EVANGELOS CHRYSOSEN HITZAK (2003): BULGARIARRAK

VII. mendean jatorria Asian duten zenbait triburen berri dugu, Errusiaren hegoaldean agertu zirenak eta izen generikoa bulgariar zutenak.

Konstantino IV.aren erreinaldian, nazio horretako talde batzuk, Asparukh kanak gidatuta, Danubioren beste aldeko lurretara iritsi ziren, hura gurutzatuta Traziako diozesiaren iparraldeko probintzietan finkatzeko asmotan.

681ean, enperadorea saiatu zen haiek botatzen, baina garaitu egin zuten, eta bake hitzarmen bat egin beharrean izan zen haiek bizantziar lurretan ametitzeko, Danubioren hegoaldean eta Emo mendien iparraldean.

Bulgariarrek erraz menderatu zituzten han lehendik finkatuta zeuden eslabiar taldeak, eta, Bizantziok urtero emandako zergei esker, errotu eta estatu bat eratzea lortu zuten, zeinak inperioaren etorkizunean rol erabakigarria hartu baitzuen.