TOPAKETAK BIONORTH: VII. EDIZIOA

 

NUPeko ikasleen elkarte bat, NavBiotec, Nafarroa Garaiko ahalmen bioteknologikoa aurkezteko kongresu baten antolatzaileen artean

Topaketak BioNorth du izena, azaroaren 12an eginen da Civicanen, eta 150 lagun inguru bilduko ditu, bai ikasleak eta bai gazte profesionalak

 

Nafarroako Bioteknologoen Elkartea (NavBiotec) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikasleen elkarte bat da, eta Bioteknologiari buruzko espainiar estatuko Federazioarekin (FEBiotec) eta Nafarroako Enpresen eta Berrikuntzaren Europar Zentroarekin (CEIN) lankidetzan, BioNorth kongresuaren 7. edizioa antolatu du. Topaketa hori urtero egiten da, espainiar estatuko iparraldeko Bioteknologiako ikasleak biltzeko, eta haren kolaboratzaile da NUP. 150 bat lagun bilduko ditu, bai ikasleak eta bai gazte profesionalak, Nafarroako Kutxa Fundazioaren kultur etxean, Civicanen, zenbait gairi buruzko hitzaldi zientifikoak entzuteko, hala nola medikuntza birsortzaileari, “biohacking” delakoari eta neurozientzia konputazionalari buruzkoak, bai eta zenbait solasaldi ere, sektore horretako enpresak nola sortu edo produktu biotekonologikoak nola merkaturatu aztergai izanen dutenak. Kongresu hori Foru Komunitateak sektore horretan duen ahalmena ezagutzera emateko aukera bat da.

“Nafarroa intentsitate enpresarial bioteknologiko altuena duen autonomia-erkidegoa da espainiar estatuan; izan ere, 1,16 konpainia ditu 1.000 enpresako. Euskal Autonomia Erkidegoa da hurrengoa, 0,8 konpainiarekin, eta gero Katalunia, 0,64rekin —adierazi du Álex Pascual Cidek, NavBioteceko lehendakari eta Bioteknologiako graduatu berriak (NUP), zeina Medikuntza Berritzaileko Unibertsitate Masterra egiten hasi baita Groningako Unibertsitatean (Herbehereak)—. Hori dela-eta, kongresuaren helburua da Foru Komunitateak duen ahalmen bioteknologikoa aurkeztea Nafarroa Garaitik nahiz Galiziatik, Asturiastik, Gaztela eta Leondik, Euskal Autonomia Erkidegotik, Aragoitik eta Kataluniatik etorriko diren ikasleei eta gazte profesionalei”.

 

Gaurko bioteknologia eta etorkizunean izanen duen eragina

NavBioteceko arduradun gorenaren hitzetan, “gaur egun Foru Komunitatean garatzen ari diren berrikuntza bioteknologikoko arlo estrategikoak eta arlo horiek Nafarroako etorkizuneko gizartean izanen duten eragina” izanen dira kongresuko hitzaldien aztergaiak. “Hitzaldi guztiek ikuspegi dibulgatiboa izanen dute, eta oreka mantenduko dugu hitzaldi akademikoen eta enpresarialen artean. Ikertzaile gailenak gonbidatu ditugu, bai eta Nafarroa Garaiko enpresa bioteknologiko handiak eta ahalmen berritzaile nabarmena duten start-up berriak ere”, esan du Álex Pascualek.

Hizlarien artean, NUPeko zenbait ikertzaile daude, besteak beste Javier Blázquez Ruiz (Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko Asistentziaren Etikako Batzordeko burua), Humberto Bustince Sola (ISC Smart Cities Institutuko Adimen Artifizialeko eta Arrazoinamendu Hurbilduko ikerketa-taldearen arduraduna), Esther González García (NUPeko Biologia Sintetikoaren Katedrako zuzendaria), Iñigo Lasa Uzcudun (Navarrabiomedeko lehenagoko zuzendaria), Carlos López Molina (NIBGMET Nekazaritzako Ingeniaritzako eta Biozientzietako Goi Mailako Eskola Teknikoko zuzendariorde eta bertako Datuen Zientziako Graduaren arduraduna) eta Gerardo Pisabarro de Lucas (IMAB Biologia Aplikatuko Diziplina Anitzeko Ikerketarako Institutuko zuzendaria).

 

Kongresuaren antolatzaileak

Kongresuaren antolaketan, Nafarroako Bioteknologoen Elkarteko (NavBiotec) kide hauek hartu dute parte: Álex Pascual Cid (lehendakaria), Javier Coque Rubio (lehendakariordea), Mario Santafé Méndez (idazkaria), Itziar Toquero Iriarte (diruzaina eta Telekomunikazio Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko Gradu Bikoitzeko ikaslea), Daniel Palacios Alonso (idazkariordea eta Bioteknologiako graduduna), Hugo Salas Pedroarena (Prestakuntzaren eta Enpleguaren arloko kidea eta Bioteknologiako graduduna), Irene Gil Lobo (Komunikazioaren eta Dibulgazioaren arloko kidea eta Bioteknologiako ikaslea), Alba Jordán Álvarez (Komunikazioaren eta Dibulgazioaren arloko kideordea eta Bioteknologiako ikaslea), Miguel Gómez Borobia (Finantzaketaren arloko kidea eta Bioteknologiako ikaslea), Maialen Crespo Rodríguez (Prestakuntzaren arloko kideordea eta Bioteknologiako ikaslea), Idoia Artoleta Arrizabalaga (Enpleguaren arloko kideordea eta Bioteknologiako graduduna) eta Javier Zabalegui Bayona (bazkide boluntarioa eta Bioteknologiako ikaslea).

 

Argazkia:

Kongresuaren antolaketan parte hartu duten NavBiotec elkarteko zenbait kide.