ALETXA ETA MIKEL – 6

 

 

Udaberriko gau bero-beroan, hegoak airea arnastezina eginez, telebista pantailak baizik ez argitutako kostaldeko apartamendu aberatseko egon gelan, begiak itxi zituen Mikelek. Sinestezina zen, entzunezina zen ikusi eta entzun berri zuena.

Baietz kolegioan edo lizeoan historia kurtsoetan De Gaulle lehendakari ohi doi-doietarik atentatu entsegu batetik bizirik eskapatu zela ikasia zuen aspaldian. Baietz berrietan entzuna zuen eskuin muturrekoek lehendakariaren argazkiaren kontra tiroka entrenatzen zirela. Baietz entzuna zuen ere duela gutxi gizon talde txiki bat atxilotua zutela lehendakariaren kontrako atentatu baten prestaketagatik. Baina demokrazia bateko lehendakariaren egiazko garbitzea, garatzen ari diren herrietan edo Ameriketako Estatu Batuetan baizik ez zela gertatzen, pentsatzen zuen, John Fitzgerald Kennedy 1963an hil zenean bezala. 1974an ere bi aldiz -hiru asteren barne!- Gerald Ford eskapatu zen emakumeen tiroketetatik. Ildo berean Ronald Reaganek duela berrogei urte bala bat birikan jasoa zuen.

– Aletxa, Aletxa! Hori entzun ote duzu? —biziki ahots kezkatuaz, ez errateko ikaratuaz, galdetu zuen Mikelek— baina zer munduan bizi gara?

– Bai Mikel eta erraten ahal dizut sare ez-sozialetan trafikoa ehun aldiz bat-batean handitu dela. Eskuin muturrekoek alairik handienetan gertakaria ospatzen dute, ordezkatze handia horrela oztopatuko dutela erranez. Esker muturrekoek konstituzioaren berridazteko aukera izanen dela eta hainbat gaizto lehendakariarentzat!

– Zorionez Aletxa sare ez-sozial hauetan guztietan ez nauzu sartua. Ezin nuke hori guztia pairatu! Baina Aletxa, barkatu, entzun zaitut sare ez-sozialak aipatzen? Edo gaizki entzun dut? Sare hauek zu eta Dublinekoen izateko arrazoia badira, ezta?

– Bai Mikel! Hori gutxienez ulertu duzu. Baina neurri batean, sareek haien sortzaileen eskuetatik ihes egiten dute. Eta merkataritzaren aldetik horrelako egoeretan, kontra-produktiboak izan daitezke. Eta trollek ospatzen dute! Eta mendebaldekoen kontrakoek alaitzen, kantatzen, haien plazera oihukatzen!

– Bon, bon, Aletxa! Aski! Ulertu dut orain. Bada lehendakaria laster ez badute aurkitzen, trenpu onean ere, Senatuaren lehendakariak lekua hartuko du datorren hauteskunde arte. Eta herriak bere bizitza jarraituko du. Eta bihar, egun gorriro bezala, lanera! Espero dudana da hegoa ufatzetik geldituko duela. Bihar ikusteko bezero zerrenda luzea badut. Gau on Aletxa, bihar arte!

Mikelek telebistaren soinua itzali zuen. Dena den ez zen ezer entzuteko. Mugikorra piztu zuen, interneten bidez egoera segitzeko itxaropenarekin. Eta bai, berrien webguneetan irakurtzen ahal zuen baino askoz gehiago bazegoen. Hauteskunde kanpainako hautagai guziek haien iritziak entzun nahi zutenei ematen zizkioten.

Batzuek estatuaren armadak bahiketan parte hartua zuela segurtzat kontsideratzen zuten. Beste erakunderik ez zen gai horrelako bahiketa baten antolatzeko. Eta gero horrela desagertzeko. Eta etsenplua emana zuten azken asteetan hainbat Afrikako herrik. Eta duela gutxi armadako jeneral erretretatu batzuk eskuin muturreko alderdietan sartuak zirela.

Batzuek aspalditik kukutuan herrian bizi ziren spetsnazek kolpea antolatua zutela Alderdi Komunistaren hautagai laguntzeko —gaixoak iritzi ikerketan bozketa intentziorik gutxi-gutxi zituelako— irmoki pentsatzen zuten.

Batzuk dena komedia handia zela lehendakariaren lehen ministro ohia bere burua aurkezteko aukera emateko —hark konfiantza ikerketetan maitatuena zelako— zin egiteko prest zeuden.

Azken finean, Mikel teoria hauen guztien irakurtzeaz biziki aspertzen zelako —afera honetan zer egin zezakeen gisa guziez?— bilatze leihoan sartu zuen “mutxiko” hitza. Bere harridura handiaz, hainbat plazetan biribiletan dantzatzen ziren jendeak ikusi zituen bideo laburretan.

Zirudienez saioak antolatuak ziren euskal dantzak dantzatzeko herriko plazetan eta hainbat bideotan xehetasunak emanak zizkion emakumezko lankidea ezagutu zuen. Lirain eta xarmagarri dantzatzen zituen dantza guztiak. Zein atsegina izanen litzateke harekin dantzatzea, pentsatu zuen Mikelek. Bistan da, lehenbailehen ikasi beharko luke! Ikasteari ekinen zion helburu argiarekin, gutxienez, motibazio handiarekin.

Mikel gehien hipnotizatzen zuena zen Larrain dantza. Aski konplikatua iruditzen zitzaion baina bukaeran belaunikatzea, a zer ederra! Egunen batean hura ere lankidearen aurrean belaunikatuko zuen. Baina berehala, itxoinik gabe, belaunikatze hori egin zezakeen, ezta?

Bat-batean Mikelek sofan izerdi lapetan jauzi bat egin zuen eta iratzarri. Egunsentiaren lehen izpiak asmatzen ziren egon gelaren leiho ateen gibelean. Telebistaren soinua itzalia zen baina haurrentzako goizeko marrazki bizidunak ikusten ziren. Segidan zazpietako berriak agertu ziren, beti bezalakoak, betiko aurkezlearekin, betiko irribarrearekin ezpainetan eta bezperako iritzi ikerketen ondorioekin, betiko lehendakariaren abantzuarekin, larritasun egoerarik gabe.

– Aletxa, izugarrizko ametsa egin dut gau osoan! Ezinen nauzu sinetsi! Errepublikako lehendakaria bahitua izana zen eta Larrain dantza azken jauzia egin dut!  Sinestezina, ezta?

 

2022/02/03

“Maiatz” aldizkarian argitaratuta (74. zenbakian)