‘XX. MENDEKO ORAINGOAK’

Arma Aretoan XX. mendeko abangoardietan barnako ibilbide bat egonen da ikusgai, besteak beste, Picasso, Miró, Klee, Warhol, Moore eta De Chirico sortzaileen lan grafikoekin.

XX. mendeko oraingoak’ Brioneseko (Errioxa) Vivanco Museoaren bilduman oinarrituta dago eta Iruñeko Udalaren Pi – Fernandino Ondarearen ekarpenak ditu.

Nazioarteko hainbat artisten obrek osatzen dute ‘XX. mendeko oraingoak. Ibilbide bat azken mendeko abangoardia artistikoetan barna’ erakusketa; besteak beste, Joan Miró, Eduardo Chillida, Giorgio de Chirico, Andy Warhol, Paul Klee, Henry Moore eta Miquel Barcelóren lanak ikusgai egonen dira Arma Aretoko lehen solairuan, ekainaren 26ra bitarte. Pasa den mendeko artista erreferentzialen lan grafikoan barnako bidaia horrek 30 sortzaile baino gehiagoren 56 lan barne hartzen ditu. Lan horiek Brioneseko (Errioxa) Ardoaren Kulturaren Vivanco Museoko bildumatik, ‘Pedro Vivanco’ Grabatu eta Ardoaren Nazioarteko Saria Bildumatik eta beste bilduma pribatu batzuetatik datoz.

Erakusketan Pi – Fernandino Ondaretik datozen Iruñeko Udalaren Arte Garaikidearen Bildumako 16 lan-grafiko ere erakutsiko dira, erakusketa aberasten dutenak, piezen arteko elkarrizketa interesgarria ezarriz eta sormen lotura berriak eratuz.

Arma Aretoko erakusketan ikusgai egonen diren beste egile batzuk honako hauek dira: Roy Lichtenstein, Eduardo Arroyo, Menchu Gal, Gregorio Prieto, Lucio Fontana, Julio Le Parc, Víctor Vasarely, Antonio Saura, Manolo Valdés, Miguel Conde, Paula Rego, Juan Genovés, Jaume Plensa, Yozo Hamaguchi eta Francisco Bores.

Grabatuaren garrantzia eta bilakaera

Grabatuak gaur egun duen aintzatespen eztabaidaezina gorabehera, XIX. mendearen amaierara arte ez ziren estanpazio-teknikak nortasun propioa duen diziplina artistikotzat hartzen hasi. Grabatuak ordura arte izan zuen funtsezko xedearen bilakaera oso lotuta egon zen inprentaren agerpenarekin, irudien eta ilustrazioen hedapenerako tresna gisa, eta horrek garrantzia galdu zuen artistei eskaintzen zizkien aukera tekniko eta estetikoen mesedetan.

Bilakaera hori, neurri handi batean, aurrekaririk gabeko eraldaketa-prozesuan dagoen unibertso artistiko baten koiunturaren ondorio da, ordura arte nagusi izan ziren irudikapen figuratiboetatik pixkanaka urrunduz doana. Ismo-ek aurrera egin zuten lengoaia berriak sortzeko behar gisa. Aurrerapen teknologikoek ere errealitatea antzemateko moduan eragin zuten, hala nola, argazkilaritza abiatu berriak, zeinak ikusleei bizi ziren munduko erreprodukzio fidelak eskaintzen zizkienez, eragina izan baitzuen artista plastikoek beren lanei ematen zieten ikuspegian. Pintoreak eszenatokien eta bere garaiko pertsonaien notario itxura galdu zuen, bere sorkuntzei beste interpretazio mota batzuk bilatzeko.

Testuinguru horretan, grabatua esperimentazio plataforma aparta bihurtu zen, artistei beren kezkak irudikatzeko askotariko teknikak eskaintzen baitzizkien. Hala, Picasso bezalako jenioek, –erakusketan artistaren hainbat grabatu ikusteko aukera dago–, teknika hau lantzen dute beren ibilbide artistikoen barruan berezitasun bat emanez.

Estanpazio tekniken kontsiderazio berri horrek etengabeko bilakaera izanen du XX. mendean zehar eta gaur egun arte, non mundu digitalak teknikak eta kontzeptuak ere irauli baititu. Denbora guzti honetan zehar artista handien ibilbideetan grabatuak izan duen eragin gero eta handiagoa ikus daiteke. Horren adibide ona dira Andy Warhol eta Roy Lichtenstein bezalako sortzaileen pop-estetika edo Joan Miró, Antoni Tàpies eta Manolo Valdés bezalako artisten estilo pertsonalak.