Begin Again-en banaketarekin

Arantza Santestebanen 918 GAU filma Punto de Vista – Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdiaren 16. edizioko Sail Ofizialean lehiatuko da. Jaialdia Iruñean izango da 2022ko martxoaren 14tik 19ra.
 
Santestebanen lehen film luzea bere jaioterrian ikusi ahal izango da, 
DocLisboa jaialdian Nazioarteko Sekzioko Film Onenaren saria, Torino Film Festival-eko Nazioarteko Dokumental Onenaren saria eta Pontevedrako Novos Cinemas Nazioarteko Jaialdian Latexos saria eskuratu ondoren. Filmak Bartzelonako L ‘Alternativa Cinema Independent Jaialdian ere parte hartu du.

Euskaraz filmatu eta 65 minutuko iraupena duen filma
 Arantza Santestebanek idatzi eta zuzendu du, eta Irati Gorostidi (Unicornio, Euritan, Pasaia Bitartean) da zuzendari laguntzailea. Maddi Barberrek (Jo Ta Ke, Urpean Lurra, 592 Metroz Goiti) sinatzen du Argazkilaritza zuzendaritza, Mariona Solék (Pa ‘lante, El Rastro Firme, Inefable, Lo de Évole) muntaia eta Alazne Ameztoyk (2020ko Goya saria La trinchera infinita lanarengatik) zuzeneko soinua. Iker Álvarez zuzendaritza artistikoaren arduraduna da. Marian Fernández Pascal eta Marina Lameiro (Young & Beautiful eta Dardara filmen zuzendaria) dira ekoizle exekutiboak. Aktoreen artean Arantza Santesteban bera, Mirari Echavarri, Mercé Salom, Manon Praliné eta Maryann Peony daude.
 
Filma 2019 eta 2020ko hainbat hilabetetan garatu zen. Denbora horretan, zinemagilearen artxiboa filmatu zen, haren biografiako leku garrantzitsuak bisitatu ziren, Segura edo Berlin kasu, eta espazio batzuk birsortu ziren.

 
918 GAU Txintxua Filmsek (Intimidad, Hondar Ahoak, Oreina, Amama, Bertsolari) eta Hiruki Filmak (Enero, Los Caballos Mueren al Amanecer, Paraíso) ekoiztu dute. EITBren parte-hartzea du, eta ICAA, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza ekonomikoa. Filmak Donostia Zinemaldiak, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Elias Querejeta Zinema Eskolak bultzatutako Ikusmira Berriak 2018 programan parte hartu du, baita Donostia Zinemaldiko Work in Progress Europe 2020 foroetan eta Abycine Lanza  Work In Progress 2020 foroetan ere, MAFIZ saria irabazi baitzuen. Filma 2022an estreinatuko da, Begin Againen banaketarekin.
 
Zuzendariaren hitzetan, “narrazio zatikatu honek kolektibitatearen zentzuaren galera eta bizitza berri baten saiakera ekartzen ditu gogora. Pertsonaiak soslaiz agertzen dira beti, eta hori ez da kasualitatea. Ez da aurrez aurre begiratzen duen begirada bat, baizik eta begirada ezegonkor bat, saiheskakoa, eta horrek tolestura ugariko narrazio ibiltari bat sorrarazten du. Garrantzitsua iruditzen zitzaidan aktibismo politikoei buruzko istorioen gainean eratzen diren kontakizun erromantizatuak zalantzan jartzea. Kontatu nahi izan dudan istorioak, kontakizun heroiko bat hauspotzeaz harago, subjektu politizatuak irudikatzeko ohiko logiketatik ihes egin nahi du”.
 

SINOPSIA

2007ko urriaren 4an, Arantza, filmaren zuzendaria, atxilotu eta espetxeratu zuten. Zenbait oroitzapen gordetzen ditu egun haietatik: patioko joan-etorri amaigabeak, igeriketa-lehiaketak, Rasharen bizipen latzak kartzelan… 918 gau giltzapetuta eman eta gero, Arantza aske geratu zen. Handik aurrera, grabagailu batean jaso zituen bere oroitzapenak eta zalantzak, eta filmean zehar azalduko zaizkigu, memoria zatikatu baten eran
 
 

ARANTZA SANTESTEBAN

Euskal Herriko Unibertsitatean Historian lizentziaduna, Bartzelonako Francesca Bonnemaison zentroan Sortze Dokumentaleko diplomaturarekin eta Carmen Ávalos, Víctor Erice eta Patricio Guzmanekin ikastaroak eginez osatu du bere prestakuntza. 2017an, Arte Garaikideko Huarte Zentroak hautatu zuen, egoitza/ikerketa kuratoriala garatzeko. 2018an “Irudiak bidez: gatazketako irudiei buruzko hausnarketak” Nazioarteko Mintegia komisariatu zuen. 2019az geroztik, doktoregoa prestatzen ari da Lisboako Arte Ederren Unibertsitatean Susana De Sousa Dias eta Ana Longonirekin, zinemagintzaren irudikapenari, feminismoari eta euskal gatazka politikoari buruzko ikerketa batekin. Iruñeko Hiriartea Kultura Garaikidearen Zentroko koordinatzaile gisa lan egin du, eta Arte Garaikidearen Uharteko Zentroko (Huarte, Nafarroa) Arte Praktiken eta Kultura Ikasketen Masterreko koordinatzaile gisa. Honako pieza hauek sinatu ditu: Liluraren Kontra (2021), Euritan (2017); Passatgeres (2012), Gorputz grafiak (2015).doktoregoa prestatzen ari da Lisboako Arte Ederren Unibertsitatean Susana De Sousa Dias eta Ana Longonirekin, zinemagintzaren irudikapenari, feminismoari eta euskal gatazka politikoari buruzko ikerketa batekin. Iruñeko Hiriartea Kultura Garaikidearen Zentroko koordinatzaile gisa lan egin du, eta Arte Garaikidearen Uharteko Zentroko (Huarte, Nafarroa) Arte Praktiken eta Kultura Ikasketen Masterreko koordinatzaile gisa. Honako pieza hauek sinatu ditu: Liluraren Kontra (2021), Euritan (2017); Passatgeres (2012), Gorputz grafiak (2015).