AUZO-LOTSA 25 OPOSIZIOA GAINDITU ONDOREN

Irakasle ikasketak 1980 urtearen inguruan bukatu nituen, baina, hala ere, 1991 arte ez nintzen sekula santan oposizioetara aurkeztu.

Oso zorte ona izan nuen, izan ere, urte hartako uztailaren hogeirako-edo, oposizioko hiru probak eginak genituen, eta hogeita bosterako, gutxi gorabehera, emaitzak argitaratuak zeuden; lehen ahaleginean gainditu nituen oposizio haiek, alajaina, euskararen adarrean; pozak txoratzen gelditu nintzen.

Garai hartan, Nafarroako Hezkuntza Departamentua, Golem Baiona zinema aretoen ondoan zegoen, eta, oposizioen emaitzak jakin bezain azkar, haraxe abiatu nintzen ziztu bizian eta alai.

-Kaixo, egun on! Xanti Begiristain Madotz nauzue, eta oposizioak gainditu ditudanez gero, nahi nuke zuek ikustea nire egoera fisikoa, zuei lana errazte aldera, izan ere, entzuna daukat, departamentu honetan, normalena izaten dela, ia bezperan bertan jakinaraztea maisu-maistrei, hurrengo egunetan non hasi behar duten lanean, alegia, zein hiri, herri edota auzotan, eta, nire kasuan, horrek arazo bat baino gehiago ekar litzakeenez gero, gizarte honetan, oraindik, mugikortasun errazeko gauza asko eta asko ongi egokitu gabe daudelako, ba, hementxe naukazue, zeuen begi zoliekin ni ikusi, eta zeuon ondoriok atera ditzazuen, azken momentuan estu eta larri ez ibiltzeko.

-Ederki! Oso ongi egin duzu! Eskertzen dizugu etorri izana, baina gogoan eduki behar duzu, oraindik hilabete baino gehiago falta dela ikasturte berria hasteko, beraz, lasai, ez baita arazorik izanen -erantzun zidaten patxada eta lasaitasun handiz-. Eta norekin aritu nahiko zenuke, haurrekin ala pertsona helduekin?

-A!, ahal izanez gero, helduekin nahiago nuke, -esan nien inolako zalantzarik gabe-, denekin arituta nago, baina, uste dut, azkeneko horiekin, hobeki molda naitekeela.

-Ai!, sentitzen dugu, Xanti, baina Nafarroako Gobernuko euskaltegian, une honetan, sarreran, eskailera luzeak daude; konponbidea jarri bezain azkar, hantxe jardun ahalko duzu. Deituko dizugu, lasai.

Asteak aurrera joan ziren eta ikasturte berriaren hasiera ere hurbildu egin zen. Ia-ia bezpera arte, ordea, ez nuen haien berririk eduki.

-Aizu, Xanti, heldu den astelehenean, Uharte Eguesibarko eskola publikora joan behar duzu. -Esan zidaten laburki eta soiltasunez, luzamendu gehiagorik gabe, horrela, aparteko garrantzirik ez baleuka bezala.

Bueno, ba, asteburua bukatu bezain azkar, txintxo-txintxo eta jakin-min dezentearekin, Uharteko eskola publikoan agertu nintzen, eskatu zidaten bezala, baina lehengo muturrekoa sarreran bertan hartu nuen, iritsi bezain agudo: ikastetxera sartu ahal izateko, eskailera batzuk igo behar baitziren. Geroxeago jakin nuen, igogailua ere jarri gabe zegoela, eta, komuna halaber egokitu gabe; a zer hasiera loriatsua! Eta goizari amaiera bikainagoa emateko, azkenean, esan zidaten nire irakasle postua, jada emana ziotela beste pertsona bati, behin betiko plaza lortua zeukalako hantxe bertan, eta, Hezkuntza Departamentukoek, antza, ez zekiten ezer, edo, niri, behintzat, ez zidaten deus ere esan.

Gauzak hala, harri eta zur, etxera itzuli eta egin nuen lehenengo gauza, Hezkuntza Departamentura deitzea izan zen: <Baina, baina, zeinen zaila dagoen hau! Jesus, Maria eta Jose!> -entzuten nien nik telefonoz beste aldetik, euskarazko plaza libreren bat bilatzen zuten bitartean-; <Ea non arraio gelditzen den leku hutsen bat, mutil hau bidali ahal izateko! A, begira, begira, Zizur Nagusiko eskola publikoan, ematen du, bete gabeko plaza bat dagoela!; haraxe igorriko dugu! Jainko maitea, ze konplikatua izan den dena, baina, bueno, azkenean, lortu dugu!>, -esan zuten, azkenik, bukatzeko.

Horrela, ba, biharamunean bertan, berriz ere, beste eskola berri baten bila abiatu nintzen, Iturramatik Zizur Nagusiko urbanizazio berriraino, ahal bezala, gurpil aulki motordunean.

Eta, nahi eta nahi ez, euskarazko plaza bat eman behar zidatenez gero, nik egindako oposizio motarengatik, honako hauxe bota zidan kopetara, hango zuzendariak, erdaraz, batere gorritu gabe:

-Begira, Xanti, sentitzen dugu, baina, hemen, libre gelditzen zaigun plaza bakarra, A eredukoa da, hiru eta lau urtekoekin; ea nola moldatzen zaren!

-Moldatu? Baina, baina, bueno! Zuek burutik ongi al zaudete? Zer egin behar dut nik hiru eta lau urtekoekin, euskaraz hitz eginez, eta, beraiek batere ulertu gabe? Nola konponduko naiz? Ni beti pertsona helduekin aritu naiz, edo, bestela, haur koxkorragoekin… Zuek esanen didazue nola moldatuko naizen hemen! -Nik, arduratuta.

-Lasai! Zu saia zaitez eta ikusiko dugu zer gertatzen den; joan ahala erabakiko dugu zer egin. -Bukatu zuen elkarrizketa zuzendari jaunak; eta, tira, ikusi egin behar zer pasatzen zen handik aurrera. Gauza onik ez, segur aski.

Horri guztiari, gehitu behar zitzaion, garai hartan, oraindik ere taxiak, hiri-busak eta abar egokitu gabe zeudela, eta, hura hala, lehenengo egun eta asteetan, moldatu behar izan nuen ahal bezala; Iruñeko Iturrama auzotik Zizurreraino, nire kabuz, gurpil aulkian, bakarrik, espaloiak eta beheragune gehienak ere egokitu gabe, eta, eguraldi txar guztien menpean. Egia esateko, hura ez zen azaren azpiko orria izan. Aurreraxeago, ordea, azkenean lortu nuen Gurutze Gorriak zerbitzu haiek egitea, eta, gaitz erdi!

Irakurleok, ikusten duzuenez, garai hartan behinik behin, Hezkuntza Departamenduko jaun-andre txit argiak, nirekin behintzat, ez ziren asko luzitu.

Xanti Begiristain Madotz.

Auritz. 2022-04-14.