‘PRETÉRITO IMPERFECTO’ ERAKUSKETA

BilbaoArte Fundazioak, Bilboko Udalaren ekoizpen zentroa, Helí Garcíaren «Pretérito imperfecto» erakusketaren ateak irekiko ditu, 2021ean egoiliar izan zena. Granadako artistak haurra zeneko oroitzapenetan girotutako proposamen bat erakutsiko du apirilean. Proposamen honek diziplina eta ideia ezberdinak uztartzen ditu, bata bestearekin harremanetan jartzen diren piezen instalazio batean, zura, zeramika, pintura eta bideoa bezalako materialak eta euskarriak erabiliz.

Batez ere margolari gisa hezia, Helí García irudietatik abiatzen da beti lan egiteko, giza denbora eta naturaren kontzeptuei arreta berezia eskainiz. Erakusketa honen jatorria, zehazki, txikitan jolasteko erabiltzen zuen txabola baten argazkian dago oinarrituta. Txabola hori eskala errealean eta material industrialekin erreproduzitu zuen BilbaoArteko egonaldia egin bitartean.

Instalazio honekin Garcíak bere haurtzarora jotzen du, baina, aldi berean, bere garaiko filmengatik estereotipatutako haurtzaroaz hitz egiten du ere bai. Bere haurtzaroko txabola ez zen 80ko eta 90eko hamarkadetako film estatubatuarren zuhaitzeko etxola bezalakoa, idealetik urrun zegoen txabola bat baizik. «Pretérito imperfecto»-n bi errealitate horiek, gogoratutakoa eta irrikatutakoa, elkarrekin bizi dira.

Izenburuak bi errealitate paralelo horiek elkartzen ditu eta izena ematen dion aditz-denborak duen erabilerari egiten dio erreferentzia, kasu honetan, iraganeko ekintza batekin batera egin zen beste ekintza bati. «Pretérito imperfecto»-k oroimenak duen gabezia, iragankorra dena eta aldaketa azpimarratzen ditu.

Aretoari dagokionez, egurrezko txabola nabarmentzen da, erdiko pieza gisa. Lurrean, eroritako eta hondatutako fruta gogorarazten duten zeramikazko piezak daude. Izaera eskultorikoa duten piezak inguratuz, formatu txikiko margolan sorta batek, «Cuenta conmigo» (Stand by me, 1986) edo «Mi chica» (My girl, 1991) bezalako filmen eszenei egiten die erreferentzia.

Interesa duten pertsonek erakusketaren katalogo bat eskuratzeko aukera izango dute, Jaime Cuenca filosofo eta arte kritikariaren «El árbol ausente» testua duena barne, piezen xehetasunezko argazkiez gain.

ARTISTARI BURUZ

Helí Garcíak (Granada, 1983) Granadan hasi zuen bere heziketa artistikoa, Poznango (Polonia) Sztuk Pieknych Akademian amaitu zuelarik Lizentziatura. Ordudanik buru-belarri dihardu sorkuntzan. Bere lana Europako hainbat herrialdetan egon da ikusgai, baita Japonian, Taiwanen edo Estatu Batuetan ere, eta estatuko eta hainbat nazioarteko erakunde eta arte-zentroen bildumetan aurki dezakegu. Sari ugari jaso ditu Andaluzian eta Madrilen, eta egonaldiak egin ditu Taiwanen, Italian, Argentinan, Estatu Batuetan, Japonian, Frantzian eta Portugalen.

Hasieratik, bere lana pinturaz haratago joan da, materialarekin zuzeneko eta berehalako harremanari uko egin gabe. Xehetasun ironikoz beteriko diskurtsoan, boterea, harrokeria, denboraren joana edo bakuntasun bezalako kontzeptuei buruzko aipamenak aurki ditzakegu. 

  •   Erakusketa aretoa astelehenetik ostiralera egongo da ikusgai 17:30etik 20:30era, apirilaren 29ra arte. Jaiegunak eta asteburuak, itxita.