MUSKULUAK UZKURTZEAN SORTZEN DIREN SEINALE ELEKTRIKOAK AZTERGAI NUPEN DEFENDATUTAKO TESI BATEAN

Iñigo Corera Orzanco, NUPeko doktore berria

Iñigo Corera Orzanco ikertzailearen arabera, informazio hori oso baliagarria da gaixotasun neuromuskularren diagnostikoa eta jarraipena egiteko

Iñigo Corera Orzanco Telekomunikazioko ingeniariak bere doktoretza-tesia defendatu du berriki Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP), eta, bertan, seinale elektromiografikoak aztertu eta prozesatzeko algoritmoak diseinatu eta inplementatu ditu. Seinale elektromiografikoak muskuluak uzkurtzean sortzen dituen seinaleak dira, eta, horien bidez, muskuluen uzkurduraren unitate funtzional txikienaren (unitate motorra deitzen zaio) parametro fisiologiko garrantzitsuenak zenbatetsi nahi ditu; izan ere, gaixotasun neuromuskular jakin batzuek edo zahartze prozesuak berak eragina izaten dute unitate motorraren egituran. Javier Navallas Irujo eta Javier Rodríguez Falces NUPeko irakasleek gidatu dute ikerketa.

Iñigo Corerak, bere tesiaren erabilgarritasuna azaltzeko, adierazi du unitate motorra muskulu zuntzen multzo batez osatuta dagoela, eta zuntz horiek neurona motor berari konektatuta daudela hainbat adar axonalen bidez. “Gaixotasun neuromuskular jakin batzuek, bai eta zahartze prozesuak ere, unitate motorren egitura aldatzen dute. Hala, unitate motorren parametro fisiologiko garrantzitsuenak zenbatesteak, hala nola muskulu zuntzen kopurua, kokapen geometrikoa edo lodiera, patologiekin lotutako aldaketak aztertzeko aukera ematen du. Hori dela eta, parametro horien zenbatespena baliagarria izaten ahal da gaixotasun neuromuskularren diagnostikoa eta jarraipena egiteko”, adierazi du.

Datuen erregistroa eta algoritmoen diseinua

Tesiaren egileak azaldu duen bezala, elektromiografia-seinaleen erregistroa honetan datza: muskulua uzkurtzen denean sortutako jarduera elektrikoa detektatzea elektrodoak erabiliz, dela elektrodo horiek larruazalean jarriz, dela pazientearen muskuluan orratz elektrodo bat sartuz. Tesia egiteko lortutako informazio gehiena bigarren teknikaren bidez lortu zen batez ere.

Bestalde, unitate motorraren parametroak zenbatesteko algoritmoen diseinua seinale elektromiografikoaren simulazio ereduen erabileran eta optimizazio matematikoko tekniken erabileran oinarritzen da. “Simulazio ereduei esker, aurreikusten ahal da nolakoa izan beharko lukeen erregistratutako seinalearen uhin-formak teorikoki, unitate motorraren egiturarako parametro hipotetiko batzuetatik abiatuta. Hala, optimizazio prozesu batean parametro horien konbinazio desberdinak probatzen dira, erregistratutako seinale elektromiografikotik hurbil dagoen seinale simulatu batera iritsi arte. Parametroen konbinazio hori unitate motorraren egiturarako lortutako azken zenbatespena izanen da”, azaldu du Iñigo Corerak.

Seinalea posizio askotan erregistratzea emaitza zehatzagoa lortzeko

Tesi hau garatu aurretik, eginak ziren unitate motorraren parametroak zenbatesteko beste saiakera batzuk ere. Hala ere, saiakera horiek erregistro posizio bakar batean erregistratzen zuten seinale elektromiografikoa. Tesi honetan frogatzen da halako agertoki batean ezin dela zenbatespena zuzen egin”, azaldu du tesiaren egileak. “Antzeko zerbait gertatzen da gizakien ikusmenarekin. Bi begi izateari esker, ikusmen estereoskopikoa dugu, hots, objektuen sakontasuna hautemateko gai gara. Hori ezinezkoa litzateke begi bakar bat bagenu”, dio.

Modu bertsuan”, jarraitzen du, “unitate motorraren parametroak behar bezala zenbatesteko, beharrezkoa da seinalea posizio askotan erregistratzea muskulu barnean. Hori egiteko, ekorketako elektromiografia izeneko erregistro teknika erabiltzen da. Teknika horretan, seinalea erregistratzeaz arduratzen den orratz elektrodoa mikromotor bati dago konektatuta, eta mikromotor horrek urrats txikietan mugitzen du orratza muskuluaren barneko korridore lineal batean zehar”, zehaztu du. “Tesi honen emaitzek erakusten dute teknika hau erabiliz zenbatespen askoz fidagarriagoak eta zehatzagoak lortzen ahal direla”, erantsi du.

Iñigo Coreraren curriculum laburra

Iñigo Corera Orzanco Telekomunikazioko ingeniaria eta Komunikazioetako masterduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Bere doktoretza-tesiaren ondorioz, hiru artikulu zientifiko argitaratu ditu nazioarteko aldizkarietan lehen egile gisa, eta nazioarteko biltzar batean hartu du parte.

Gaur egun, NUPeko Komunikazio Optikoen eta Aplikazio Elektronikoen Ikerketa Taldeko kidea da, “Telekomunikazio sareak erabiliz ibilgailuen trafikoa monitorizatzeko zuntz optikoko sentsore banatuak (FIBRATRAFIC)” ikerketa-proiektuaren barnean. Proiektu horretan, seinalea prozesatzeko teknikak aplikatzen ditu zuntz optikoko sentsoreen erregistroetan.