ANAS AL-RAHAMNEH

Anas Al-Rahamneh NUPeko Arrosadiko campusean

Mugikortasun adimendunari aplikatutako datu-iturri heterogeneoak integratzeko software plataforma bat garatu du doktoretza-tesian

Anas Al-Rahamnehek NUPen egin du hiri adimendunekin loturiko bere ikerketa, eta Iruñeko mugikortasun datuak hartu ditu kontuan

Anas Al-Rahamnehek doktoretza-tesia irakurri berri du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hartan, software plataforma bat garatu du sentsoreetatik eta beste informazio iturri batzuetatik datozen hiri-datuak eskuratzeko eta integratzeko, hiriak jasangarriagoak eta eraginkorragoak egiteko xedez. Hiri plataforma horrek integratzen duen informazioa gobernuek, gobernu agentziek eta udalerriek emandako datu irekietatik dator, baita hiriak berak dituen ingurumen sentsoreen sareetatik ere. Plataformak modu automatizatuan hartzen ditu datuak, gero datu horien bista agregatu eta adimendunak ematen ditu, eta, azkenik, informazio eta ezagutza bihurtzen ditu, agintariek datu horiek erabiltzeko modua izan dezaten mugikortasun adimendunari euskarri emateko.

Azaldu duenez, hiri adimendunek informazio digitala sortzeko duten gaitasuna esponentzialki handitu da, “baina informazio hori heterogeneoa eta masiboa da, iturri desberdinetatik jasoa eta formatu desberdinetan sortua, eta, kasu gehienetan, ez dago egituratua; ondorioz, zaila da datuetatik ezagutza baliotsua ateratzea”. Hori dela-eta, bere ikerketan lan egin du modua izateko “datu heterogeneoen multzoak maneiatzeko, eta, informazio eta analisi tresnak erabilita, plataforma oso batean integratzeko”.

Doktoretza-tesiak “Enabling Intelligent and Interactive Immersion in Smart Environments” (Ingurune adimendunetan murgiltze adimendun eta interaktiboa gaitzea) du izena, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du. José Javier Astrain Escola Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakaslea eta Francisco Falcone Lanas Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoaren eta Komunikazio Ingeniaritzaren Saileko katedraduna izan dira tesiaren zuzendariak (NUPekoak dira biak).

Hiri mugikortasuna

Al-Rahamnehek informazio mailak hartu ditu kontuan plataforma garatzerakoan, hala nola pertzepzioa, detekzioa, datuen kudeaketa, prozesamendua eta bistaratzea.

Software integraleko plataforma batek —azaldu du Anas Al-Rahamnehek— zenbait zerbitzu eman litzake, hala nola aplikazioen garapena erraztu, datu iturri heterogeneoak integratu edo hiri adimendunen aplikazio sofistikatuak eraikitzeko beharrezko hedapena eta kudeaketa egin”.

Plataformaren eraginkortasuna aztertzeko, hiru erabilera-kasu analizatu ziren, Iruñean ezarri zirenak plataformarekin loturiko zerbitzu bertikal gisa: hiri mugikortasun adimenduna, txirrindulen manipulazioa, txirrindulen arteko komunikazioa eta ibilgailuen sarbide mugatuko eremuak kontrolatzeko sistema. “Laburbilduz — esan du tesiaren egileak —, lan honek balio izan digu irismen luzeko haririk gabeko komunikazio teknologiak ebaluatzeko, baita teknologia horiek hiri-ingurunean ezartzeko modua aztertzeko ere”.

CV laburra

Anas Al-Rahamnehek NUPeko Bioingeniaritzako eta Komunikazioen eta Energia Berriztagarrien Teknologietako programan egin du doktoretza (TECOMBER), eta NUPeko Smart Cities Institutuarekin du lotura (ISC), prestakuntzaldiko ikertzaile moduan. Lehenago, Softwarea Garatzeko Master titulua lortu zuen Granadako Unibertsitateko Graduondoko Nazioarteko Eskolan (2013), eta, doktoretza-tesia egiten ari zen bitartean, ikerketa-egonaldi bat egin zuen Melbourneko CSIRO ikerketa-institutuan (Australia). Hauek dira ikerketaren arloan gaur egun dituen interesak: hiri adimendunaren barneko mugikortasun adimenduna, Gauzen Internetaren elkarreragingarritasuna eta semantika.