NABARNIZKO TERTULIA EZKUTUA

-Uff, Gernike, gure Gernika: ikusi al duzue han gertatu den sarraskia!

-Ez esan “gertatu”, baizik “eragin”. Zuriek Gerniken eragin duten sarraskia!

-Hau ez dinagu ahaztuko gure bizitza guztian, ikuskizun izugarri hau, apirileko ilbarri egunean, uriko merkatu ospetsua baserritarrez beterik zegoen egunean hain zuzen. Ilbaltza benetan!

-Nola izan daiteke jende hain ankerra, hain gerrazalea, hain…

-Negargarria benetan! Ez daukat hitzik edo berbarik, ezta adorerik ere ezer ahoskatzeko, ezer egiteko… Gernikako izua sentitu ondoren!

-Ez dakit amesgaizto bat dan, ala belar-ur larregi hartuta haluzinazioz ikusten den zerbait, beste denbora batekoa-edo… Baina denok ezin egon haluzinatuta, ezta?

-Tira neskak, lasai gaitezen pixkat, arnasa hartu ahal izateko sikeran. Hau ikusita, uste dinat gaurko Tertulian ere gai hauxe azalduko digutela amamek, izan ere…

-Izan ere, guk gerra-kontu hauek oso gaizki daramatzagula neskok, zeren ez gaitun inola ere gerrarako jaioak, ez don neskak?

-Gaizki moldatzen gaitun, bai, arma kontuetan. Badakigu geure buruak defendatzen, ez dago esan beharrik, baita ehiza nagusietan ere lantzak ongi eta zuzenki jaurtikitzen…

-Baina beste kontu bat da gizakiak armaz zauritzea, haien odola ikustea… Hori ez don batere gauza atsegina, ez jasangarria?

-Hala da, lehenbizi haien begietara begiratuz gero… Geure umeak direla iruditzen dinagu-eta.

-Kontuak kontu, ez gaitun gu, neskok, gerratarako jaioak. Gerra, “ager herra” esan gura duela erran zigun behin amama politikariak. Eta gu ez izan gai Herra agertzeko inori munduan.

-“Herra”, hala esaten gure bailarakoek gorrotoari eta ezinikusiari. Amorruari. Uste diñat hala entzun diodala esaten Gernikan bizirik irten den andra bati…

-Gerrei gagozkiela, amona politikariak esan zigunez behinola, Guda hitzak “guri dagokiguna” erran nahi ei dau.

-Baina hori beste gauza bat dala emoten dau. Gudarien gauza, geure burua defendatu behar dugunean eta. “Bakoitzari dagokiona” balego, ez legoke gerrarik arean ere.

-Horixe litzateke orduan Bakea, berdinkideen arteko jendartea.

-Dena dela gu, edozein gizakiri lehenbizi begietara behatzeko dinagun joera honekin, ez gaitun ezein gizakiri herra agertzeko gai.

-Alderantziz, bizia sortzera deituak gaitun, eta ez heriotza ereitara, ez don? Beha bestela zer tragediari eutsi behar dioten han, “Ukraina” deritzoten lurralde urrun hartan ere; gizonezkoak zein emakumezkoak gerra inposatuen ondorio larriak pairatzen. Boteretsuen bulegoetatik zuzendutako.

-Eta beha hemen berton bere, zein neurritan gelditu den kiskalita gure leinukoen Gernike, ilbeherako apiril honetan… Ai Gernike gurea, neskak! Negar egiteko gogoa. Eta beste uri batzuetan be gauza bera gertatu ei da!

-Zeinbertzeko amorruak hartua izan daitekeen Zuri Etorri-barria!

Deabruk hartua, horixe!

-Nortzuk dira “Zuriak” ama, nortzuk Zuriak zuri galdetu atzo eta zuk erantzun ez.

-Begira ume hauek, zein arin hartu daben Nabarnizko ahoskera. Eta gero esango dabe gure ahoskera zaila dala! Hori da Arrotzek diotena.

-Arrotzen arteko batzuek, hobeto esanda.

-Baina baita haien Epaileek ere, Epaile mandoak.

-Bai, egia don. Gainera orain, mandua oro beraiena bailitzen hartu dutelarik, zeharo gaiztotuko dituk. Bat hasi da esaten jada, gure ahoskera oso zaila dala eta ezi dala ikasi.

-Hori ere debekatu nahi izango dute laster.

-Uf, zelan dago mundua! “Enpatia” hitza aipatu zuen atzo iluntzean amona Sestaokoak. Enpatia barik, amorrua eta gorrotoa sumatzen da giroan, airean bertan itsatsita bailegoen. Zuri Etorri-barrien amorrua bezala.

-Beno, ama, baina Nortzuk dira ba “Zuriak”, erantzun behingoz, ama!

-Pazientzia umea, ez da-eta hain gauza erraza.

-Eta egia da, ama, Zuriek gure Eskoletan irakasten daben guztia “zaborra” dala? Eta zer esan gura “zaborra”?

-Galde eta galde. Galdera-putzuak dirudizute.

-Hara, neuk azalduko oraintxe bertan. Beha haien taxuari: Zuri-jende horrek alkandora azula eta jake zuria eraman ohi du.

-Ondo da, ixeko. Umm, arkondora azula… eta jake zuria…

-Tira, nahiko galdera jada. Goazen Tertuliara, belu da-eta.

-Ba, azkenean ez jakin zertan geratuko den gaurko Tertulia.

-Taula handian esekitako Programan ikusi dinat; gaur Reno Unibertsitateko Arrotz bat etortzeko da, uste dut Douglas edo Duglas… Ah bai, William Douglas, eta ez da hain arrotza,baizik euskaltzale peto-petoa; eta gaia “politika kuaternarioa”

-Baina hori antzina-antzinako kontua da, ez?

-Baina ez da Antzinako hura, gaurko zeozer baino. Amama politikariak aurkeztuko du. Zera da: gaur egun, launa urterik behin egiten dituzten “erreferendum” delako horiei begira egin ohi den politika, eta politikariak…

-Aahh, hortik “politika kuaternarioa”, ezta?. Hemen jesarriko, lehen aulki hauetan. Entzun orain ea zer dioskun Nabarnizko amama politikariak.

-Gabon, jaun-andre, neska-mutil eta umeok. Gaur, dakizuenez, Renotik etorri zaigu hona, Euskal Herrira, hangoaz asko dakiena, baina baita hemengoaz ere oso zale den ikerlari bat: William Douglas jauna. Gabon denon partez, William…

Halere, gaur Gernikan gertatu den izugarria dela-eta, gai hori biharko uztea erabaki dugu. Oraingo honetan, denon arteko gogoeta bat eginen diagu, Gernikan gaur ikusi dugunari buruz. “Gernika Batzordeko” bat ere gurekin daukagu.

Eta hemendik irtetean, diskrezioz jokatzea eskatzen da. Denok dakizue zein egoeratan gauden Errejimen barri honetan. Talde txikietan irten eta ez nabarmendu herri honetan. Diskrezioz eta argi ibili. Bihar arte.