“SASTRAKA” ERAKUSKETA

Lau sortzailek literatura, pintura, argazkigintza eta musika uztartu dituzte “Sastraka” erakusketan,

Mistoen eraikinean partekatzen duten diziplina anitzeko esperientzian

Pello Lizarralde, José Ignacio Agorreta, Imanol Úbeda eta Imanol Rayo aritu dira elkarlanean maiatzaren 1era bitarte ikusgai dagoen proiektu horretan

Sastraka” erakusketa lau sortzailek lau arte-diziplinatan egindako lanaren emaitza da. Literaturak, pinturak, musikak eta argazkigintzak bat egiten dute Pello Lizarralde euskal idazlearen testu batetik sortu zen proiektu batean; testua inspirazio-iturri izan da José Ignacio Agorreta Iruñeko pintorearendako, Imanol Úbeda (Don Inorrez) Tolosako musikariarendako eta Imanol Rayo Nafarroako zinemagilearendako. Ziudadelako Mistoen eraikinak literatura-, pintura-, musika- eta argazki-sorkuntza horiek guztiak biltzen ditu.
Sastraka” bidaia labur bat da, ezinezko bidaia bat. Heriotzaz jabetzen garenean, une txiki batez bada ere, iraganera eramaten gaituen bidea hartzeko nahiak maizago harrapatzen gaitu. Eta itzuli egin behar dugu, egiaztatzeko bidearen amaieran itzalak eta etsipena besterik ez daudela gure zain, eta irtenbide bat bilatu behar dugula. Testu horretatik sortu zen guztia da diziplina anitzeko erakusketa horretan ikus daitekeena.
Javier Manzanos Iruñeko Udaleko Arte Plastikoetako teknikariak, Pello Lizarralde, José Ignacio Agorreta eta Imanol Royo erakusketaren egileak eta Uxue Razquin Ereineko editoreak aurkeztu dute maiatzaren 1era bitarte ikusgai egonen den erakusketa hori. Izan ere, “Sastraka” ez da bakarrik erakusketa bat. Erakusketa-proiektuak Erein argitaletxearen laguntza izan du; argitaletxeak paraleloan 220 orrialdeko liburu bat egin du, argitalpenaren argazkiekin batera doazen soinuak biltzen dituen bi CD dituena.
Ondoren, erakusketa Euskal Herrian zehar ibiliko da. Maiatzaren 6tik 29ra Gasteizeko Montehermoso Kultur Zentroan egonen da ikusgai; urteko azken hiruhilekoan Donostiara lekualdatuko da, Ernest Lluch Kultura Zentrora; eta dagoeneko 2023an, urtarrilaren 9tik otsailaren 9ra bitarte, EHUko Chillida aretoan (Bilbo) egonen da ikusgai. Ostiral honetan, Iruñean, gainerako hirietan gertatuko den bezala, erakusketa Don Inorrez taldearen kontzertu batekin inauguratuko da, erakusketa horretako diskorako konposatutako abestiekin, 19:00etatik aurrera, Mistoen Eraikineko lehen solairuan bertan.
Proiektuaren garapena
2019ko udan, Pello Lizarraldek testu bat idatzi zuen “Sastraka” izenburupean. Lizarraldek (Zumarraga, 1956) “Hilargiaren hotzikarak” olerki-bildumarekin –bakarra bere ibilbidean– ekin zion bere literatur ibilbideari, eta ondoren, lan narratiboan jarri zuen arreta. “Larrepetit” lanak Euskadiko Literatura Saria eta euskarazko narrazioen Kritika Saria irabazi zituen. Horrez gain, beste lan batzuk idatzi ditu, hala nola “Iragaitzaz”, “Orbanak”, “Elur bustia” eta “Argiantza”. Itzultzaile gisa, euskarara itzuli ditu hainbat egileren lanak, hala nola Natalia Ginzburg edo Gianni Celatirenak.
Sastraka” testua José Ignacio Agorretari, zalantza eginez, bidali zion, uste baitzuen ezinen zuela lerro horietatik asko atera. Baina guztiz kontrakoa izan zen: Iruñeko pintoreak orduan ekin zion bi urteko sormen-prozesuari. Agorretak (Iruña, 1963) hogeita hamar banakako erakusketa baino gehiago egin ditu eta bere lana hainbat bilduma publikotan aurkitu dezakegu, hala nola Nafarroako Museokoan, Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bilduman, NUPkoan, Gustavo de Maeztu museokoan, Caja Navarra fundaziokoan, Nafarroako Parlamentukoan eta Bordeleko Association Culturel Quai des Chartronsekoan.
Sastraka” proiektua hasi baino pixka bat lehenago, Lizarralde, Agorreta eta Don Inorrez taldearen arima Imanol Úbeda elkartu egin ziren, eta musikariak single bat argitaratu nahi zuela azaldu zien. Bi abestien hitzak Lizarraldek idatzi zituen, eta Úbedak Agorretak azala egitea nahi zuen. Horrela sortu zen proiektu horren zati musikala, hamabi abesti dituen “Sastraka” diskoa – abesti bat testuaren kapitulu bakoitzeko–. Imanol Úbedak (Tolosa, 1973), 1998an, Bide Ertzean taldea sortu zuen Joni anaiarekin eta Carlos Aranzegirekin batera. Talde horrek pop rocka aldarrikatzen du, abestien testuei arreta berezia eskainiz eta, horretarako, hainbat idazlerekin elkarlanean arituz. Hamar disko egin ondoren, Bide Ertzean taldeak atseden hartu zuen, eta Úbedak Don Inorrez proiektu pertsonalari ekin zion.