JAIME BRUNET UNIBERTSITATEKO SARIA

Mayra Ayesa Larumbe

Jaime Brunet Unibertsitateko Saria “ex aequo” irabazi dute Mayra Ayesak, Maite Espinalek eta Ainara Sánchezek

Gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa lantzen dituzten NUPeko gradu edo master amaierako lanei ematen zaie saria

Mayra Ayesa Larumbek (Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko Gradu Bikoitza), Maite Espinal Caminosek eta Ainara Sánchez Liceagak (Haur Hezkuntzako Irakasletzako Gradukoak biak) “ex aequo” irabazi dute 2022ko Jaime Brunet Unibertsitateko Saria. Zehazki, 2.000 euro eman dizkiete (kasu honetan, irabazleen artean banatzeko) eta egiaztagiri bat. Gizabanakoen eskubideen defentsa eta babesa eta garapenerako lankidetzako gaietan hobekuntza eta proposamenak ardatz dituzten NUPeko gradu eta master amaierako lan hoberenak aintzatesten ditu sariak.

Mayra Ayesaren lana Alejandro Torres Gutiérrez Konstituzio Zuzenbideko katedradunak zuzendu du, eta honako izenburu hau du: “Protección de los derechos de las minorías y tutela de los derechos humanos: el caso del Sáhara Occidental”. Egileak azaldu duenez, Mendebaldeko Sahara banantzen duen harresia munduko luzeenetako bat izanen da beharbada, eta Mendebaldeko Sahara eta Marokoko erresuma gatazka betean zeudela eraiki zuten. “Saharako herriak ez du autodeterminazio eskubidea lortu Espainiak 1976an lurraldetik alde egin eta Marokok kontrolpean hartu zuenetik. Gradu amaierako lanean, Sahararen deskolonizazio prozesua oraindik burutu gabe egoteko zer etapa egin diren berrikusten du Mayra Ayesak. Banantze-harresiaren atzean bizi direnen lekukotasunetan (lan honetan jasotakoetan) gatazkaren ondorioz giza eskubideak urratu diren kasuen atzean ezkutatuak dauden giza alderdiak daude islatuak nolabait”.

Komunikazioko sistema alternatiboak

Maite Espinal Caminosi ere saria eman diote Komunikazio Sistema Handigarri eta Alternatiboei (SAAC) buruz egin duen lanagatik; zehazki, gaixotasun arraro bat duen neskato bati hizkuntza naturala erabiltzen laguntzeko sistema bat da hori. Inés Gabari Gambarte Didaktika eta Ikastetxearen Erakuntzako irakasle titularrak zuzendu du lana. Abiapuntua komunikatzeko eskubide unibertsala du, desgaitasunen bat dutenena eta halakorik ez dutenena, eta alternatibak proposatzen ditu oztopo jakin batzuk gainditzeko.

Egileak azaldu duenez, bere lanean luzetarako ikerketa bat egin du gaixotasun arraro jakin bat duen neskato batek ahozko hizkuntza bereganatzeko prozesuari buruz, horrek nabarmen mugatzen baititu neskatoaren adierazpen-aukerak eta, beraz, aukera komunikatiboak eta egokitzekoak. Komunikazio sistema handigarri eta alternatibo bat erabiltzen hasi da neskatoa. Sistema hori lagundutako hizkuntza naturalean dago oinarritua, eta goi-teknologiako gailu bat edo neskari ahotsa ematen dion komunikagailu dinamiko sendo bat baliatzen du.

Komunikazio estrategiak neskatoarekiko errespetua du abiapuntu. ‘Modelatze’ deritzon teknika baten bidez, pertsona helduak SAACen hizkuntza sinbolikoa erabiltzen du bere ahozko hizkuntzari laguntzeko, ohiko egoeretan eta benetako ingurune motibagarri eta esanguratsuetan. “Emaitzek agerian utzi dute komunikazioa handitu egin dela, eta, horren ondorioz, murriztu egin direla neskatoaren jarduera mugatzen duten oztopoak eta hobetu gizartean duen parte-hartzea. Ohartu dira, orobat, eskoletan mantso egiten direla aldaketak. SAAC eta antzeko aurrerapenak erabiltzen hasteko oztopo garrantzitsuak dira eskoletan ez dakitela halako komunikagailuak existitzen direla eta nola funtzionatzen duten, eta prestakuntza falta zaiela irakasle ez-espezialistei. Hori dela eta, gradu amaierako lanean webgune bat ere ematen da ezagutzera irakasle eta familiek esparru horretako baliabideak ezagut ditzaten”, esan du Maite Espinalek.

