ALETXA ETA MIKEL – 5

Arrats apalean udaberriko eguzki gorrantzak zeharka argitutako kostaldeko apartamendu aberatseko egon gelan, itxuraz kezkatu sartu zen Mikel.

– Arratsalde on Aletxa! Ongi zaude? Ni, leher egina nauzu! Zer sapa egiten duen! Eta horrez gain maskekin! Zeren eta kutsadura saihesteko bulegoko airearen girotzea gelditua zen eta leihoak zabalik.

– Arratsalde on Mikel gaixoa! Nik baietz ikusten dut zure atorra bustia! Baita zure izerdia ere usaintzen dut! Zer eguna iragan behar duzun! Zure bezeroak topatu ote dituzu, horrelako izerdi lapetan edo lankideak bakarrik?

– Izan ere Aletxa, beharrik kanpoko hitzordurik ez nuen gaur. Baina lankideak, zer akigarriak izan dira bakar batzuk! Bizpahiru baizik ez dira, horrelako jarreran. Baina pisuak baino pisuagoak dira. Zernahi esalditan erabiltzen den hitz normala “pisu”-arekin ordezkatzen dute, pisu gehiegi dudala jakinen ez banu bezala! Jazarpena deitzen da, hori!

– Baina zer erran nahi duzu, Mikel? Ez zaitut ongi ulertzen. Adibide bat?

– Bai Aletxa. Adibidez esaldi normala izanen litzateke: “Gure Mutrikuko bezero A edo B garrantzi handikoa zaigu, dakizuen bezala!”. Horren ordez, erranen lukete: “Gure Mutrikuko bezero A edo B PISU handikoa zaigu, dakizuen bezala!”, pisu hitza tu eginen balute bezala ahoskatuz. Eta horrela egunean hogei aldiz! Gutxienez!

– Lasai Mikel, lasai. Laster ez duzu horrelakorik gehiago entzunen. Sinets nazazu. Apustu egiten dut gizonezkoak direla bizpahiru hauek, zakur saldo txikia, ezta? “Gustatzen Zaidana” elikadura programaren ondorioekin harrituko dituzu, zuk, baita zure burua ere.

– Milesker sustenguagatik Aletxa! Baita arrazoi ere duzu. Gizonezkoak dira. Zorionez emakumeak ulerkorragoak dira enpresa honetan. Horregatik emakumezko lankide bati galdetu nion non mutxikoak ikas nitzakeen. Nire pisuari buruz oharrik gabe bat-batean eman zidan elkarte baten xehetasun guztiak laster hasteko. Halere ikasturteak hasten dira udazkenarekin, ez oraintxe udaberrian. Baikorki pentsatuz, denbora pixka bat uzten dit ibilaldiak egiteko eta, zergatik ez, lasterka ere emeki emeki!

– Bon! Bon! Mikel, norabide onean zara! Eta ez ahantzi “Gustatzen Zaidana”-ren barnean kirol zapatak dituzula. Eta orain ea dutxa hartuko duzun? Aski zait izerdi usain hau!

Hamar minutu berantago, bainugelatik atera zen Mikel, erne eta trenpuan, desodorante hodeitxoan, afaltzeko prest. Bainuekiko garagardoarekin denborarik galdu gabe, bainugelako gizonezkoekin ezta ere, egon gelan bere oldarrean kolpez gelditu zen, tximistak burmuina zeharkatu izana zuen bezala.

– A Aletxa! Mutxikoei buruz aipatu dizudan emakume horrek galdetu zidan ea euskalduna nintzen. Bistan da nik ezetz erantzun niola, duela gutxi etorria nintzenetik buru-belarri lanean murgildua nintzela, egunero eskuin eta ezker bulego eta bezeroen artean. Zer diozu?

– Ba Mikel, galdera ona zuen zure lankideak. Beti ideia ona da lan egiten duzun lurraldearen hizkuntzaz ikastea, ahal duzun neurrian. Ez dakizuke kaltegarria izan. Zure tokiko lankide eta bezeroak hobe ulertzeko baita hemengoekin harremanetan sartzeko ere, ziur aski abantaila da! Deitzen dituzun Dublineko brililiak horretan dira egunero, ez hizkuntza batez baina Europako nagusi guztiez!

– E, Aletxa! Euskal kurtsoak ote dira, “Gustatzen Zaidana”-ren tratuan, burmuinari kirola eragiteko? Zeren eta lankideek biziki ikasteko hizkuntza zaila dela erraten didate, kafe makinaren inguruko elkarrizketetan!

– Ez Mikel! Mutxikoetarako bezala datorren gau eskolen ikasturtea itxoin behar duzu. Eta orain afalduko ote duzu, zure afaria hozten has dadin baino lehen?

Afaldu eta gero, platerak garbigailuan sarturik, sukaldetik egongelara lau urratsez sofa lortu zuen Mikelek eta eseri, telebistaren aurrean egungo berriak ikus-entzuteko prest.

Usaian baino aurpegi kezkatuago zuen aurkezleak. Ahots irmo eta serios-seriosez mintzatzen hasi zen.

– Teleikusle maiteak, gaur gauean larritasunik handienean dago gure demokrazia. Azken asteetan hainbat diputatu erasoak izateaz gain, gaur eguerdian gure errepublikako lehendakaria bahitua izan da. Segurtasun zerbitzu guztiak, polizia eta jendarmeriak osoki mobilizatuak dira estatuburua askatzeko. Lehendakariaren aprendizgo zentro baten bisitaren karietara, talde armatu ezezagun handi batek eraso du lehendakariaren han zegoen segurtasun indarra, hainbat polizia eta jendarme zauritzen eta hiltzen ere, bukaeran lehendakariarekin helikopteroz ihes eginez. Horrelako baldintzetan zaila dela egunkari normalaren emankizuna ulertuko duzuela espero dugu. Lehendakariaren askatzeko informazio baliagarria baduzue otoi deitu 197. Aurrez milesker zuen ulerkortasunagatik.

Zur eta lur gelditu zen Mikel, zer egin jakinik gabe.

2022/01/31

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (74. zenbakian)