LANDARTE 2022

 

 

Landarte 2022k kultura-sorkuntza garaikideko sei prozesu hartzen ditu Nafarroako landa-inguruneko hainbat herritan

 

Seigarren edizio honetan, Cabredon, Faltzesen, Leatxen, San Martin Unxen, Urrotz Hirian eta Uztarrozen izango da programa.

 

Landarte programaren seigarren edizioa ‘Kultura garaikidea eta landatartasuna’ izenburupean egiten ari da, Nafarroako sei herritan. Hainbat artistak eta sortzailek kultura-prozesu batzuk sortuko dituzte, bertako biztanleen laguntzarekin.

 

Marina Lameiro zinemagilea Uztarrozen lan egiten ari da; Patxi Burillo arkitekto eta zinemagilea, Urrotz Hirian; Greta Alfaro artista bisuala, San Martin Unxen; Itsaso Iribarren eta Germán de la Riva eszena-sortzaileak, Faltzesen; Andrea Ganuza ilustratzailea eta Karmele Oteros artista bisuala, Cabredon; eta Maddi Barber zine-zuzendaria, Leatxen.

 

Sorkuntza-prozesu horiek hasierako fasean daude gaur egun. Artistek prospekzio-lana egingo dute uztailaren 15era arte, eta, horretarako, loturak ezarriko dituzte lan egingo duten herriekin. Ondoren, beren proiektuak zehaztu eta garatuko dituzte, urriaren 2ra arte.

 

Ignacio Apezteguía Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak, Lorenzo García Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak eta Anne Ibáñez eta Marc Badal proiektuaren koordinazio-taldeko kideek (Kanpoko Bulegoa kolektibokoak) Landarte 2022 aurkeztu dute gaur goizean. Programaren talde teknikoko kide batzuk eta artista parte-hartzaileak ere egon dira han. Gainera, hautatutako udalerriak tokiko agintariek grabatutako bideo batzuek ordezkatu dituzte.

 

 

“Sorkuntza egiteko modua egiten dena bezain garrantzitsua baita”

 

Landarte Nafarroako Gobernuko Kultura eta Kirol Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren apustu bat da. Honela definitu du Ignacio Apezteguía Kulturako zuzendari nagusiak: “landa-biztanleriaren arazo, behar eta interesekiko sentikorra den arte publikoaren aldekoa. Sorkuntza garaikidea landa-mundutik errazten duen programa gisa egituratzen da, zeinean sorkuntza egiteko modua egiten dena bezain garrantzitsua baita”.

 

Apezteguiak berak nabarmendu du Landarte bi koordenatutan mugitzen dela: “kultura-sorkuntza garaikideko prozesuak sustatzen ditu landa-komunitateekin, eta komunitate horiek sortzaileekin batera parte hartzen dute ezagutza eta esperientziak sortzen dituen kosorkuntza- eta hausnarketa-prozesu batean; xedea da elkarrizketarako, ikasketarako eta partekatzerako sare bat sortzea, programa etiko bat txertatuz ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspuntutik iraunkorrak diren moduei dagokienez”.

 

Lorenzo García Kultur Ekintza Zerbitzuko zuzendariak programa honen helburuak zerrendatu ditu. Zehazki, programaren helburua da “landa-komunitateak kultura garaikide, konprometitu, bere garaiekin elkartu eta lurraldetik zein lurraldeko biztanleetatik hurbilekoaren bidez ahalduntzea”.

 

Gainera, Landarteren asmoa da “landa-eremuko kultur ekintzako esperientziak gainditzea, izan ere, esperientzia horiek, normalean, sarbidea dute ardatz, adiera tradizional eta ilustratuenean (prestazioan du erroa, eta ondarearekin, jaialdiarekin, ekitaldiarekin eta turismoarekin du lotura). Landartek emaitzak lortu nahi ditu, baina garrantzitsua da prozesuaren eta zaintzaren garrantzia azpimarratzea”.

 

Era berean, programaren bidez, “komunitateen autonomia eta haien erabakitzeko gaitasuna zabaltzen dituen kultur ekintza bat sustatzen da, benetako elkarrizketa eta lurraldearekin, kultur ondare ez-materialarekin, bizimoduaren transmisioarekin, imajinario kolektiboarekin eta abarrekin harreman zuzen eta intimoa ezartzen dituena”.

 

Azkenik, Garcíak gogorarazi duenez, “programaren ahalmenenarekin bat betiere, kultura-sektorea profesionalizatzen lagundu nahi da, eta sektoreak bere begirada landa-ingurunera egokitzen ere; hau da, sorkuntza-prozesuek biztanleen ahotsa jaso, enpatiatik abiatuta, beren ezagutzak balioetsi eta beren ekintza-gaitasuna kultura-proiektu batean mobilizatu nahi dute”.

 

Bestalde, Anne Ibáñezek eta Marc Badalek Landarteren edizio honetan parte hartuko duten herri eta artisten berri eman dute.

 

 

Landarte 2022ko taldea

 

Landarte 2022k bitartekari-talde bat du, zeregin hauek dituena: parte-hartzaile guztiak (herriak, artistak eta erakundeak) koordinatzea, bertako biztanleak dinamizatzea, sortzaileei komunitatearekiko eta ingurunearekiko loturan laguntzea, eta artistak proiektu koherentetan identifikatu eta aholkatzea.

 

Gainera, programak dokumentazio- eta komunikazio-talde bat du lan-prozesuak erregistratzeko. Material grafikoak eta ikus-entzunezkoak ere sortuko dira, webgunearen, blogaren eta sare sozialen bidez zabalduko direnak.

 

Landartek, azken edizioetan bezala, tokiko biztanleek proiektuaren garapen osoan parte hartzea bultzatu nahi du, modu kolektibo eta horizontalean, edukiak eta diskurtsoa sortzeko. Aukera bat izan nahi du programa honek, Nafarroako landa-komunitateek beraiek nahi duten landa-munduaren ereduari eta praktikei (sozialak, kulturalak eta ekonomikoak) buruzko funtsezko gaiak azter ditzaten. Hori lortzeko, hautatutako herrietan lan egingo dute sortzaileek, elkarri eraginez, bertako jendea eta diskurtsoak mapeatuz, tokiko komunitatearen interesak eta beharrak jasoko dituzten proiektuak lankidetzan garatzeko”.