Euskararen hizkuntza errefortzua

Ainara Sánchez Haur Hezkuntzako Irakasletzan gradudunak lan honengatik eskuratu du saria: “Euskararen hizkuntza errefortzua, D ereduan egoera soziokultural ahulean dauden ikasleentzako”. Fernando Trébol Unzué Psikologia Ebolutiboko eta Hezkuntzaren Psikologiako irakasle elkartuak zuzendu du. Egileak azaldu duenez, “Hori D ereduaren (normalean euskaraz ematen den ereduaren) ohiko arazoa da ingurune soziokulturalean euskara gutxi erabiltzen duten ikasleen artean, eta Nafarroako eremu mistoan eta ez-euskaldunean ez ezik eremu euskaldunean ere gertatzen da”.

Ainara Sánchezek euskara ez erabiltzearen kausa izaten ahal diren faktore batzuk aztertu ditu (teknologia berriak, ikaslearen inguruan zein den hizkuntza ofiziala edo gehien hitz egiten dena, etab.). Datuak biltzeko, inkesta egin die eskoletako zenbait irakasleri, eta nolako bizipenak izan dituzten galdetu. Gero, protokolo bat sortu du esku-hartzea behar duten ikasgeletan aplikatzeko. “Profesionalek gune digital bat martxan jarri, eta “Euski” topatuko dute: sagarroi bat, haurrei laguntza eskatzen diena euskara ikasteko. Euskik euskaraz aditzera, mintzatzera, idaztera, irakurtzera, jolastera, abestera eta dantza egitera gonbidatzen ditu haurrak”, azaldu du. Profesionalak ohartuko dira nola egiten duten aurrera gorago aipatutako zailtasunak dituzten ikasleek, eta familiek ere erabiltzen ahalko dute gunea irakasleekin batera lan egin behar dutenean. “Proiektua hiru ikastetxetan jarri zen abian datuak biltzeko —esan du egileak—. Ohartu ginen eskoletan oso pozik zeudela baliabidea ikasgeletan erabiltzeko aukera izateagatik eta, gainera, halako plataforma bat erabilgarria zela haientzat”.

Saria eta epaimahaia

Epaimahaikideek nabarmendu dute lan saridunetan “landutako gaiak gaurkotasun handikoak direla, eta harreman estua dutela giza eskubideen babesgabetasunarekin”. Kontuan izan dute, halaber, zorroztasun metodologikoa, azalpenen argitasuna, egitura eta bibliografia espezifiko eta eguneratua erabili izana.

Honako hauek osatu dute aurtengo edizioko epaimahaia: Antonio Gorri Goñi, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Gizarte Laneko katedraduna eta Jaime Brunet Fundazioaren Partzuergoko kidea; Rafael Lara González, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Merkataritzako Zuzenbideko katedraduna eta Jaime Brunet Fundazioaren Partzuergoko kidea; eta Javier Blázquez Ruiz, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbidearen Filosofiako katedraduna eta Jaime Brunet Fundazioko idazkaria.

Jaime Brunet Unibertsitateko Saria Jaime Brunet Fundazioak ematen du 2014az geroztik. Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Saria ere ematen du Fundazioak 1998tik, giza eskubideak defendatzen dituzten gizabanakoen eta erakundeen ibilbide aparta nabarmendu eta aupatzeko, eta, 2016az geroztik, Jaime Brunet Doktoretza Tesien Saria ere bai, giza eskubideekin eta horien defentsa eta sustapenarekin harreman zuzena duen oinarrizko ikerketa-edukia landu duten doktoretza-tesiak aintzatesteko.

Maite Espinal Caminos

Ainara Sánchez Liceaga