UNAI BELINTXON NUPEKO IRAKASLEA

Unai Belintxon, NUPen

familia-enpresaren transmisioa Europako eta nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik aztertzen duen liburu baten egilea

José Luis Iriarte NUPeko katedradunak egin du lanaren hitzaurrea eta Thomson Reuters Aranzadik argitaratu

Unai Belintxon Martín Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zuzenbide Saileko irakasle eta I-COMMUNITAS ikerketa institutuko kidea da Thomson Reuters Aranzadik editatutako liburu honen egilea: “La transmisión de la empresa familiar: cuestiones de Derecho Europeo e Internacional”. Lanak aztergai du familia-enpresaren transmisioa Europar Batasuneko Zuzenbidearen eta Nazioarteko Zuzenbide Pribatuaren ikuspegitik. Lana gida juridiko-praktiko gisa erabiltzen ahal da, eta bertan aztergai dira orobat esparru horretan sortzen ahal diren auziei aplikagarria zaien nazioarteko, Europako eta nazio mailako esparru juridikoari buruzko auzi zehatzak.

José Luis Iriarte Ángel NUPeko Nazioarteko Zuzenbide Pribatuko katedradunak egin du liburuaren hitzaurrea, eta bertan aipatzen denez, gutxi landutako ikerketa esparrua da, Espainiako enpresa sarea enpresa txiki eta ertainetan oinarritzen bada ere eta familia-enpresak garrantzi handia badu ere. Testuinguru horretan, azaltzen denez, ohikoak izan dira familia-enpresaren ondorengotzaren arazoa aztergai duten ikerketak. Ez, ordea, familia-enpresaren transmisioari buruzkoak Europako Zuzenbidearen eta Nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik.

Hitzaurrean azaltzen denez, 2008ko krisi ekonomikoak ezagutzen ditugun ondorio kaltegarriak ez ezik “ondorio onuragarriak ere izan zituen, Espainiako enpresen nazioartekotze azkarra bultzatu baitzuen”. Fenomeno hori bereziki nabarmen egin zen Enpresa Txiki eta Ertainen kasuan. “Nazioartekotze prozesu horren esparruan kokatu behar dugu familia-enpresaren nazioarteko transmisioa, eta errealitate hori bereziki nabarmena da zonalde mugakideetan, liburuan agertzen denez”, ondorioztatu du José Luis Iriartek.

Unai Belintxon egilearen biografia laburra

Unai Belintxon nazioarteko zuzenbide pribatuko irakasle titular ziurtatua da, Zuzenbidean lizentziaduna eta doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean eta Enpresaren Zuzenbideko Masterra du Deustuko Unibertsitatean. Bere ikerketa jarduera nagusiki honako hauei buruzkoa izan da: Europako eta nazioarteko errepideko garraioaren zuzenbidea salgai eta bidaiarien modalitateetan, Europako eta nazioarteko kirolaren zuzenbidea, nazioarteko itsas garraioaren zuzenbidea, nazioarteko merkataritzaren zuzenbidea, eta giza eskubideak eta nazioarteko negozioak.

Ikerketa-egonaldiak egin ditu erakunde hauetan: Lausanako ISDCn (Zuzenbide Konparatuko Suitzar Institutua) eta UNIDROITen (Zuzenbide Pribatua Bateratzeko Nazioarteko Institutua), Erroman egoitza duen gobernuarteko erakunde independente batean. Horretaz gainera, “Revista de Derecho del Transporte Terrestre, Marítimo, Aéreo y Multimodal” aldizkariaren kolaboratzailea eta ebaluatzailea da, bai eta beste batzuen artean Nazioarteko Azterlanen Aldizkari Elektronikoarena eta “Anuario Español de Derecho Internacional Privado” (AEDIPr) aldizkariarena ere.